Xabier Iturbe. Euskalteleko presidentea

«Txikiak gara, eta norbaitek jan gaitzake; hazi egin behar dugu»

Euskaltel Espainiako merkatuan sartu berri da, Virgin markarekin. Enpresa txikiagoen bigarren mailatik igo eta handien lehen mailan lehiatzea da xedea. Euskaltel «betikoa» dela ziurtatu du, «hemengoa» dela.

GORKA RUBIO / FOKU.
Irune Lasa.
Andoain
2020ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Euskaltelen finantza zuzendari zen Xabier Iturbe (Pasaia, Gipuzkoa, 1963) 2000ko dotcom-en krisia iritsi zenean. Gero, Kutxako lehendakaria zen 2008ko finantza krisiak eztanda egin zuenean. «Beti alde txarrean» egotea tokatu zaiola dio, baina oraingoan «alde onean» dagoela.

[YouTube]https://youtu.be/m1c-jUHIDqA[/YouTube]

Nola joan dira alarma egoeraren hilabete hauek Euskaltelen, lanari dagokionez? Ez zaudete sektore kaltetuenen artean.

Egia esan, egoera berezia izan da. Barruan, hasiera-hasieratik funtzionatu dugu telelanean, eta dena ondo joan da; ohituta geunden. Kanpoaldera begira, bezeroekin test bat izan da. Trafikoa izugarri handitu zaigu; Interneten, %70-%80, eta sakelakoetan, askoz gehiago, %200-300. Gure estutasunekin, baina sareak oso ondo eutsi dio, eta frogatu da Euskaltelek azken hogei urteetan zuntzean egindako inbertsioak egokiak izan direla.

Osasun krisiaren ostean krisi ekonomikoa dator. Nahiz eta telekomunikazioetan oparoa dirudien etorkizunak. Beldur zarete familien eta enpresen kontsumoa gutxituko ote den?

Luze gabe, gu alde onean gaude; gure bezeroek hor jarraitzen dute, kontsumoan eta ordaintzen. Baina, krisi ekonomikoa badator, guk ere jasoko dugu eragina; jendeak bere produktuen maila jaitsiko du, berankortasuna ager daiteke. Noski, beste batzuei baino gutxiago, baina egoera ekonomikoak eragingo digu.

Alarma egoeran Espainiako Gobernuak hainbat muga jarri dizkie operadoreei, zenbaki berarekin konpainiaz aldatzeari (eramangarritasuna) eta abar. Izan du horrek eraginik Virginen merkaturatzean?

Operadoreei ondo etorri zaigu bi hilabeteko geldialdi bat egotea eramangarritasunetan. Sektorean beti gabiltza altak-bajak-altak... Ibaiaren aurka arraunean zaudela, diru asko gastatzen duzu banatzaileetan, komisioetan, zertarako eta lehen bezala gelditzeko. Orduan, eramangarritasunena geldituta egonda, aurreztu egin dugu. Eta Virginen aldetik ere ondo etorri zaigu; denbora eman digu gauzak prestatzeko. Aurreikusia genuen Virgin maiatzean merkaturatuko genuela, eta zortea izan dugu: maiatzaren 20an atera genuen Virgin merkatura, eta eramangarritasunentzako mugak maiatzaren 26an kendu ziren.

Helburu handinahiak dituzue Virginekin.

Guretzat momentua oso interesgarria da. Lehen bi ginen bakarrik, Euskaltel eta Telefonica; orain, bost gara. Euskaltelek azken urteetan hazteko beharra ikusi zuen, eta, horrela, aurrena R erosi zuen Galizian, eta gero Telecable Asturiasen.

Ikusi zen gehiago hazi behar zela, irten, bestela arriskuan zegoela Euskaltelen egonkortasuna luzera begira. Arazoa zen irtetea ez zela horren erraza. Sare propioa bagenuen hemen, baina kanpoan ez. Eta marka ere arazoa zen: hemen Euskaltel markarekin oso ondo saltzen dugu, baina hemendik kanpora ez horren ondo. Eta horrela, bi akordio egin ditugu: batetik, Orangerekin eta Telefonicarekin, sarea alokatu ditugu, eta, bestetik, Virgin marka alokatu dugu. Orain badugu sarea; badugu marka; hasi gara saltzen, eta esperantza handiak ditugu.

Espainian lehia ankerra da. Merkatua irabazteko modu bakarra besteei kentzea da.

Horrela da. Hor oso garrantzitsua da kontuan edukitzea Espainian urtero-urtero lau milioi pertsonak aldatzen dutela operadorea, ia laurdenek. Operadore tradizionalekin lehia handia dago, Movistar, Vodafone. Eta prezio apaleko marka berri asko daude. Batzuek zerbitzu ona ematen dute, baina garestiak dira; beste batzuk merkeak dir,a baina zerbitzu txarra dute. Tartean sartu behar du Virginek, oreka bilatzen, nahiko zerbitzu ona eman nahiko prezio onean. Eta gure merkatua lau milioi horiek dira. Hor zati handia lortzen badugu, bost urtean bikoiztu egingo dugu Espainiako merkatuan daukagun %15a.

Hazteko beste modu bat bat-egiteak dira. Etor daiteke norbait zuek irenstera?

Orain merkatuan kontsolidazio bat izango balitz, gu txikiak gara, eta norbaitek jan gaitzake; horregatik hazi behar dugu. Handitu eta besteen mailan jarri, eta gero gerokoak. Ez dakigu zer gertatuko den, baina, akordio bat egin behar baldin bada, izan dadila beste modu batera, ez gu janda.

Euskal Herrian arerio bat gehitu zaizue Masmovilekin, Guuk markarekin.

Hemen bost lehiakide gaude: Telefonica-Movistar, Vodafone, Orange, Masmovil eta gu. Gu oso ohituta gaude lehiatzen, eta besteek hemen askoz ere kuota txikiagoa daukate, adibidez MasMovilek; eta denek bilatzen dituzte moduak hemen, Euskal Herrian, euren kuota igotzeko. Batzuek eskaintza bereziekin egiten dute; beste batzuek, prezio apaleko markekin, eta dirudienez, orain Masmovilek beste marka batekin. Gu ohituta gaude; badakigu denak saiatuko direla guri kuota kentzen, baina guk gure kuota babestuko dugu.

Euskaltelen kuota handia da: bezero partikularretan, %30...

Partikularretan, %35, eta enpresetan, %50. Eta jakina, mundu guztia horren aurka doa, taktika batekin edo bestearekin. Saiatu dira, orain arte ez dute lortu, eta espero dugu etorkizunean ez lortzea.

Taktikez ari garela. Orain gutxi Masmovilen euskaltasuna zalantzan jarri duzu; bueno, zalantzarako tarte gutxi utzita.

Masmovil Madrilgo enpresa bat da.

Egoitza soziala Donostian du.

Donostian ez dauka ezer. Esan nuen: joan eta bilatu; ez duzu aurkituko.

Egia da mezu horrekin datozela.

Esan dizudana, bakoitzak bere taktika dauka; saiatu dira modu batera, orain beste batera; modu askotan saiatuko dira.

Nire irudipena da, edo Euskaltelek bere euskaltasuna aldarrikatu beharrean ikusi du bere burua?

Gertatu dena da azken bi urteetan Euskaltelen transformazio prozesu bat egon dela; R eta Telecable erosi dira, akziodun ingelesak etorri dira, izan dira iskanbilak eta gauzak. Eta segur aski jendea pixka bat despistatu egin da Euskalteli buruz. Agertu diren gauza asko argitu nahi ditugu guk, eta esan Euskaltel betikoa dela, betikoa eta, izenak esaten duen bezala, hemengoa.

Marketineko irakasle batek esaten zidan markarekin koherentzia mantentzea inportantea dela, esana eta izana gauza bera izatea. Ez dakit ados zauden.

Bai, noski; hori marketinean eta beste gauza askotan. Koherentzia oso inportantea da bizitzan, eta gu hori saiatzen gara mantentzen.

Euskaltasunarekin.

Bai, Euskaltel hemengoa da, hemen gaude, langileak Euskal Herrian daude, bezeroak hemengoak dira, marka hemengoa da, lotura emozionala dago arlo askotan, hasita txirrindularitzarekin, marea laranjarekin... Euskaran ere sartuta gaude; asteartean Euskaraldiara goaz. Gu hemengoak gara; ez dugu ezer berezirik egin behar, soilik esan zer garen eta zer egiten dugun.

Azpimarratu izan duzu finantza operazioetatik harago borondate industriala duzuela.

Ikuspegia. Hasiera-hasieratik kutxek, eta beste akziodunek ere, ez daukate luze gabeko finantza ikuspegi bat. Gurea beti ikuspegi industriala izan da: luzera begirakoa, erdi-erdian bezeroa eta haren beharrak jarrita. Horretarako, pixkanaka, gure kabuz —ez beste enpresekin bat eginez— hobetuz joan gara. Produktibitatea, berrikuntza eta haziz joatea, hori da gure proiektua, eta gure zuzendari nagusi Jose Miguel Garciak ere ikuspuntu bera dauka, horretara lerratuta gaude. Eta horren ondorioa da Euskal Herritik kanpora gure kabuz joan garela, gure indarrekin, gure markarekin, gure jendearekin... Hemengo beste enpresak kanpora joaten direnean bezala.

Txirrindularitza gustuko duzu?

Beti, txikitatik gustatu izan zait.

Nolatan itzuli da Euskaltel txirrindularitzara?

Proiektu bat egon delako. Bere garaian Euskadi Fundazioaren bitartez proiektu oso interesgarri bat sortu zen, eta sartu egin ginen, eta han hamazazpi urtez egon. Proiektu hura bukatu egin zen. Txirrindularitza bera ere asko nahastu zen, UCI Pro Tourrekin, dopinarekin... Proiektua bukatu zen, eta guk utzi egin genuen babesa. Orain, beste proiektu bat sortu du Fundazioak, Mikel Landarekin. Proiektuak itxura ona dauka; guri gustatu zaigu, eta berriro babestea erabaki dugu.

Hor ere saiatu omen zen Masmovil.

Ez dakit. Ea, saiatu-saiatu, esan dizut, taktika asko erabiltzen dira guri merkatua kentzeko, eta segur aski saiatuko ziren, baina Euskaltel-Euskadi jada marka bat da, marea laranja marka bat da, kolorea bera... Argi dago Euskaltel-Euskadi Euskaltelek bakarrik egin dezakeela.

Asko aldatu da Euskaltel zu kanpoan zinen bitartean?

Asko. Sektorea eta Euskaltel biak aldatu dira. Ni nengoenean, ezaugarri nagusia zen bakoitzak bere sarearen bitartez egiten zuela, eta bi ginen bakarrik. Sareak liberalizatu ziren, eta sareak orain banatu egiten dira; inork ez dauka sarea beretzat bakarrik. Eta horrek lehia aldatu du; ez da berdina biren edo bosten arteko lehia.

Euskaltelek bere sarea saltzeko asmoa zuela argitaratu izan da.

Baina Euskaltelek inoiz ez du hori esan. Gauza horiek atera egiten dira; ez dakigu nondik edo zeinen interesengatik, edo berriro taktikak diren. Baina Euskaltelek ez dauka sarea saltzeko asmorik. Euskaltelek bere sarea kudeatu eta egokitu behar du egoera berrian, orain ez baita efizientea sarea operadore bakarrak erabiltzea. Operadoreek euren sareak irekitzen dizkiete besteei; besteenetan sartzen dira. Euskaltel oraindik ez da sartu horretan, baina sartuko gara; gure sarea ireki egin beharko dugu. Eta inbertsioak egin beharko ditugu: Espainian Virginekin arrakasta baldin badaukagu, arrakasta dugun toki horietan ez du zentzurik izango alokairuan egotea, eta ondo aterako zaigu sare zati horiek erostea. Horretarako, dirua beharko dugu, eta beste inbertsiogile batzuekin joango gara... Hori guztia kudeatu beharko dugu.

Zorra zama handia zaizue?

Ez, zor maila normala daukagu. Zortea daukagu, interesak oso behean daudelako; beraz, gure finantza zama oso eramangarria da.

Zazpi hilabete daramazu Euskaltelen lehendakari gisa. Zer ekarpen egin du Xabier Iturbek Euskaltelen? Zertara zatoz?

Ni nator Euskaltel beste maila batera igotzera. Bigarren mailan gaude, ez okerragoak garelako, baizik eta merkatuaren %15ean soilik gaudelako. Hori, luzera begira, oso arriskutsua da. Eta nire helburua da pasatzea bigarren mailatik lehenengo mailara: Espainiako beste lau operadoreei aurrez aurre begiratzea, berdintasunez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.