Txertaketei esker, hazkunde iragarpenak handitu ditu Bruselak

Iker Aranburu.
2021eko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
«COVID-19aren itzala Europako ekonomiatik urruntzen ari da». Esaldi horrekin laburtu du egoera ekonomikoa Paolo Gentiloni Europako Batzordeko Ekonomia komisarioak. Urte hasiera kaskar batean berriro atzeraldi teknikoan erori ondoren, dagoeneko martxa ari da hartzen jarduera ekonomikoa, txertaketak erritmoa hartu ahala. Horren ondorioz, puntu erdi bat handitu du aurtengo eta datorren urteko hazkunde iragarpena euroaren eremuan: %4,3 2021ean eta %4,4 2022an.

Giro ekonomiko hobeak, gainera, EBko kide guztiei egingo die mesede, eta, horri esker, denek datorren urtea amaitu baino lehen berreskuratu beharko lukete pandemiaren aurretik zuten jarduera.

Hazkundearen buru, 2020an kolperik handiena jasan duten estatukideak izango lirateke: Espainia (+%5,9) eta Frantzia (+%5,7). 2022an, berriz, Espainia haziko litzateke gehien (+%6,8) eta Italia ondoren (+%4,4). Hain zuzen ere, bi estatukide horiek jasoko dute diru gehien Europako Batasuneko 750.000 milioi euroren suspertze funtsetik. Lehen diruak urtearen bigarren erdialdean iritsiko direla kalkulatu duEuropako Batzordeak bere iragarpenetan.

Laguntza publikoen alde

Gentilonik azaldu duenez, hiru izango dira EBren ekonomiaren suspertzearen motorrak: azken urtean blokeaturik izan den gastu pribatua, enpresen inbertsioak, eta esportazioak. Edonola ere, komisarioak ohartarazi du goizegi dela azken urteko motorra itzaltzeko, gastu publikoarena. «Inoiz ikusi gabeko laguntza publikoa funtsezkoa izan da —eta horrela da orain ere— Europako langileei eta enpresei ekaitza pasarazteko».

Gastu publiko horrek, ordea, badu bere alde txarra: defizit publikoa %8ra iritsiko da aurten, eta %4ra datorren urtean. Horren ondorioz, zor publikoa ez da gutxienez 2023ra arte jaitsiko BPGaren %100etik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.