Twitterrek bulegoak itxi ditu, ehunka langilek dimisioa eman ondotik

Elon Musk jabeak iragarri du asko zorroztuko dituela lan baldintzak, eta gogor mehatxatu ditu

Uxue Rey Gorraiz - Imanol Magro Eizmendi
2022ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Twitter ixteko zorian al da? Munduko sare sozial handienetakoak hondoa joko al du? Oraingoz badirudi ezetz, baina kinka larrian dago, eta astelehenera arte salbuespen egoera betean egongo da. Izan ere, Elon Musk jabe berriak erabaki du asteburu honetan bulegoak ixtea, langileekin izaten ari den arazoen eraginez. Duela astebete, lantaldearen erdia kaleratu zuen, eta, gelditzen zirenei lan baldintzak asko gogortuko zizkiela iradoki ondoren, askok dimisioa eman dute. Horiek horrela, ikusteko dago mantentze lanekin eta zibersegurtasunarekin loturiko lan guztiak modu egokian gauzatuko diren.

Bi aste baino ez dira igaro Muskek Twitter erosi zuenetik, 41.000 milioi euroan, eta haren kontrola hartu zuenetik. Hartaz geroztik, Teslaren fundatzailea ia egunero izan da albiste. Ordainpeko erabilera ezartzeko aukerarekin hasi zen, gero erabiltzaile batzuek hainbat enpresaren Twitter kontu ofizialak erostea lortu zuten, ondoren iritsi zen kaleratzeen zaparrada, eta azkenik, atzoko ihesaldia.

Muskek aste hasieran jakinarazi zuen langileak estu hartzeko asmoz zebilela. «Oso gogor lan egiteko prest» egon zitezela esan zien, edo bestela lana utz zezatela. Joaten zirenei hiru hilabeteko soldata hitzeman zien kaleratze kalte-ordain gisa, eta ehunka langilek onartu dute. Atzo hainbatek eman zuten bere irteeraren berri Twitterren, eta curriculuma jarri zuten sare sozialetan, lana bilatzeko. Gehienak prestakuntza bereziko langileak dira: ingeniariak, programatzaileak...

Dimisioa emanagatik ere, askok Twitterren barrunbeetara sartzeko modua zuten oraindik, eta hori eragozteko itxi ditu bulegoak Muskek. «Sabotajea jasateko» arriskua murriztu nahi izan du. Bulegoen itxiera ez da fisikoa bakarrik: langile ohien konpainia barneko profilak eta haien helbide elektronikoak ere itxi ditu.

Dimisio horiek egoera zaurgarrian utzi dute sare soziala. Adituen ustez, oraintxe bi dira arazo gehien eman dezaketen arloak. Batetik, zibersegurtasuna dago. Gaur egun, edozein enpresa handik milaka zibereraso jasaten ditu egunero, eta Twitterren gisako sare sozial batek are gehiago. Iragan asteko kaleratuen artean Lea Kissner zegoen, zibersegurtasun arloko arduradun nagusia.

Bestetik, Twitterren burmuina diren zerbitzarien mantentze lana dago. Horiek etengabe berritu beharra dago, eta, zerbaitek kale eginez gero, sare sozial osoa erortzeko arriskua dago. Lan horrek jende asko behar du egunerokoan.

'#RIPTwitter'

Sarearen akaberari buruzko mezuz bete zen atzo Twitter. #RIPTwitter traola zabaldu zen gehien. Elon Muskek, berriz, eta harengan ohikoa denez, txantxak egin zituen bere profilean. Hilerrira joan eta hilarri baten aurrean selfie-a ateratzen duen gizonaren meme-a jarri zuen, sare sozialaren ikur den txoriarekin. Horren aurretik, mezu hau zabaldu zuen: «Eta... erabiltzaile kopuruaren langa igo dugu berriz, kar-kar...».

Enpresaren itxiera fisiko zein birtualak egonkortasun pixka bat bermatu beharko luke asteburuan, baina ikusteko dago zer ekaitzek astintzen duen astelehenean. AEBetako webgune berezituetan nabarmendu dute Muski asko kostatuko zaiola galdu duen eskulan berezitu hori ordezkatzea. Bitartean, asko handitu da Instagram eta Mastodon sare sozialen erabiltzaile kopurua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.