Txinaren hazkundea %3,9ra heldu da, baina gobernuak nahi duenaren azpitik dago

Burtsek jaitsierarekin hartua dute datua, nahiz eta adituek espero baino handiagoa izan. Industria sendo dabil, baina eraikuntza krisi betean sartu da

Xi Jinping Txinako presidentearen irudia, Hong Kongeko kale bateko pantaila erraldoi batean. JEROME FAVRE / EFE.
Iker Aranburu.
2022ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Espektatiben gainetik baina iragarpen ofizialen azpitik. Hala hazi da Txinako ekonomia azken urtean. %3,9ko hazkundea gutxi ala asko den aztertzeko orduan zatiketa dago analisten artean, baina merkatuek eman duten beren lehen iritzia: yuan diruak indarra galdu du, eta burtsak jaitsi egin dira. Su festarik ez, beraz, Xi Jinpingen hirugarren agintaldia estreinatzeko.

Txinako estatistiken sinesgarritasuna auzitan jartzea ohikoa da, eta, oraingoan, ez du lagundu estatistika bulegoak hilaren 18an eman beharreko datuak atzo kaleratu izana. Azalpen gisa, bi aipatu dira: Alderdi Komunistaren kongresuari itzala egin nahi ez izatea eta datuen agiriak sinatu behar zituztenak COVID-19aren burbuila batean egotea kongresuan parte hartu behar zutelako.

Edonola ere, datu nagusiak iritsi dira, eta gainditu egin dituzte analisten iragarpenak, %3,3 eta %3,4 arteko hazkundea espero baitzuten. Baina hirugarrenhiruhileko datua urrun geratu da Txinako Gobernuak aurtengoespero duen %5,5eko hazkundetik. Gainera, kontuan hartu behar da Pekinen iragarpena 1990az geroztik txikiena dela, COVID-19aren pandemiak 2020aneragindako geldotzea kontuan hartu gabe —urte hartan %2 hazi zen—.

Hain zuzen ere, pandemia oraindik faktore garrantzitsu bat da Txinaren jarduera ekonomikoan, COVID zeroren politika baliatzen duelako Pekinek, eta hiri eta eskualde osoak ixten dituelako kasu gutxi batzuk agertuz gero. Shanghai hiriburu ekonomikoa, esaterako, bi hilabetez egon zen itxita udaberrian. Horren ondorioz batez ere, bigarren hiruhilekoan %0,4 baizik ez zen hazi BPGa.

Itxialdi zorrotz horien aurkako haserrea badagoela erakusten dute sare sozialetako irudiek, eta ekonomian eragin handia dute, kontsumoaren hazkundea apaltzen dutelako. Irailean, %2,5 hazi da, espero zen baino 0,8 puntu gutxiago.

Hori ez da berri ona alderdi komunistarentzat, herrialdearen eredu ekonomikoa aldatu nahian dabilelako; industria produktuen esportazioan eta eraikuntza masiboan oinarritutako eredu batetik, bere herritarren kontsumoan eta sektore estrategikoen garapenean oinarritutako ekonomia batera igaro nahi du, baina datuek erakusten dute prozesu hori ez dela berehalakoan amaituko.

Hain zuzen ere, industria da ongien eusten ari den sektorea (+%6,3), hornidura katean azaldutako arazoak leundu egin direlako. Esportazioak ere asko handitu dira —%10,7—, baina kopuru horri buruzko susmoak badaude, Txinatik EBra eta AEBetara kontainerrak bidaltzeko prezioak beheraka ari dira oraindik, eskari txikiagoaren ondorioz.

Eraikuntzaren ajeak

Burumakur dabil oraindik ere eraikuntza, eta hori izan da azken hamarkadan Txinaren hazkundearen zutabe nagusia, ekonomiaren %25 ordezkatzeraino. Dozenaka milioi etxe eraiki dira,aireportuak, errepideak, trenbideak, merkataritza zentroak...Txinan eraikuntzari lotutako burbuila edonoiz leher zitekeela iragarri duten guztiek huts egin dute orain arte, baina egia da kezkatzeko arrazoiak badaudela: sektorea uzkurtu egin da azken urte eta erdian, etxebizitza berrien salmenta %38 gutxitu da, eraikuntza enpresa asko likideziarik gabe daude hasitako proiektuak bukatu ahal izateko, ehunka mila herritar protestan ari dira erdi ordainduak dituzten etxebizitzak eskuratzerik ez dutelako... Arazo horiek finantza sektorera mugitzeko arriskua handia da.

Epe luzean, zer?

Luze gabe, konfinamenduek moteldu egingo dute Txinaren hazkundea, ez baita espero Xik orain bidea aldatzea. Luzeagora begira ere, alderdiak berak onartu du bi digituko hazkundea ez dela itzuliko, Txina beste egoera batean dagoelako 1980ko hamarkadaren hasitako hazkunde ikusgarriari esker. Txina ez da jada herrialde pobre bat; diru sarrera ertaineko herrialde bat bilakatu da, eta Xiren helburua da hurrengo hamarkadan herrialde aberatsen mailara iristea.

Espektatibak hausteko gai izan da orain arte Txina, baina ez du erronka makala. Urtero %5eko hazkundea beharko luke, baina, horretarako, galga batzuk ditu:biztanleria aktiboa gutxitzen ari da, zor handia dauka —BPGaren %275, sektore publikoa eta pribatua batuz gero—, eta produktibitatearen hazkundea moteltzen ari da, inbertsioaren zati handi bat produktiboa ez den eraikuntzan egin delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.