Ardogintza

Txakolingileek kezka handia dute 2021. urtearekin

Getariako Txakolina sor-markak %30 handitu du ekoizpena, eta zail ikusten du dena saltzea.

Mahastiak Getarian. JON URBE / FOKU
Iker Aranburu.
2021eko urtarrilaren 14a
18:45
Entzun

Urte zaila izan da 2020. urtea txakolingileentzat, baina 2021a are zailagoa izatea espero dute. Hainbat astez tabernak eta jatetxeak itxita egoteak %15 jaitsi zituen Getariako Txakolina sor-markaren upeltegien salmentak. Ekoizle batzuen galerak are handiagoak izan ziren, kontuan hartuta batzuek ekoizpen osoa saltzen dutela ostalaritzaren bitartez.

«Arazo nagusia», ordea, hasi berri den urtean etorriko dela aitortu du Getariako Txakolina jatorri izenak. Izan ere, uzta «aparta» izan dute Gipuzkoako mahastizainek, kalitatean ez ezik, baina kantitatean ere. 2019ko uzta baino %30 handiagoa izan da 2020koa: 4,35 milioi mahats, hiru milioi litro, eta 3,9 milioi botila. Hori guztia saltzeko lanak espero ditu, nahiz eta «txakolin biribila eta oso orekatua» den, 11,5-12 gradukoa.

Ardo horren zati bat esportaziora joango da. Iaz, 560.000 botila saldu zituzten Hego Euskal Herritik eta Espainiatik kanpora, eta horien erdiak, AEBetan. Uneotan geldi daude esportazioak, eta, «aktibatzea» espero duen arren, uste du nekez iritsiko direla aurreko urteotako mailara.

2020ko uzta igandean aurkeztuko dute Getarian, baina, COVID-19a dela eta, ez da frontoian egingo, baizik eta Balenciaga museoan, eta hedabideentzat bakarrik.­

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.