Txantxarra hortz klinika handietan

Vivanta taldeak hortz klinika guztiak itxi ditu, eta hainbat tratamendu utzi ditu kobratuta eta amaitu gabe. Prezio merkeagoak eskaini ohi dituzte konpainia handiek, baina, EKAren arabera, oso «kaltebera» uzten ditu kontsumitzaileak.

Dentista bat, artxiboko irudi batean. BERRIA
Dentista bat, artxiboko irudi batean. BERRIA
Igor Baigorri Perez (2)
2026ko urriaren 31
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Klinika handi batek porrot egin, eta pazienteak bazterrean geratu dira. Vivanta enpresak hortz klinika guztiak itxi ditu, eta tratamendua erdizka dutela geratu dira bezero ugari. Euskal Herrian zazpi klinika itxi dituzte. Horietatik bost, egun batetik bestera: Gasteizen, Bilbon, Barakaldon, Portugaleten eta Donostian. Iruñean ere beste bi klinika zituen konpainiak, eta han irail erdialdean itxi zituzten ateak.

Enpresak ez du dirurik tratamenduak emateko, eta gainera berrogei milioi euroko zorra du SEPI Industria Partaidetzarako Espainiako Sozietatearekin. Hain justu, 2022an eman zion Espainiako Gobernuak mailegua, enpresaren itxiera eragozteko. Mailegua itzultzeko epeak ere malgutu dizkio, lehenengo 2028ra arte, eta ondoren 2032ra arte. Baina hala ere ezin izan dio egoerari eutsi.

Aestas taldearen barruan dago Vivanta, eta irail hasieran sartu zen hartzekodunen konkurtsoan. Eta izan ditu eskaintzak; Donte Group —Vitaldenten jabea—, esaterako, prest agertu da kliniken sarea erosteko. Baina urriaren 21ean iraungi zen eskaintza hori; izan ere, hautagaiak ez zuen SEPIren berrogei milioi euroko zorra bere gain hartu nahi izan, eta Europako Batzordeari galdegin zion ea zor hori barkatu zitekeen. Ez du erantzunik jaso oraindik.

(ID_17931969008205) (/EZEZAGUNA) Vivanta hortz klinika
Vivanta konpainiak Bilbon duen hortz klinika. BERRIA

Vivantak guztira 130 klinika eta 1.335 langile ditu, eta 30.000 tratamendu inguru egiteko konpromisoa. Bezero horietako askok hasita daukate tratamendua. Gainera, batzuek aurretik ordainduta zeukaten, horrela funtzionatzen baitute hortz klinika handiek; kontsumitzaile elkarteen arabera, modelo hori arriskutsua da kontsumitzaileentzat.

Tratamendu batzuek urteak irauten dute, eta beste batzuek, hilabeteak; bezeroek hasi aurretik ordaintzen dute, izan zuzenean, izan kreditu bidez. Hortaz, klinikak hasieratik jasotzen du tratamendua egiteko dirua. Horrek prezioak txikitzeko eta irabaziak handitzeko beta ematen dio enpresari, baina egoera okertzen denean —salmentak gutxitzen direnean, adibidez—, arazoa izugarri larritzen da, pazienteak tratamendua ordaindu duen arren enpresak ez duelako eskariari aurre egiteko adina diru.

Antzeko zerbait gertatu zitzaion Dentix konpainiari. 2020ko azaroan itxi zituen klinikak; 19 zituen Euskal Herrian, eta 180 guztira. 100.000 bezero baino gehiago geratu ziren tratamendua ordainduta eta amaitu gabe zeukatela. Urteak iraun zuen tirabirak, eta azkenean, 2025ean, AEBetako KKR funtsa akordio batera iritsi zen hartzekodunak asebetetzeko, bost urte geroago.

Gomendioak kaltetuentzat

Markel Etxebarria EKA Euskal Herriko Kontsumitzaileen Antolaketako bozeramaileak adierazi du halakoetan epeak luzeak direla, eta dirua berreskuratzea ez dagoela bermatuta. Zera erantsi du: «Erdizka gelditu diren tratamenduekin egoera are konplexuagoa da. Kontratua bertan behera gelditzen da, baina etete horrek ondorioak izan ditzake osasunean, eta premiazkoa da beste profesional batengana jotzea tratamenduaren egoera baloratzeko».

EKAko kideak negozio ereduari egotzi dio gertatutakoa. Halako kateek prezio merkeagoak eskaintzen dituzte, eta finantzaketa erraztu. Baina arazoak izaten dituztenean kontsumitzaileak oso «kaltebera» uzten dituztela ohartarazi du: «Ez da lehen aldia hortz kliniken sektorean halako zerbait gertatzen dena».

«Kontsumitzaileak eskubidea du klinika itxita egon arren historia kliniko osoa eta erradiografiak jasotzeko eta tratamendua zertan den jakiteko»

MARKEL ETXEBARRIA EKAko bozeramailea

Hala EKAk nola Kontsumobidek hainbat gomendio egin dizkiete kaltetuei; oro har, erreklamazioa ahalik eta azkarren egiteko eta historia klinikoa, aurrekontua, tratamendu plana, fakturak eta ordainagiriak biltzeko. «Kontsumitzaileak eskubidea du klinika itxita egon arren historia kliniko osoa eta erradiografiak jasotzeko eta tratamendua zertan den jakiteko. Eta klinikak uko egiten badu, erreklamazioa jar dezake Datuak Babesteko Espainiako Agentzian», jakinarazi du Etxebarriak.

Gainera, alde batetik, tratamendua ordaintzeko kreditu bat kontratatu zutenek ordaintzeko dituzten kuotak geldiarazteko eska diezaiokete finantza erakundeari, eta eman gabeko zerbitzuari dagokion zatia erreklama dezakete. Eta bestetik, Vivantari beren poltsikotik ordaindu ziotenek konpainiari egin beharko diote erreklamazioa zuzenean, eta hartzekodun bihurtu beharko dira.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA