Trumpek %50eko beste muga zerga batekin mehatxu egin dio Txinari, hark berea kentzen ez badu

Pekinen kontraerasoari beste eraso batekin erantzun dio AEBetako presidenteak. Yuana pixka bat debaluatu dute dolarraren aldean, eta Pekinek barne kontsumoa sustatzeko neurriak bizkortuko ditu.

Xi Jinping Txinako presidentea afixa batean, Shanghaiko kale batean. ALEX PLAVEVSKI / EFE
Xi Jinping Txinako presidentea afixa batean, Shanghaiko kale batean. ALEX PLAVEVSKI / EFE
Irune Lasa.
2025eko apirilaren 7a
14:40
Entzun 00:00:0000:00:00

Donald Trumpek ez du gustuko izan Txinako Gobernuak bere muga zergei emandako erantzuna. Kontraerasora jotzen lehenengoa izan zen Pekin, ostiralean bertan %34ko muga zerga ezarri zien AEBetako inportazio guztiei. Ostegunean jarriko dira indarrean, Trumpenak aplikatzen hasi eta hurrengo egunean. Baina muga zerga horiek Trumpek jarritako berberak diren arren, kontraerasoari beste eraso batekin erantzun dio Trumpek: sare sozialen bitartez %50eko beste muga zerga batekin mehatxu egin dio Txinari, biharko atzera egiten ez badu.

Txinako produktuek %54ko tarifa bat dute AEBetan: %20 aurretik ezarritakoa, eta %34 asteazkenetik aurrera. Beste %50 bat gehitzeak esan nahiko luke produktu baten salneurria automatikoki bikoiztuko litzatekeela AEBetan sartzearekin batera  —produkzio eta salmenta kateko kostuak eta irabazi tarteak kontuan hartu aurretik—. Halako neurri batek seko geratu ahal du Txinako produktuen inportazioa AEBetara. 

Ikusteko dago zer erantzun ematen dion Pekinek Washingtoni, baina nekez egingo du atzera. Gainera, Txinako Gobernuak baditu beste arma batzuk AEBak zigortzeko. Hasteko, lur arraro batzuk AEBetara esportatzeko debekua ezarri du, eta konpainia estatubatuar batzuk ikerketapean jarri ditu monopoliorik ba ote den argitzeko. Txinak aurretik ere egin ditu horrelako urratsak, lehen muga zergei emandako erantzun apalagoetan, baina, oraingoan, erabaki du horrek ez duela funtzionatu Trumpekin, eta iragarritako muga zerga horiek ezarriko ditu.

Jarraitzeko, Txinak baditu oraindik kontraerasorako —edo negoziaziorako, abagunerik bada— kartutxo gehiago.

Adibidez, konpainia txinatarrei eragotzi diezaieke inbertsio gehiago egitea AEBetan, eta, hala, oztopoak jarri Trumpek aldarrikatzen duen AEBen berrindustrializaziori. Beharrezkoa balitz, erabat etenda geratuko lirateke BYD automobilgile txinatarrak eta Gotion bateria ekoizleak Ameriketako Estatu Batuetako fabriketan egindako inbertsioak.

Horrez gainera, Txinak badauka beste tresna bat merkataritzan modu oso eraginkorrean presio egiteko eta Trumpen muga zergen kaltea konpentsatzeko: yuana debaluatzea. Zenbait analistaren arabera, Txina hasia da bere dirua dolarraren aldean debaluatzen, ziurrenik, Etxe Zuriari oharra bidaltzeko.

Yuan debaluatuak Txinaren esportazioak merkatuko lituzke, eta, ondorioz, Trumpen muga zergen eragina nolabait konpentsatuko luke. Hori bai, neurriak badu ifrentzurik; izan ere, baliteke horrek kapitalen ihesa eragitea Txinan. Horregatik, Xiren gobernuak zuhur jokatzea espero da, baina argi dago irmo agertu nahi duela Trumpen aurrean.

Neurriak bizkortu

Bitartean, hori bai, barne kontsumoa sustatzeko neurriak hartuko ditu Txinak.

Trumpen muga zergen aurretik ere, deflaziorako arrisku nabarmena zuen Txinak, haren industriaren gehiegizko ahalmena dela eta. Beraz, ezinbestekotzat jo zuten barne kontsumoa handitzea hori orekatze aldera, eta, xede horrekin, Xiren gobernuak jada neurriak iragarriak zituen, besteak beste, osasun sistema eta pentsio sistemak hedatzeko.

Orain, nazioarteko merkataritzaren ordena aldatzen ari dela, herrialdean kontsumoa sustatzeko neurriak bizkortzea aurreikusten da. Pekingo gobernuak adierazi du interes tasak murrizteko gaitasuna baduela oraindik, halakorik egitea beharrezkoa balitz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.