Zumarragako ArcelorMitallentzat berandu iritsi da, eta Sestaoko ACBrentzat ere berandu ematen du. Eusko Jaurlaritzako Garapenen Ekonomikoko sailburu Arantza Tapiak sarri asko eskatu zuen orain hilabete batzuk Europako Batzordeak atzo jakinarazitakoa: Txinako eta Errusiako altzairutegiek egiten duten dumping-aren aurkako neurriak hartu ditu Europako Batasunak. Txinatik datozen hainbat altzairu produktuk, hotzezko altzairu xaflak adibidez, %19,7 eta %22 arteko zerga bereziak ordaindu beharko dituzte EBko herrialdeen merkatuan. Errusiakoek %18,7 eta %36,1 arteko zergak pagatuko dituzte.
Zazpi Industria ministrok bidalitako gutunak mugiarazi zuen Batzordea aurreko otsailean. Altzairuaren sektorearen krisia konpontzeko neurriak lehenbailehen hartzeko eskatu zioten Bruselari, gutun bidez, Alemania, Belgika, Erresuma Batua, Frantzia, Italia, Luxenburgo eta Poloniako ministroek. «Jarrera pasiboan» ez jarraitzeko eskatu zuten Txinak altzairugintzaren merkatua hausten ari zela eta. Ekoizpen kostuak baino merkeago saltzen du Txinak altzairua Europara.
Azkar erreakzionatzeko eskatu zioten Batzordeari otsailean, «praktika desleialek Europako altzairugintzari kalte konponezinak eragin baino lehen». Baina Euskal Herriaren kasuan, kalteak begien bistakoak dira. Espainia ez zegoen Europan sektorearen alde presio egin zuten gobernuen artean. Arantza Tapiak Jose Manuel Soria Espainiako ministroari eskatu zion bere lekua lagatzekoBruselan Industria ministroek altzairugintzaz egin behar zuten bileran. Lakuak ez zuen ikusi fundamentu nahikoa Espainiako jarduneko gobernuan.
Lehiakortasuna kaltetu
Mina Andreeva Batzordeko bozeramaileak atzo azaldu zuen neurri berriek atzerako eragina izango dutela; otsailaren 12an jarrizizkieten produktu horiei behin-behineko zerga bereziak, eta bi hilabete atzerago joango da muga, 2015eko abendura arte. Hotzezko altzairu xaflak, autogintzarako eta etxetresnentzako produktuak eta eraikuntzarako altzairuak zergapetu dituzte. Altzairuaren inguruko ikerketa 2015eko maiatzean hasi zuen Batzordeak, eta otsailean %13,8 eta %16 arteko behin-behineko zergak jarri zituen Txinarentzat. %19,8 eta %26,2 artekoak izan ziren Errusiarentzat. Orain, gehiago zergapetu ditu produktuak, eta bost urterako indarraldia eman die neurri horiei.
Txinak ez du ongi hartu EBren mugimendua, nahiz eta ez den inolako ezusterik izan. «Nazioarteko merkataritzari kalte egingo dio», esan du Pekinek. Are gehiago, Europako Batasunean altzairuzko produktu horien salneurriek gora egingo dutela aurreikusi du Asiako erraldoiak, eta horrek «Europako industriaren lehiakortasunari kalte egingo diola». Pekinek dio Europa merkatuaren «protekzionismoaren aldeko keinuetan ari da etengabe, bere konpromisoak ahaztuta».
Txinaren eta Errusiaren altzairuaren aurkako arantzelak ezarri ditu EBk
'Dumping'-aren aurkako neurriak bost urterako dira, eta atzerako eragina dute. Txinak esan du kalte egingo diola merkataritzari

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu