Txinako Gobernuak amaitutzat jo du AEBekiko merkataritza harremana. Donald Trumpek Txinaren inportazioak %125era igo izanari berehala erantzun dio Pekinek, hark ere AEBetako produktuen inportazioari %125eko tarifa jarrita. Baina, ohartarazi duenez, Trumpek are gehiago igota ere, berak ez du erantzun ere egingo. «Gaur egun dauden neurrian egonda, dagoeneko merkatuak ez du onartuko AEBetako produktuak Txinan sartzea», azaldu du Txinako Finantza Ministerioak.
Merkataritza gerra bat hasita, azken hamarkadetan AEBetatik alde egin duten industriak berriro berreskuratu nahi dituela adierazi du Trumpek. Industria horietako asko Txinara joan ziren, eta Trumpen azken mugimenduek erakusten dute horiek dituela jomugan. Izan ere, joan den asteazkenean 90 egunez atzeratu zituen herrialde askori jarritako muga zerga bereziak —%10ean daude orain denak—, baina Txinarekin egin zuen salbuespena. Are gehiago, %125era handitu zituen, Pekin ez zelako kikildu eta kolpe gehiago emanez erantzun zielako Etxe Zuriaren kolpeei.
Ikusi gehiago
Xi Jinping Txinako presidenteak berretsi du gerra komertzialaren aurka dagoela eta halakoek ez dutela inoiz irabazlerik izaten, baina kalte gehien AEBek izango dutela nabarmendu du: «Munduari aurka egiteak soilik bere burua bakartzea ekarriko du».
Trumpen lehen agintalditik hona txikitu egin da AEBen eta Txinaren arteko merkataritza harremana —muga zergak eta beste neurri zigortzaile batzuk hartu dituzte bi aldeek—, baina oraindik oso handia da, 600.000 milioi eurotik gorakoa. AEBek telefonoak, ordenagailuak eta bateriak inportatzen dituzte, baina baita kostu txikiagoko produktuak ere; jostailu gehien, esaterako, Txinatik inportatzen dituzte.
Txinak, berriz, batez ere gasa, petrolioa, hegazkinak, gas turbinak eta makinak inportatzen ditu AEBetatik.