Maria Txibite lehendakariak Nafarroako Industria Mahaian jakinarazi duenez, bere gobernuak inbertsio funts bat sortuko du kapital publiko-pribatuarekin, enpresa proiektuak garatzen laguntzeko. Ez du zenbatekorik eman, baina aurreratu du aurten egongo dela martxan. «Funtsak nahikoa zuzkidura izango du kaudimena duten enpresa proiektu guztiei erantzuteko», adierazi du Txibitek.
Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilariaren arabera, lagunduko dituzten proiektuak «sektore estrategikoetakoak» izango dira; horietako batzuk jada «identifikatu» ditu gobernuak. Dena den, Industria Mahaiko kideei eskatu die egitasmo berriak bilatzeko eta proposamenak egiteko —horko kide dira patronalak, hiru sindikatu (UGT, CCOO eta LAB) eta klusterrak—. Mikel Irujo Industria eta Trantsizio Ekologiko eta Digitaleko kontseilariak ere parte hartu du bileran. Nafarroan egoera zailean daude enpresa handi batzuk: BSH, Sunsundegui eta Nano Automotive, besteak beste.
Gobernuak azaldu du funts hori martxan jartzeko araudian aldaketa batzuk egin beharko dituela eta horiek prestatzen ari dela. Aldi berean, jakinarazi du inbertsio funts pribatuekin hitz egiten ari dela, egitasmoan parte har dezaten. Bigarren fasean, txikizkako inbertitzaile pribatuek ere parte hartu ahal izango lukete.
Inbertsio funtsa sortuko dutela iragartzeaz gain, Txibitek enpresak laguntzeko beste tresna bat ere iragarri du: pakete fiskal bat, kenkariekin eta beste neurri batzuekin. Ez du zehaztasun gehiago eman.