Hirugarren frontea, Txinarekin

Txinak muga zerga neurritsuekin erantzun die AEBek ezarritakoei, asko baitauka galtzeko. Txinaren esportazioen %19 ziren lehen AEBetara bidalitakoak, eta %15 dira orain.

Donald Trump, atzo, Etxe Zurian. CHRIS KLEPONIS / EFE
Donald Trump, atzo, Etxe Zurian. CHRIS KLEPONIS / EFE
Irune Lasa - Iker Aranburu
2025eko otsailaren 4a
10:00
Entzun

Hiru fronte zabalduz hasi ditu bere gerra komertzialak Donald Trumpek. Horietako bitan, Kanadan eta Mexikon, su eten moduko bat egin du AEBetako presidenteak, bi herrialde horietako agintariekin telefonoz hitz egin ondoren. Hirugarrenarekin ere mintzatzekoa da, baina Xi Jinping Txinako presidentea beste zur bateko ezpala da, eta ikusteko dago elkarrizketa bakar batek modua emango duen fronte horretako egoera baretzeko.  

Mexikoren eta Kanadaren aurkako %25eko tarifak muga estuago kontrolatuko dutela hitzemanda geratu dituzte Angela Sheinbaum Mexikoko presidenteak eta Justin Trudeau Kanadako lehen ministroak. Berez, garaipen txikia da Trumpentzat, AEBen auzoek hitz, zenbaki eta izendapen dotorez apaindutako asmoak erakutsi bai, baina praktikan orain arteko politika berberekin edo antzekoekin jarraituko baitute fentaniloaren trafikoa eta immigrazioa kontrolatzeko orduan.

Mexikori dagokionez, akordioaren parte zen guardia nazionaleko 10.000 kide bidaliko zituela muga zaintzera, eta horietako lehenak gaur abiatu dira Arizona eta Sonora arteko mugara.

Merkatuen abisua

Zergatik behar zuen irtenbidea Trumpek? Joan den astean egindako mehatxuen harira, oso kezkatuta zeuzkan AEBetako sektore asko, eta, guztien gainetik, auto industria. Presioak ugari izan dira azken egunetan alor horretan, The Wall Street Journal-ek kontatu duenez. Asteburuko oilarkerian ondorioz astelehenean merkatuetan izandako zenbaki gorriak ere seinale bat izan ziren Trumpentzat.

Berdin gertatuko al da Txinarekin? Berri hau idazteko orduan, fronte horretan ez da su etenik, eta Pekinen eta Washingtonen artean 11 orduren aldea izateak zaildu egiten du elkarrizketa gaur izatea (Euskal Herriko orduan). Argitzeko dago elkarrizketa Xirekin izango ote den ere.

Baina irtenbideak irtenbide, gerra komertzialaren lehen tiroak entzun dira jada. Txinaren aurkako %10eko muga zergak gaur jarri dituzte indarrean, eta Xi Jinping Txinako presidenteak berehala itzuli du kolpea. Erantzuna, baina, oso neurritsua izan da.

Txinak iragarri du %15eko muga zergak ezarriko dizkiela ikatzaren eta gas natural likidotuaren esportazioei astelehenetik aurrera; %10ekoa petrolioarenei eta ibilgailuenei, hala nola laborantzako makineriak, zilindro bolumen handiko autoak eta kamionetak. AEBetatik inportatutako salgaiei dagokienez, indarrean dauden muga zergak aplikatuko dizkiete.

Guztira, AEBen 14.000 milioi dolarren esportazioei eragingo diete muga zerga berriek; Trumpenek, berriz, 525.000 milioi dolarren esportazioei.

AEB, MUGA ZERGAK
Long Beacheko portua, Kalifornian. Hara heltzen da Txinaren esportazioen parte bat. CAROLINE BREHMAN / EFE

Muga zergak ezartzeaz gain, Googleren kontrako ikerketa bat ere zabalduko du Txinak, monopolioagatik. AEBetako konpainiaren bilatzailea zentsuratuta dago aspaldi herrialde hartan, baina dirua ematen dio Txinako enpresek beste herrialde batzuetan egiten duten publizitateak.

Gainera, Pekinek kontrolak ezarriko dizkie tungsteno metalaren eta gailu elektronikoetan erabiltzen diren beste mineral kritiko batzuen AEBetarako esportazioei.

Trumpen lehen agintaldian, AEBetako presidenteak emandako kolpe bakoitzari beste hainbesteko kolpe batez erantzun zion Pekinek, baina orain beste modu batera jokatu izanak erakusten du Txinaren egoera ekonomikoa ez dela orduko bera.

Harreman gutxiago

Gerra komertzialen ondorioz, Txinaren eta AEBen arteko merkataritza harremanak pisu pixka bat galdu du: 2018an, Txinaren esportazioen %19 zihoazen AEBetara, eta gaur egun %15 dira.

Txinako enpresa batzuek Mexikotik eta Vietnamdik esportatzen dute AEBetara, eta beste batzuek orain gehiago begiratzen dute beste merkatu batzuetara. Gainera, Txinako telefono egileek Googleren Android sistema eragilea baliatzen dute.

Baina oraindik orain oso desorekatua da Txinaren eta AEBen arteko harreman komertziala: inportatzen duena halako hiru esportatzen du Txinak, eta, hortaz, gehiago du galtzeko. Gainera, Txinaren hazkunde ekonomikoak abiada eta distira galdu du, eta Xik ezin du ekonomiaren motorretako bat itzali.

Edonola ere, ez da ahaztu behar Txina lehia betean ari dela AEBekin munduko potentzia nagusia izateko, eta, hortaz, ezin dela ahul azaldu Etxe Zuriko maizterraren aurrean.

EB, laugarren fronterako prestatzen

Baliteke gerra komertzialen laugarren frontea AEBen eta Europako Batasunaren artekoa izatea. Donald Trumpek ziurtatu du muga zergak jarriko dizkiola EBri ere, uste baitu EBk «oso gaizki tratatzen» dituela. Esaldi horren atzean zera dago, AEBek 150.000 milioi euroren defizit komertziala dutela EBrekin. Edo, beste modu batera esanda, estatubatuarrek interes handiagoa dutela europarren produktuetan kontrakoa baino. 

Trumpen mehatxuak ikusita, EBko agintariak beren burua prestatzen ari dira. Ursula von der Leyen Europako Batzordeko lehendakariak esan du AEBekin elkarlanean aritzea izango dela blokearen lehentasuna, baina ohartarazi du «negoziazio gogorretarako» prest daudela. «Irekiak eta pragmatikoak izango gara, baina argi utziko dugu geure interes propioak defendatuko ditugula, beharrezkoa denean eta beharrezkoa den moduan». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.