Txinako hiru enpresak 150 milioi euro inbertituko dituzte Muga meatokiaren proiektuan

Meategiaren lehen fasea finantzatzeko 200 milioi euro lortzea espero du Geoalcali enpresak. Nafarroako Gobernuak akordioa babestu du, 800 lanpostu sortuko dituela nabarmenduta.

Yankuang, Beijing eta Taizhong enpresetako arduradunak eta Geoalcaliko kontseilari ordezkari Ignacio Salazar
Yankuang, Beijing eta Taizhong enpresetako arduradunak eta Geoalcaliko kontseilari ordezkari Ignacio Salazar. GEOALCALI
joxerra senar
2024ko irailaren 27a
05:00
Entzun

Aste honetan bultzada handia jaso du Muga meategiak. Proiektuaren egileak, Geoalcali enpresak, akordioa lortu du Txinako hiru enpresarekin, eta orotara 150 milioi euro inbertituko dituzte Mugaren proiektua garatzeko. Meategi horretan nekazaritzako ongarria ekoizteko potasa ustiatu nahi dute, eta Geoalcalik uste du mundu mailako eragile bihurtuko dela akordioari esker. Nafarroako Gobernuak txalotu egin du hitzarmena, 800 enplegu sortzea espero baitu.

Hemendik aurrera, hiru konpainia txinatarrek —Yankuang Energy, Beijing Energy eta Taizhong— zeresan handia izango dute. Pozik azaldu da akordioarekin Ignacio Salazar Geoalcaliko kontseilari ordezkaria: «Emaitza bikaina lortu dugu, honek modua emango digulako Muga eraikitzeko eta nazioartera begirako konpainia bihurtuko gaituelako, handitzeko perspektiba handiarekin. Harro gaude gai izan garelako izen oneko eta tamaina handiko erakundeekin akordio bat egiteko», esan du asteon, akordioa sinatu ostean.

«Emaitza bikaina lortu dugu, honek modua emango digulako Muga eraikitzeko eta nazioartera begirako konpainia bihurtuko gaituelako». 

IGNACIO SALAZARGeoalcaliko kontseilari ordezkaria

Operazioak bi ertz nagusi ditu. Alde batetik, akzio truke bidez egin da: Geoalcali jaulkitako akzio bakoitzaren truke 30 zentimo euro jarri dituzte hiru enpresek. Hala, Yankuang Energy izango da akziodun nagusi 80 milioi euro inbertituta; Beijing Energyk 45 milioiko ekarpena egingo du; eta, azkenik, Taizhongek, 26 milioikoa —Singapurren du egoitza, baina Txinan jarduten du batez ere—. 

Geoalcali beste inbertitzaile batekin negoziatzen ari da, laugarrena, proiektuarekin bat egin dezan, eta beste 45 milioi euro finantzatu ditzan. Ez dute izenik eman. Horren gainera, inbertitzaile gehiagoren bila dabiltza, orotara 200 milioi eurotik gorako inbertsioa lortzeko asmoz. 

Bestalde, akordioak negozioa eta aktiboak dibertsifikatzeko modua emango dio Geoalcaliri, mugak zeharkatuta. Yankuang Energyk Kanada hego erdialdean duen Southey potasa meategiaren proiektua saldu dio osorik, 250 milioi euroren truke. Ingurumen baimena lortzeko zain dago oraindik. 

Euskal Herria eta Australia

Geoalcali enpresa berezia da. Egoitza nagusia Iruñean du, baina hari finantza arnasa ematen dion kapitala munduaren beste aldetik dator, Australiakoak baitira akziodun nagusiak. Gainera, Sydneyko burtsan kotizatzen du, Highfield Resources deiturarekin. 

Aktibo nagusiak, baina, Euskal Herrian daude. Oraintxe bertan hiru egitasmo nagusi ditu esku artean potasa ustiatzeko, horietako bi Nafarroan. Bata, Undioko kontzejuan, Erreniega mendiaren inguruan. 1996ra arte bertan potasa ustiatu zuten bi meategi enpresek, baina, oraindik ere nahikoa ateratzeko bazuela pentsatuz, jarduerari berrekin zion duela hamar urte.

Meatzeak Nafarroan
 

Bigarrena, Muga meategia, garatzeko dago oraindik. Nafarroa eta Aragoi (Espainia) arteko eremu zabal bat hartzen du, Esako urtegitik hegoaldera. Hirugarren egitasmoa apur bat ekialdeago dago, Cinco Villas eskualdean.

Horrekin guztiarekin, gaur egun zerealen produkzio intentsiboko nekazaritzak behar izaten duen ongarria ekoizteko ezinbesteko osagaia da potasa. Errusiak eta Ukrainak kontrolatzen dute merkatuaren %30. Hain zuzen ere, duela bi urte hasitako gerrak esportazioak eten zituenez, prezioak igoarazi zituen, inflazioari hauspoa emanez.

Nafarroako Gobernua, pozik

Ikuspegi estrategiko horri erreparatu nahi izan dio Nafarroako Gobernuak, eta gaineratu du meategiak 800 lanpostu sortuko dituela. Alta, operazioaren azken hitza Espainiako Gobernuak izango du. Nahiz eta potasaren ustiaketa Europako Batasunak bultzatutako autonomia estrategikoaren barruan koka daitekeen, ikusteko dago Madrilek nola hartzen duen egitasmo hori txinatarrek kontrolatzea.

Alta, Nafarroako Gobernuak begi onez hartu du hitzarmena, eta ez du uste Ferrazek eragozpenik jarriko duela. «Txinara egindako azken bisitan, Pedro Sanchezek adierazi zuen Asiako herrialdearekin erlazioak sendotu behar zirela, merkataritza eta inbertsioak zabalduz, batik bat sektore estrategikoetan», goraipatu du Felix Taberna presidenteorde lehenak.

«Txinara egindako azken bisitan, Pedro Sanchezek adierazi zuen Asiako herrialdearekin erlazioak sendotu behar zirela, merkataritza eta inbertsioak zabalduz, batik bat sektore estrategikoetan». 

FELIX TABERNANafarroako Gobernuko presidenteordea

Lana sortuko dela nabarmendu arren, Muga meategiak kezka sortu du Zangozaldean. Hasieratik talde ekologistek gogor kritikatu dute ingurumenari eragingo dion kaltea, eta ohartarazi izan dute Esa urtegiari eragiteko arriskuaz ere. Argudio horiek ez zuten administrazioa konbentzitu, eta 2021eko udan lortu zituen Nafarroako, Aragoiko eta Espainiako gobernuen ustiatzeko baimenak. Alta, gerora Ekologistak Martxan eta Sustrai Eraikuntza auzitara jo dute egitasmoaren aurka.

Hiru urte pasatu dira baimena lortuz geroztik, eta meategia egiteko baliabideen bila aritu da enpresa. Aurten, egitasmoa eraikitzeko bi kontratu nagusiak izenpetu ditu. Meatoki barruko tunelak eta bideak egiteaz Epos Tunelan Espainiako eta Portugalgo kontsortzioa arduratuko da; obra zibila, berriz, Accionak hartuko du. Orotara 450 milioi behar dituela kalkulatzen du, eta iragarri berri duen akordioarekin zati handi bat lortu du. Bestea zor bidez finantzatzea espero du.   

BAZKIDE NAGUSIAK

  • Geoalcali - Highfield. Iruñean du egoitza, baina Australiako burtsan kotizatzen du. EMR Capital Invetments funtsak kontrolatzen du %26. 
  • Yankuang Energy. Mineralak ustiatzeaz gain, arlo kimikoan, logistikoan eta produktu teknologikoetan aritzen da.
  • Beijing Energy. Energiaren arloan aritzen da.
  • Taizhong. Singapurren du egoitza. Merkataritza, energia eta logistika ditu ardatz.
Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.