Bere mehatxua beteko du Donald Trump AEBetako presidenteak, eta bihartik aurrera muga zergak %104raino igoko dizkio Txinari. Hasierako muga zergei Txinak emandako erantzuna ikusita, hordagoa bota du Trumpek. Horrek aditzera ematen duenez, barealdia urrun dago Ameriketako Estatu Batuen eta Txinaren arteko merkataritza gerran.
Joan den astean, Askatasunaren Egunaren bidez, Trumpek are gehiago hauspotu zuen bere etorrerarekin piztutako sua, eta, beste askoren artean, %34ko muga zergak ezarri zizkien Txinako inportazioei. Txinaren kontraerasoa hurrengo egunean etorri zen, eta neurri bereko tasak iragarri zituen AEBetako salgaientzat.
Ez zen hori Trumpek nahi edo espero zuen erantzuna, eta atzo, astelehenez, haserre, mehatxua egin zion Txinari, kentzeko AEBei ezarritako muga zergak, bestela beste %50eko muga zerga gehigarriak jarriko dizkiola. Horrek %104ra igoko lituzke Txinako produktu eta zerbitzuen gaineko muga zergak. Gaur arteko epea eman dio Txinari.
Txinako Gobernuaren ustez, «AEBek Txinari gero eta muga zerga gehiago ezartzeko hartu duten estrategia hanka sartze baten gaineko beste hanka sartze bat da»
Baina Txinak, oraingoz, ez du men egin nahi. Aldiz, «borrokari amaierara arte eusteko» asmoa agertu du. «AEBek muga zerga intentsifikatuak ezartzen jarraitzen badute, Txinak kontrako neurri irmoak hartuko ditu, bere eskubide eta interes propioak babesteko», adierazi du gaur Txinako Merkataritza Ministerioko eledun batek. «AEBek bereari eusten badiote, Txina azkeneraino borrokatuko da».
Txinako Gobernuaren ustez, «AEBek Txinari gero eta muga zerga gehiago ezartzeko hartu duten estrategia hanka sartze baten gaineko beste hanka sartze bat da».
Etxe Zuriaren erantzuna
Erantzuna ikusirik, Etxe Zuriak bereari eutsi dio. Komunikabideen aurrean egindako agerraldian, Karoline Leavitt eledunak adierazi du gauerdian sartuko direla indarrean muga zergak. «Txinatarrek akordioa egin nahi dute, baina ez dakite nola». Leavittek azaldu du Txina negoziatzeko prest agertuz gero Trumpek «oso eskuzabal» jokatuko duela. Haren esanetan, azken egunetan 70 herrialde negoziatzeko prest agertu dira.
Albistea baieztatuta, akabo su etena merkatuetan. Ordurako Europako burtsak itxita bazeuden ere, Wall Streeten zenbaki gorriak itzuli dira, hasiera batean bederen.
Europan eta Asian, berriz, arnasa hartu dute merkatuetako inbertitzaileek. Azken hiru saioetako ekaitzaren ostean, burtsetan suspertzea izan da Asian, Japoniako Nikkei indizeak %6 egin du gora asteleheneko %8ko erorikoaren ostean. Seulen, Kospi indizeak ere berdean amaitu du eguna (+%0,26), bezperan %5,5 jaitsi ostean. Txinan, Shanghaiko eta Shenzheneko burtsek %1,58 eta %0,64ko igoera izan dute hurrenez hurren.
Aldiz, berriz ere galera pilatu dira Taipeiko (Taiwan) burtsan, eta Taiex indizeak %4ko beherakada izan du, asteleheneko %9,7ko erorikoaz gainera.
Europan ere zenbaki berdeak nagusitu dira, errebote efektuaren eraginez %3 inguruko igoerak lortu baitituzte. Stoxx-600 %3,34 irabazten ari da; Dax indizea %2,76; CAC-40 ere %3,15 ari da suspertzen, eta Ibex-35en igoera %2,83koa da arratsalde erdian.
Brent upelaren gerokoak ere igo dira pixka bat (+%0,38), upeleko 64,62 dolarreraino.
JaponiaK eta hego koreak negoziatu nahi dute
Donald Trumpek hasitako merkataritza gerrari gerra gehiagorekin erantzutea erabaki du Txinak, baina negoziazioaren bidea hobetsi dute Asia ekialdeko beste bi potentzia ekonomikoek. Japoniako lehen ministro Shigeru Ishibak dagoeneko hitz egin du Trumpekin telefonoz, eta negoziazioak hastea hitzartu dute. Berehalako erantzuna eman du Tokioko burtsak, astelehenean galdutako ia-ia guztia berreskuratu baitu. Trumpek %24ko muga zerga bat jarri zion Japoniari joan den astean, merkataritza defizit handia baitu artxipelagoarekin. Autoak eta makinak dira gehien esportatzen dituen gaiak.
Hego Korearekin ere defizit handia dute AEBek, eta horregatik jarri dio hari %25eko muga zerga. Japoniak bezala galtzeko asko daukala ulertuta, Trumpen gobernuarekin negoziatzeko asmoa adierazi du Seulgo gobernuak.