Txinako autoak iritsi ziren lehenik, eta autoen fabrikak iritsiko dira orain. Txinako ekoizle batek, BYDk, baieztatu du Europako Batasunean fabrika bat jarriko duela, Szeged hirian (Hungaria). Herrialde hartako autogile batek kontinente zaharrean jarriko duen lehen lantegia da, baina oso litekeena da azkena ez izatea, beste ekoizle batzuk ere leku bila ari direlako —Nio, Great Wall Motor...—. Europan ekoitzita egin nahi diote izkin EBk Txinatik inportatutako auto elektrikoei jarri nahi dizkien muga sariei.
1995ean sortu zen BYD, eta hainbat arlotan aritzen da: elektronika, eguzki panelak, bateriak... Baina negozioaren erdia baino gehiago haren ibilgailu elektrikoen adarrak sortzen du. 2022an 1,8 milioi ibilgailu egin zituen, eta aurten aise hautsiko du marka, bere autoak arrakasta handia izaten ari baitira. Urtearen hasieran Tesla gainditu zuen, eta munduan auto elektriko gehien saltzen duen ekoizlea bilakatu da.
Europarako helburu handinahiak ditu: kontinenteko auto elektrikoen merkatuaren %10 lortu nahi du 2030erako. Oraingoz, bost modelo eskaintzen ditu, baina Euskal Herrian oraindik ez du saltegirik.
Hungaria bazkidea
Espainian, Alemanian, Polonian eta Frantzian ere aritu zen BYD fabrika jartzeko leku bila, baina Hungaria hautatu du azkenean. Ez da kasualitatea. Batetik, herrialde horretan badu autobusak egiteko lantegi bat, eta ekoizpen kostuen zati bat (langileen soldatena) apalagoa da han mendebalderago baino.
Baina, bestetik, Viktor Orban Hungariako presidenteak harreman estua garatu du Txinako Gobernuarekin. Hungaria Txinaren Zetaren Bide Berria ekinaldiko kide da, eta horri esker erakarri ditu herrialde hartako inbertsio batzuk. Txinako konpainia bat dago Budapest-Belgrad trenbidea eraikitzen ari direnen artean.