Txinako BPGa %5,2 handitu zen iaz, espero baino gehiago

Pandemia aurreko datuetatik urrun dago oraindik, hein handi batean eraikuntzak herrialde hartan duen krisiarengatik.

Txinako ekonomia
Eraikuntzako igeltsero bat lanean, Beijingen. WU HAO / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko urtarrilaren 17a
12:25
Entzun

Txinaren barne produktu gordina %5,2 handitu zen iaz. Datu hori herrialdeko gobernuak espero zuen baino hobea da (%5), eta kanpoko aditu gehienek iragarri zuten baino okerragoa (%5,3). Li Qiang lehen ministroak ontzat jo du datua, eta «epe luzeko joera» hazkundea dela nabarmendu zuen atzo Davosen (Suitza) eginiko agerraldian. Baina oro ez da urre munduko ekonomiarik handienetan bigarrenean, pandemia aurreko hazkunde datu ikusgarrietara gerturatu ezinda baitabil, eta bart Asiako burtsa gehienek behera egin zuten.

Txinako ekonomia egoera arraroan dago: hazkundea espero baino hobea izan arren, lainoak ez dira aldentzen. Horretarako, aurreko urteetako hazkundeei erreparatu behar zaie. 2022an, %3 izan zen; 2021ean, %8,4; eta 2020an, %2,2. Datu horietan, baina, argi ikusten da COVID-19ari aurre egiteko neurrien eragina eta geroko susperraldia. Atzera urrunago begiratuz gero, baina, 2011tik 2018ra, %9,6 eta %6,7 bitarteko hazkunde datuak izan zituen, eta horietara gerturatu ezinda dabil. Txina hazten ari da, baina motelago.

2011tik 2018ra, Txinako ekonomiak %9,6 eta %6,7 bitarteko hazkunde datuak izan zituen, eta, gaur egun, datu horietara gerturatu ezinda dabil.

«Orokorrean, behin kanpoko presioari eutsita eta iazko barneko zailtasunak atzean utzita, Txinako ekonomia pizkunde bultzada baten lekuko izan da», laburbildu zuen Li Qiangek. Gobernuaren baikortasunak, baina, talka egiten du inbertsiogileen mugimenduekin. Bart, esaterako, Hang Seng indizeak, Hong Kongeko burtsako indizeak, %3,7 egin zuen behera —%9 jaitsi da azken hilabetean—. 2022ko urriaz geroztik izan duen kotizaziorik txikiena da. Hego Koreako indizeak %2 egin zuen behera, eta Nikkei japoniarrak, %1.

Nazioarteko adituek elkarren artean loturiko bi aldagai ikusten dituzte barne krisi horren atzean: populazio jaitsiera eta eraikuntzaren krisia. Populazioari dagokionez, eta aurrenekoz lehen 60 urteetan, behera egin du azken bi urteetan. Jaiotzak urtez urte gutxitzen ari dira 2016az geroztik: 2016an, 18,8 milioi jaiotza izan ziren; iaz, aldiz, 9,02 milioi. Iaz, berriz,11,1 milioi heriotza izan ziren: 2022an baino 600.000 pertsona gehiago hil ziren. Txinak munduan populaziorik handiena duen herrialdea izateari utzi zion iaz, eta India da orain.

-%3,7

Hong Kongeko burtsa Txinako gobernuaren baikortasunak talka egiten du merkatuen erreakzioarekin. Hang Seng indizeak, Hong Kongeko burtsako indize nagusiak, %3,7 egin du behera bart.

Eraikuntzaren krisiari dagokionez, Evergranderen porrotaz harago doa. Eraikuntzan eginiko inbertsioek %9,6 egin zuten behera iaz, eta etxeen prezioak jaitsi egin ziren. Azken urteetako burbuilaren ondoren, abenduan bakarrik etxe berrien batez besteko prezioak %0,4 egin zuen behera —ekainaz geroztik ari da merkatzen—, 2015az geroztik hilabete bakarrean izandako jaitsierarik handiena. Bigarren eskukoen merkatua ere %0,58 jaitsi da. Alegia, inbertsiogileek ez dituzte espero zuten prezioak saltzen etxeak.

Jaitsiera txikiak dira, baina joera bat markatzen dute, eta kontuan hartu behar da munduko etxe merkaturik handiena dela Txinakoa. Capital Economics atariaren arabera, eraikuntza bere osoan hartuta, %30eko pisua du Txinako BPGan, eta gaur egun hogei milioi etxe daude plano gainean salduta eta eraiki gabe herrialdean. Horri aurre egiteko, Txinako gobernuak pizgarri ekonomikoak onartu ditu, familiek maileguak modu hobean lor ditzaten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.