Txinak ez du baztertzen «errepresaliak» izatea EBren muga zergen aurka

Pekingo gobernuak ondorioztatu du Bruselak Txinako produktu batzuei ezarritako zergak bidegabeak direla.

 Jens Eskelund Europako Batasunak Txinan duen Merkataritza Ganberako presidentea, ostegun honetan, Pekinen. ANDRES MARTINEZ CASARES / EFE
Jens Eskelund Europako Batasunak Txinan duen Merkataritza Ganberako presidentea, gaur, Pekinen. ANDRES MARTINEZ CASARES / EFE
jokin sagarzazu
2025eko urtarrilaren 9a
14:50
Entzun

Beste polemika bat muga zergen auzian, eta oraingo honetan ez du Donald Trump Etxe Zuriko maizter berriak eragin, Txinak baizik, edo Europako Batasunak, nondik begiratzen den. Pekinek ondorioztatu du Bruselak hartutako zenbait neurri, Europako enpresak Txinako laguntza publikoetatik babestea helburu dutenak, bidegabeak direla eta oztopo bat direla Txinaren merkataritzarako eta inbertsio asmoetarako. Ez du erantzunik iragarri, oraingoz. Esan du elkarrizketaren bidea lehenetsiko duela, baina ez du baztertzen «errepresaliak» izatea.

Txinako Merkataritza Ministerioak gaur argitaratu ditu EBk hartu dituen neurrien inguruan egindako ikerketari buruzko emaitzak. «Kezkatuta» mintzatu da. Bereziki gertakari batek amaiarazi du Pekinen pazientzia. Bruselak Txinan fabrikatutako ibilgailu elektrikoei %45erainoko muga zergak jarri izanak. Pekingo gobernuak Txinako auto ekoizleei emandako laguntza publikoei aurre egitea da EBren helburua. Izan ere, EBk uste du diru laguntza horiek modua eman diotela Txinako autogintzari prezio apalagoak eskaintzeko, eta horrek desitxuratu egin duela Txinako eta Europako ekoizleen arteko lehia.

Ministerioaren arabera, autogintzari ez ezik beste sektore batzuei ere eragiten diete Bruselaren erabakiek. Bereziki, tren ekoizleei, panel fotovoltaikoak eta turbina eolikoak egiten dituztenei, eta segurtasun ekipoak produzitzen dituztenei. Interneteko merkataritza plataforma handien salmentei ere igo nahi dizkie muga zergak, hala nola Txinako Aliexpress, Temu eta Sheini.

AEBetako Gobernuak, halaber, Txinako produktu jakin batzuen muga zergak igo zituen iaz, tartean auto elektrikoenak, eta Trumpek bide beretik jarraitu nahi du.

Begiz jota

Pekingo gobernua oso kritiko agertu da txostenean Bruselaren jarrerarekin. Salatu du hark hartu dituen neurriek soilik Txinako enpresak dituztela jomugan, eta «modu selektiboan» ezarri dituztela. Gogoratu du beste herrialde batzuetakoek —AEBetakoek, esaterako—, antzeko diru laguntzak jaso arren, ez dituztela neurri berean zigortzen. «Txinako produktuak beste herrialde batzuetakoak baino okerrago tratatzen dituzte EBra esportatzeko prozesuan», azaltzen da Merkataritza Ministerioaren txostenean.

Ikusi gehiago

Pekinek ez du zehaztu zer neurri hartuko dituen ikerketaren emaitzak plazaratu ondoren. Aurretik esana zuen aldebiko elkarrizketak bultzatuko zituela, hau da, bide hori lehenetsiko zuela baldin eta ondorioztatzen bazen EBren erabakiak traba zirela Txinaren merkataritzarako. Baina ohartarazi du, halaber, ez duela baztertzen beste «neurri eraginkor batzuk» ezartzea, «errepresaliak» izatea barne.

Txostenean jasotzen denez, Europako Batasunak begiz jo dituen Txinako enpresa ugarik parte hartzen dute kontratazio eta lehiaketa publikoetan. Adibidez, iaz Bruselak ikerketa bat hasi zuen Bulgarian trenak saltzeko asmoa zuen Txinako tren fabrikatzaile bati buruz, eta, horren ondorioz, enpresa hori lehiatik kanpo geratu zen. Iaz, halaber, miaketak egin zituzten Txinako Nuctech enpresak Polonian eta Herbehereetan dituen bulegoetan —segurtasun ekipoen hornikuntzan aritzen da konpainia hori—.

EBko arauek aukera ematen diote Bruselari halako neurriak hartzeko baldin eta uste badu kanpoko enpresak barne merkatua desitxuratzen ari direla. Isunak jar ditzake, lizitazioak eten eta estatu kideen erosketak blokeatu. «Laguntza publikoek izan ditzaketen ondorio distortsionatzaileei aurre egiteko dira neurri horiek. EBko merkatu bakarrean enpresak baldintza beretan lehiatzea dute helburu», adierazi du Jens Eskelund Europako Batasunak Txinan duen Merkataritza Ganberako presidenteak. Ukatu egin du neurri horiek «esklusiboki» Txinako enpresei aplikatzen zaizkiela

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.