Txinako auto elektrikoek hartu dituzte errepideak

Txinako auto elektrikoek hankaz gora jarri dute sektorea. Adituen ustez, baliteke Europako marka tradizionalen bat desagertzea, eta hori kaltegarria izan daiteke Euskal Herriko automobilgintza sektorearentzat.

Auto elektriko bat, bateria kargatzen. JON URBE / FOKU
Auto elektriko bat, bateria kargatzen. JON URBE / FOKU
Kerman Garralda
2025eko urtarrilaren 12a
05:00
Entzun

Indartsu sartu dira Txinako auto elektrikoak Europako merkatuan. Euskal Herrira ere iritsi dira, eta iaz Txinan ekoitzitako ia 2.000 auto matrikulatu ziren Hegoaldean. Salneurrian dago sekretua, oso prezio lehiakorra dute eta.

Carza taldeko kudeatzaileak, Karlos Arregi Mandiolak, azaldu du eskala ekonomian dagoela gakoa: «Txina mila milioi pertsonako merkatu bat da. Horrek aukera ematen die eskala ekonomiak garatzeko. Kapazak dira bateria eta auto mordoa ekoizteko eta, horri esker, unitate bakoitzeko kostua merkatzen dute». Gainera, bateriek behar dituzten elementuen erreserba erraldoiak ditu Txinak. Esaterako, litio ekoizle handienen artean dago.

Txinako merkatuarekin aski ez, eta azken urteetan atzerriko merkatuetan ere bota dute amua hango konpainiek. Europan, pastelaren zati bat bereganatu dute, eta joerak erakusten du etorkizunean are puska handiagoaren jabe egingo direla. Europako Batasunak fitxa mugitu zuen uztailean: AEBen jokaldia imitatu, eta iragarri zuen aduana zergak ezarriko zituela, baina, Arregiren ustez, ez da aski izango Europako marka tradizionalak salbatzeko. «Marka askok Europan ekoizteko asmoa dute. Adibidez, Chery taldea [Omoda, Jaecoo eta Ebro], Bartzelonan ari da ekoizten. MGk asmoa du Zaragozan [Espainia] lantegi bat irekitzeko. Horrela, izkin egingo diete muga zergei».

Arregik adierazi du «lasai» dagoela fabrikazioko lanpostuei dagokienez. «Agian ez ditugu Volkswagen autoak ekoitziko, baina bai Cheryak. Industria osagarriak beldur handiagoa pizten dit». Azaldu du Euskal Herriko lantegi askok marka tradizionalentzako piezak egiten dituztela, eta galdera bota du, ea Txinako markek hemengo osagarriak erabiliko dituzten edo handik ekarriko dituzten.

2025a, auto elektrikoen urtea

Dena den, auto erabat elektrikoei kostatzen ari zaie abiada hartzea. 2024. urtean Hego Euskal Herrian matrikulatu diren autoen %8 ere ez dira elektrikoak. Herenak gasolinazkoak dira, eta erdiak, hibridoak, batzuk entxufagarriak eta besteak ez.

Sektorean lanean dabilen komertzial batek hausnarketa hau egin du: bezero multzo batek atzean utzi nahi ditu erregai fosilak, baina, elektrikoekin ausartzen ez denez, hibridoa erosten dute. «Erdibideko aukeratzat» jota, esan duenez. Arregik bat egiten du harekin. «Ezjakintasun handia dago auto elektrikoen inguruan».

Arregik kontatu duenez, inor gutxik eskatzen du zuzenean auto elektriko bat. «Gaur egun teknologia pila bat dago, aukera asko, ordaintzeko modu mordoa... Test moduko bat egiten diegu aukera onena zein den ikusteko, eta, askorentzat, elektrikoa da». Hiri barruan mugitzen diren gidariak izan daitezke, edo bidaia laburrak egiten dituztenak, baina, baterien teknologia garatu ahala, geroz eta autonomia handiagoa dute, eta Carza taldeko arduradunak zehaztu du elektrikoak aproposak izan daitezkeela bidaia luzeagoak egiten dituztenentzat ere.

bezeroen soslaia

Karlos Arregi Mandiola Carza taldeko gerenteak aipatu du auto elektrikoa erosten duten gidarien soslaia zabaltzen ari dela. «Duela urte batzuk, teknologiaren zaleek bakarrik erosten zuten, berritzaileak izan nahi zutenek eta punta-puntako teknologia nahi zutenek. Baina, gaur egun, normalizatzen ari da auto elektrikoa». Itxurakeria apur bat badagoela ere aipatu du, bereziki Tesla markaren inguruan, AEBetako marka horrek erakarpen indar handia duelako, autoak «txarragoak eta garestiagoak» izan arren beste konpainia batzuetakoekin alderatuta. Ingurumenarekin kezkatuta dagoen erosleren bat edo beste badagoela zehaztu du, baina gutxiengoa direla. Emisio Gutxiko Eremuen ezarpenak bultzatuta ere jo dute erosleek Carza taldeko kontzesionarioetara.

Arregik esan du bezeroek arlo hauetan izaten dituztela zalantzak, nagusiki: autoaren autonomia, kargatzeko modua eta prezioa. Lasaitasun mezua bidali du. «Geroz eta autonomia handiagoa dute, eta, dagoen eskaintzarekin, behar guztiak asetzeko moduko modeloren bat dago. Gainera, auto elektriko guztiek bidaia planifikatzaile bat dute, eta kontuan izaten ditu kargalekuak. Normalean, auto elektrikoa erosten duenak garajea izaten du, eta kargalekuak instalatzeko erraztasunak daude, garajea batena baino gehiagorena izan arren».

Auto elektriko bat erosteko laguntzak ere badaude. Gainera, Arregik azpimarratu du eskaintza geroz eta handiagoa denez prezio sorta ere geroz eta zabalagoa dela. Gainera, auto elektrikoen alde, zera aipatu du: lehenago amortizatzen direla nahiz eta hasierako inbertsioa handiagoa izan, elektrizitatea gasolina baino merkeagoa baita, eta mantentze kostuak txikiagoak baitira. «Bost bat urteren buruan, merkeagoa da auto elektriko bat gasolinazkoa baino», kalkulatu du.

Are, uste du erregai fosilak behar dituzten autoen prezioak gora egingo duela 2025ean. Izan ere, Europako Batasunak CO2 emisioen mugak zorroztu ditu, eta konpainien batez besteko isuriek orain baino apalagoak izan beharko dute. Isuriak apaltzea ezinezkoa da auto elektrikoen salmenta handitzen ez bada, ordea. Bezeroek auto elektrikoen alde egin dezaten, konbustio motorrak garestitu egingo dituzte, Arregiren ustez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.