Txinak txerrikiarekin erantzungo dio EBri

Ikerketa bat zabaldu du Europako Batasuneko inportazioei buruz. Muga zergak jarriz gero, batez ere Espainiari egingo dio kalte.

Txerri haztegi bat, Alemanian, artxiboko irudi batean. MARKUS HEINE / EFE
Txerri haztegi bat, Alemanian, artxiboko irudi batean. MARKUS HEINE / EFE
Iker Aranburu.
2024ko ekainaren 17a
10:30
Entzun

Txinak ez du asko itxaron Europako Batasunari erantzuteko. Batasunak Txinako auto elektrikoen inportazioari muga zergak ia %50era igo ondoren, Pekinek ikerketa bat zabaldu du EBren txerriki inportazioari buruz. Dumping-a egitea egotzi die Txinako Merkataritza Ministerioak, hau da, soberakina kostuaren azpiko prezioetan Txinara esportatzea eta horrekin Txinako ekoizleei kalte egitea.

Txerrikia da Txinan gehien kontsumitzen den haragia —%50 eta %60 artean—, eta, azken hamarkadetan haren kontsumoa asko handitu denez, bertako industria ez da gai izan eskari guztiari erantzuteko, eta, horren ondorioz, inportazioak handitu egin dira. Gainera, 2019tik 2022ra Txinako ekoizleek arazoak izan zituzten txerri izurriarekin, eta horrek okela horren inportazioa handitzea ekarri zuen.

Azken urtean, barne ekoizpenak berriro egin du gora, baina, hala ere, iaz ia 3.000 milioi euroren txerrikia inportatu zuten EBtik. Reutersen datuen arabera, Espainia da hornitzaile nagusia (1.400 milioi), Herbehereekin (560 milioi) eta Danimarkarekin (513 milioi) batera. Edonola ere, txerrikiari dagokion zatia oso txikia da EBk Txinara egiten dituen esportazioetan, %1era ere ez baita iristen.

Urtebeteko ikerketa

Abeltzaintzaren Txinako Elkarteak egindako eskaera bati jarraitu dio Pekingo Merkataritza Ministerioak. Azaldu duenez, 2023ko txerriki inportazioak ikertuko ditu Txinak, baina halaber aztertuko du 2020tik 2023ra bitartean EBren inportazioek bertako txerriki industriari egindako kaltea. Ikerketa urtebete irautekoa da, baina sei hilabete luzatzeko aukera ere badago.

Ordurako jakingo da zer gertatuko den Europako Batzordeak Txinako auto elektrikoen inportazioari jarri nahi dizkien muga zerga bereziekin. Azken orduko negoziazioek egoera aldatzen ez badute, uztailaren 4an dira indarrean jartzekoak, baina behin-behinean bakarrik. Behin betikoak ezartzea EBko gobernuen esku dago, eta azarorako erabaki beharko dute zer egin.

Europako Batzordeak esan du «behar dena» egin beharko duela Txinaren erabakiari erantzuteko. Gogorrago erantzun du Copa Cogecak, EBko elikagaien industriaren patronalak, uste baitu txerrikiaren sektorea  «beste sektore batzuei dagokien merkataritza gatazkaren su gurutzatuan harrapatuta» dagoela. Talde horrek ukatu egin du Txinari txerrikia saltzen diotela kostu azpiko prezioan, baina ez da baikor azaldu: «Ez daukagu ikerketan parte hartzea beste biderik, baina garestia izango da, eta, ziur asko, merkatu kuota galaraziko digu Txinan».

Gaur-gaurkoz ez da espero Txinaren eta Europako Batasunaren arteko merkataritza gerra gogor bat piztea, baina bai, ordea, zenbait produktutan haien arteko hartu-emana gutxitzea. EBk begiz joa du Txinako eguzki panelen eta haize erroten inportazioa, eta Txinak, berriz, luxuzko autoena eta koñakarena. Azken produktu horri buruzko ikerketa urtarrilean zabaldu zuen Pekingo gobernuak, neurri handi batean Frantzia izan zelako Txinako auto elektrikoen gaineko muga zergen bultzatzailea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.