Txibitek salatu du irain matxistak jaso dituela nekazarien protestan, Erriberrin

Iragarri du jazarri egingo zaiela iraintzaileei: «Presidente bati puta deitzeak ez du lekurik esfera publikoan».

Maria Txibite
Maria Txibite Nafarroako presidentea eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Erriberriko gazteluan. J. D. / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko martxoaren 4a
16:05
Entzun

Maria Txibite Nafarroako presidenteak salatu egin ditu gaur Erriberrin bildutako nekazari talde batek oihukatu dizkion irain matxistak. Esan du protesta eta iritzi eskubidea errespetatzen duela, baina nabarmendu du presidente bati «puta» deitzea onartezina dela, eta iragarri jazarri egingo zaiela iraintzaileei. Foruzaingoa kasua ikertzen ari da, eta lanean hasia da dagoeneko irainka aritu direnak identifikatzeko.

Txibitek, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Alain Rousset Akitania Berriko presidenteak Euroeskualdeko urteroko bilera egin dute Erriberrin, eta bertan protesta egiten ari ziren nekazariek iraindu dute. Txistu artean hartu dute Txibite, eta irainak oihukatu. Txibitek azaldu du nekazarien aldarrikapenak ulertzen dituela, baina horregatik ez duela onartuko inolako irain matxistarik.

«Irain matxista hauek ez dira zigorrik gabe geratuko, are gutxiago Martxoaren 8ko aste honetan. Emakumeok egunero jasaten dugun indarkeriaren adierazle bat dira».

MARIA TXIBITE Nafarroako Gobernuko presidentea

Nafarroako lehendakariak salaketa irmoa egin du: «Nik errespetu handia diot ordezkatzen dudan erakundeari, eta, ondorioz, errespetu handia diet emakumeei eta neure buruari. Irain matxista hauek ez dira zigorrik gabe geratuko, are gutxiago Martxoaren 8ko aste honetan. Emakumeok egunero jasaten dugun indarkeriaren adierazle bat dira».

Erriberrin nekazari talde bat bildu da, eta haien traktoreak bide ertzean utzi dituzte. Hala ere, ez dituzte herriko sarrerak oztopatu, eta agintariak Erriberriko gaztelura iritsi ahal izan dira. Han, Foruzaingoa eta Guardia Zibila zuten zain. Nekazariek eskuorriak banatu dituzte, eta ozen egin dute protesta agintariak iritsi direnean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.