Koronabirusa

Txina, V-aren aldeko apustuan

Maiatzaren Leheneko zubi luzeak normaltasunaren lehen zantzuak erakutsi ditu Txinan. Turismoa berpizten hasi da, eta kontsumoa, krisi aurreko mailatik urruti egon arren, osatzeko bidean dago. Pekingo gobernuak neurri sendoak hartu ditu normaltasuna lehenbailehen berreskuratzeko.

Shanghaiko jatetxe bateko kanpoko mahaiak, jendez gainezka, maiatzaren hasieran. ZIGOR ALDAMA.
Zigor Aldama.
Shanghai
2020ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Parkeak eta pasealekuak jendez lepo; mendiak gora eta behera doazen pertsona ilarekin jantziak, bakoitza bere bidetik, hori bai; jostorratz bat hartzeko gai ez diren hondartzak; eta terrazak bete-beterik dituzten tabernak, tarte sozialik zaindu gabe. Orain aste batzuk ezinezkoak ziruditen irudiak utzi zituen Txinako Maiatzaren Leheneko zubi luzeak. Beste irakasgai bat ere erakutsidu oporraldi txikiak: normaltasun berria normaltasun zaharra bezalakoa dela, baina maskararekin.

Oporraldia suzko proba bat izan da desberdinak diren bi esparrutan: batetik, balioko dupare bat aste barru erakusteko eraginkorrak ote diren epidemiaren bigarren olatua eragozteko Txinak hartu dituen segurtasun neurriak. Oilo ipurdia jartzeko irudiak ikusi baitira eremu turistikoetan, esaterako Hangzhouko Mendebaldeko Lakuan, Shanghaiko Xintiandiko tabernen eremuan, eta Shenzhengo hondartzetan. Bestetik, kontsumoaren susperraldiaren arrakasta zenbatekoa den ikusteko termometroa izan da.

Estatistikak oso argiak dira: maiatzaren 1aren eta 5aren artean, 115 milioi bidaia egin zituzten txinatarrek, eta 6.100 milioi euro baino gehiago gastatu zituzten. Aurreko urteko zubiarekin alderatuta, kopuru apalagoak dira horiek. Zehazki, bidaia kopurua %41 txikiagoa izan da, eta diru sarrerak 9.000 milioi apalagoak izan dira. Baina esperantzarako hauspo garrantzitsu dira, kontsumoa uste baino azkarrago suspertzeko gai dela erakusten dutelako.

«Indarrean dauden debeku guztiak kontuan hartuta —Txinako turismo guneen %30 itxita daude oraindik eta beste hainbat muga jakinekin hartu dituzte bisitariak—, kopuru izugarriak dira», esan dio Peking Universityko irakasle Cao Hepingek Global Times egunkariari. Txinako prentsa ofizialak hainbat analistarengana jo du errealitate baikorra erakusteko helburuarekin, eta aditu horiek ados dira munduko bigarren ekonomiak uste baino azkarrago gaindituko duela urteko lehen hiruhilekoan jasotako jipoia; BPGaren %6,8ko erorikoa izan zuen urtarriletik martxora.

L bat, U bat edo V bat. Munduko herrialde guztiek aurrez aurre duten galdera handia da beren ekonomiak zein joera hartuko duten koronabirusaren pandemiaren ostean. Txinak baikorrenaren aldeko apustua egin du: garaipena islatuko lukeen V-aren aldekoa. Banku Zentraleko gobernadore Yi Gangek iragarri du hazkunde ekonomiko azkar bat izango dela urteko bigarren hiruhilekoan, «herrialdearen gaitasunaren pareko tasa bat lortu arte». Yik gaineratu du Asiako erraldoiaren lehentasuna enplegua dela, eta, horregatik, enpresa txikien eta ertainen likidezia arazoak konpontzeko helburua dutela gidatzen duen erakundearen politika makroekonomikoek.

Luis Galanek, 2Open komertzio elektronikorako aholkularitza enpresako fundatzaileak aitortu du bere enpresak jaso dituela gobernuak onartutako laguntzetako batzuk. «Batetik, enpresen zerga BEZ moduko bat da, eta diru sarreren arabera pagatzen da; bada, erdira jaitsi da tasa, %6tik %3ra. Bestetik, Gizarte Segurantzaren kuotak apaldu egin dituzte bost hilabetez, erdira».

Fagor Automationeko Asiako arduradun Iñaki Antoñanzasek, berriz, kalkulatu du laguntza horiek guztiak lantalde osoaren soldata baten parekoak direla, eta erantsi du enpresaren instalazioen alokairuak merkatu egin direla, egoera ekonomikora egokitzeko.

Baina ezer gutxirako balio du horrek publikoak ez badu kontsumitzen. Urtarriletik martxora txinatarren diru sarrerak %3,9 uzkurtu ziren batez beste, eta kasik %5 landa eremuetan. Mundu mailako ziurgabetasuna ere hor dago, eta horrelakoetan aurreztera jotzen dute herritarrek, ez gastura. Beraz, hala agintariek nola atal pribatuak martxan jarri dituzte hainbat ekinaldi hain garrantzitsua den kontsumoa pitz dadin.

Guangzhouko ardo inportatzaile Carlos Mirandak azpimarratu du deskontu bonuen neurria, Guangdong probintzian ezarriak lehenik eta Txina osora zabalduak gero. «Gobernuak QR kode batzuk ateratzen ditu astero; sakelakoarekin eskaneatuz gero, deskontuak lortzen dira aste horretan: adibidez, hiriko dendetan 150 yuan gastatzen badira, 50 aurrezten dira. Beraz, denak kodeak eskaneatzen gabiltza orain,eta mota guztietako erosketak egiten».

Kupoien garrantzia

Itxuraz, sistema badabil. Shanghaik, Txinako hiriburu ekonomikoak, komertzio elektronikoan aritzen diren plataformekin adostu du kontsumitzaileei kupoi horiek ematea 6.700 milioi yuanen balioarekin (116 milioi euro). «Hiritarrei esku dirutan emandako kopuruekin alderatuta—Hong Kongen egin duten moduan—, sistema hau eraginkorragoa da kontsumoa hauspotzeko, Txinako herritarrak aurreztera ohituta baitaude», diote Shanghaiko agintariek. 24 milioi biztanle ditu hiriak, eta ekainaren 30era arte indarrean izango da kupoien sistema hori.

Gobernuaren deskontu-bonu horiez gain, txikizkako merkataritzak beste hainbat eskaini ditu, batik bat tabernek eta jatetxeek. «Maiatzaren Leheneko zubiko egunak espero baino askoz hobeak izan dira. Iaz baino bezero gutxiago izan ditugu, baina batez besteko gastuak gora egin du», dio Lu Pingek, Shanghaiko gau giroko taberna bateko arduradunak. Haren aretora sartzeko ilarak egon ziren asteburuan.

«Kupoiek gure irabazia txikitzen dute, bai, baina bezeroak erakartzeko balio dute, eta gastuak estaltzeko. Horrelako neurririk gabe, ezin genioke aurre egingo alokairuari eta soldatei, eta ixteko bidean ginateke», azaldu du Chen Haibok, Beef & Liberty hanburgesa kateko arduradunak. 50 yuaneko deskontua lortzeko kupoiak banatzen izan da, 150 yuaneko kontsumoetan baliatzeko. «Neurri horrek balio du kalera ateratzeko eta kontsumitzeko ohitura berreskuratzeko, bezeroei konfiantza emateko koronabirusaren aroan». Jangela beterik dauka, estrategiak emaitzak eman dizkio eta.

Beste negozio batzuek ez dute behar pizgarririk eskaera erraldoiak lortzeko. Tifaniss Queen da horietako bat, eztei argazkietako alorrekoa. «Bi hilabetez itxi behar izan genuen, eta bikote askok ezkontza bertan behar utziko zutela pentsatu genuen. Baina ez da horrela izan. Aitzitik, ilusio handiagoa dago orain, eta batzuek produktu garestiagoak hartu dituzte orain». Hongkouko bulegoko langile Lin ez dabil gezurretan: bezeroen joan-etorria etengabea da Tian'aiko kalean. Erromantikoak izan nahi duten argazkiak ateratzen dituzte.

Aurrekotik urruti

Txinako sistema kontsumoa suspertzeko eta jarduera berreskuratzeko abantailak ematen dituen arren, argi dago izugarri zaila izango dela pandemiaren aurreko kopuruak lortzea. Txinako Turismo Akademiak aurreikusi du aurten 932 milioi bidaia gutxiago egongo direla 2019an baino, eta horrek 151.000 milioi euroren galera ekarri diola sektoreari. Eta eskaera globalaren geldialdiak, gainera, nabarmen eragingo dio industriari eta kanpo merka- taritzari.

Galanek ordezkatzen dituen enpresek gero eta gehiago saltzen dute ziberespazioan. «Offline ataletik online-ra doaz salmentak; martxoan %10 hazi dira, eta %30eko kuota daukate jada merkatu osoan. Azaroan lortu izan dute maila hori, ezkongabeen egunean». Komertzio elektronikoa hazi den arren, horrek ez du esan nahi kontsumoa orokorreanhazten ari denik. «Hazkunde horrek ez du %20ko erorikoa orekatzen».

Edonola ere, analistek uste dute normaltasuna berreskuratzea zaila izango den arren, Txinak badituela tresnak eta indarra helburu hori lortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.