Txina indartuta atera da pandemiatik

Txinan koronabirusaren kasurik ez da izan abuztuaren 19az geroztik. Horri esker, ekonomia krisi aurreko egoerara itzultzen ari da: ekoizpena handitzen ari dira fabrikak, barne turismoa eta kontsumoa indartsu dabiltza, eta baikortasuna antzematen da berriro herrialdeko ka leetan.

Familia bat turismoa egiten, Ghuizou herri historikoan. Barne turismoa asko handitu azkenaldian. ZIGOR ALDAMA.
Zigor Aldama.
Shanghai
2020ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Mezu bat errepikatu da Txinako ekonomiaren sektore gehienetan. «Fabrika bete-betean ari da lanean. Produkzioa handitu ere egin da azken urtearekin alderatuta», onartu du Geely enpresa autogileko komunikazio arduradunetako batek, Guiyang hiriko plantara egindako bisita batean. «Wuhan itxi ondoko lehen bi hilabeteak [urtarrilaren 23tik] gogorrak izan ziren, geratu egin behar izan genuelako, baina kontsumoa suspertu egin da, eta harekin batera itzuli da normaltasuna», azaldu du Liu Taok, Laoganma Txinako saltsa ekoizle handienetako bateko presidentearen idazkariak. «Gure proiektu guztiak berriro martxan daude, eta aparteko orduak egiten ari gara», gehitu du Chen Longfei arkitektoak, Shanghaiko estudio bateko kideak.«Jingdezhenen ez genuen inoiz epidemia jasan, konfinamenduak funtzionatu zuelako, eta sei kasu besterik ez genituen izan. Ekonomikoki, eskaerak jaitsi egin ziren otsailean eta martxoan, baina leheneratudira, eta orain huts egiten duen bakarra nazioarteko merkatua da; etxeko merkatuarekin eta Internet bidezko salmentekin konpentsatu nahian gabiltza», nabarmendu du Xiong Qianjunek, bere izena daraman portzelana enpresako presidenteak.

Haien mezua bat dator lehen begirada batean Txinako kaleetan ikusten denarekin. Normaltasun zaharra bere bidea egiten ari da maskaren gainetik; garraio publikoan eta jendetza handia biltzen den leku itxietan baizik ez dira derrigorrezkoak. Tartean behin tenperatura kontrolak egiten dizkiete herritarrei, bainajada inork ez dio erreparatzen infragorrien termometroak erakusten duen zenbakiari.

Txinatik barrena mugitu ahal izateko artean indarrean dago derrigorrezko aztarnatze aplikazioa, baina QR berdea da araua, eta horrek ekarri du festa giroa herrialdean zehar zabaltzea. Tabernak eta diskotekak berriz gainezka daude, adinekoek plazak eta parkeak betetzen dituzte hain gustuko dituzten taldekako dantzekin, eta gazteentzako kontzertuek gero eta entzule gehiago dituzte.

Euskal Herrian gertatzen ari denarekin alderatuta, harritzekoa da nola ireki dituzten eskolak ikasturtearen hasieran. Maiatzaren amaieran indarrean jarri ziren neurri zorrotzak —manparak norbanakoentzat eta etengabe desinfektatzen aritzea— alde batera utzi dituzte, eta orain maskarak erabiltzea hautazkoa da.

Erraza da zergatia ulertzea: Txinak ez du COVID-19 kasurik izan abuztuaren 16az geroztik. Ordutik hona antzeman diren kutsatze guztiak atzerritik ekarritakoak izan dira, eta berehala kontrolatu dituzte, besteak beste, herrialdera iristen den edonork hamalau eguneko berrogeialdia zorrotz bete behar duelako.

Birusa erauzteko estrategiak talka egiten du mendebaldean gehien zabalduta dagoenarekin—COVID-19arekin bizitzea eta hura ahal dena kontrolatzea—, baina badirudi arlo ekonomikoan ere itxaropenerako datuak ematen dituela. Berez, Txina da, Vietnamekin batera, urteko bigarren hiruhilekoan haztea lortu zuen ekonomia bakarra: BPGa %6,8 beheratu zen, baina bigarrenean %3,2 egin zuen gora, industria suspertu baitzen (+%4,8). Edonola ere, 2020aren lehen erdia negatiboa izan da: 45,6 bilioi yuaneko barne produktu gordina izan zuen (5,77 bilioi euro), 2019ko lehen erdian baino %1,6 gutxiago.

Baina inork ez du zalantzan jartzen Txinak azeleragailuari sakatuko diola urtea amaitzeko falta diren hilabeteetan. NDF Nazioarteko Diru Funtsak %1,2ko hazkundea iragarri du 2020rako, eta Moody's-ek, berriz, %1,9koa. Iragarpen horiek hobetzeko modua dagoela aurreratzen ari dira zerbitzuen azken datuak. Barne kontsumoak dakar herrialdearen aberastasunaren %57,8, eta badirudi goranzko bidea hasi duela, astiro bada ere. Txikizkako salmentak gutxitu egin ziren ekainean (-%1,8) eta uztailean (-%1,1), baina beherakadaren erritmoa moteltzen ari da, eta espero da aurki zenbaki positiboak itzultzea.«Osasun egoera kontrolpean dago, eta denak erakusten digu barne kontsumoak hazten jarraituko duela», azaldu du Zhao Qingh Estatistiken Bulego Nazionaleko funtzionarioak. Estrategiak garbia dirudi: Txinak bere barne sendotasunean du konfiantza koronabirusaren krisitik ateratzeko, eta ez munduko ekonomiaren suspertzean.

Desoreka handiak

Baina bada kezka handi bat: desberdintasun sozialak handitzen ari dira. LVMH luxuzko produktuen Frantziako multinazionalaren salmentak %65 handitu ziren urteko bigarren hiruhilekoan, eta Savills azterketa etxearen estatistikek diote goi klaseetarako merkataritza guneetan salmentak gora doazela. Baina, beste muturrean, herritar pobreenen sufrimendua ez da amaitu. Li Keqiang lehen ministroak berak onartu zuen arrakala hori, parlamentuaren urteroko bileraren amaieran gogorarazi zuenean 600 milioi herritarrek mila yuan baino gutxiago irabazten dutela hilero (125 euro).

Baliteke zenbaki horrek ez aintzat hartzea ezkutuko ekonomiaren neurria, baina esanguratsua da ikusteko dena ez dela urre. Txinako Estatu Kontseiluak iragarri du 2024rako per capita errenta 14.000 dolarrera iritsiko dela , eta Txinako BPGa munduko handiena izango dela urtebete beranduago; baina beste estatistika batzuk nabarmen okerragoak dira. Hirietan, herritarren erosteko ahalmena %9,5 jaitsi zen urteko lehen hiruhilekoan, eta %6,2 bigarrenean, batez ere telelana egiterik izan ez dutenen ondorioz. Bestalde, urtean 300.000 yuanetik gora (37.500 euro) irabazten duten familien arteko inkesta batek erakutsi du klaserik aberatsenetan erosteko ahalmena handitu egin zela bigarren hiruhilekoan.

Desberdintasunak ez dira Txinaren arazoa soilik, baina arrakala ez du gustuko igitaiaren eta mailuaren azpian biltzen den gobernu batek. Horren erakusle da Pekingo gobernua saiatu dela zentsuratzen Thomas Pikettyk Kapitala eta Ideologia liburuan Txinako desberdintasun sozialei buruz argitaratutakoa, nahiz eta Xi Jinping presidenteak berak esan zuen lan txalogarria zela.

Arazoak arazo, baikortasuna zabaldu egin da azken asteetan. Abuztuan, Txinako enpresak pandemiaren aurreko erritmoan hasi ziren kontratatzen, eta Erosketen Arduradunen Indizea —zerbitzuetako enpresen termometroa— berriro 50 puntutik gora kokatu zen, negozioa hazten ari dela erakusten duen mugaren gainetik.

Turismoa da kontsumoaren hazkundearen adibide on bat, nahiz eta haren datu onek baduten artifizialetik. Izan ere, Txinaren mugak ia-ia itxita egoteak eta gobernuak kanpotik datorren oro konfinarazteak eragin du atzerrira joan nahi zuten guztiak herrialdean bertan geratzea. Beste inon baino gehiago, Hainanen ikusten da barne turismorako joera hori: joan den hilean %60 ugaritu ziren uharte horren klima tropikalaz eta tax free dendez gozatzera joandako turistak. «Txinatarrak gertuko lekuetara doaz, oporraldi txikiagoak egin dituzte, baina egunean diru gehiago gastatzen ari dira. Kalitatezko zerbitzuek bezeroak irabazi dituzte», azaldu du Internet bidezko bidaia agentzia nagusiak, Ctrip-ek.

Zuhur ageri da gobernua, haatik. «Txinako ekonomiak lortu du gutxika-gutxika pandemiak eragindako kaltea gainditzea, baina hazkundeak oraindik badu beheranzko joera, koronabirusak artean eragin kaltegarria duelako nazioarteko ekonomian. Aldagaimakroekonomiko gehienak artean kopuru negatiboetan daudenez, bide luzea dugu pandemiak kendu ziguna berreskuratzeko. Baina erakutsi dugu haren eragina kontrolatzerik bazegoela», azaldu zuen Estatistiken Bulego Nazionaleko bozeramaileak, bigarren hiruhilekoko datuak azaltzean.

Edonola ere, nahiko argi dago Txina indarturik aterako dela egungo egoeratik. Azken finean, munduko fabrika da oraindik ere, eta munduak inoiz baino gehiago behar du orain. Estatistika ulergarri batek erakusten du: IHS Markiten arabera, Txinaren esportazioak mundukoen %20 izan ziren apirilaren eta ekainaren artean, 2019ko tarte horretan baino zazpi puntu gehiago. Goranzko joera hori indartzen ari da, abuztuan Txinaren esportazioak beste %9,5 handitu baitziren.

Gerra komertziala

Donald Trumpentzat zoritxarrez, hark duela bi urte luze hasitako gerra komertzialak ez du lortu Txinaren eta AEBen arteko merkataritzaren desoreka arintzea. Kontrakoa gertatu da: Txinak AEBekin duen superabita %27 handitu da. Garbi dago Pekinek ez duela bete merkataritza akordioaren lehen fasea ixteko hitzemandakoa —hau da, 2017an baino 200.000 milioi dolar gehiagoren produktuak inportatuko zituela AEBetatik—. Are gehiago, urte horretan baino elikagai eta energia produktu gutxiago erosi dizkio.

Hori gutxi balitz, munduko bi ekonomia nagusien arteko gatazkari erregai gehiago botatzeko beste elementu bat azaldu da azkenaldian: yuan diruaren balioa kopuru harrigarriki txikietan dago. Ekonomista batzuen arabera, horrek esan nahi du Pekin bere dirua manipulatzen ari dela atzerrian gehiago saldu ahal izateko. Salaketa horiek ukatu ditu Txinako Herri Bankuak, bainaonartu du esku hartzen duela truke tasa «egonkor bat» lortzeko. Hots, eragotzi nahian dabilela yuanak balioa handitzea, nahiz eta hori den oraingo egoerak bultzatu beharko lukeena.

«Txinari beti leporatzen diote zikin jokatzea; betiko potentziek finkatu zituzten arauak, haiek beti irabazteko. Lortzen ez dutenean, Donald Trumpek jokoaren arauak aldatu ditu, eta inoiz egingo ez zutela zioten hori egiten dute; kasu honetan, merkatu librearen aurka joan. Agian aldaketa da Txina gai dela arauak ezartzeko bere interesak defendatze aldera», azpimarratu du Xiongek, bere buruari te berde bat zerbitzatzen diola. Bere lantegian inork ez darama maskararik. «Koronabirusa? Zer koronabirusa?», esan du, txantxetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.