Tuterako Nano Automotive enpresa likidatzeko prozesua hasi duela jakinarazi die zuzendaritzak lantegi horretako 120 langileei, eta, beraz, kalera joango direla. Gutun baten bidez eta telefonora mezuak bidalita helarazi die erabakia, eta adierazi die lantegia martxan izatea «ezinezkoa» dela, «bezeroen eskaria drastikoki murriztu delako». Zailtasunak gainditzeko «eginahalak» egin dituztela diote arduradunek. Nano Automotivek konkurtsoa egiteko tramiteak gaur bertan hasiko ditu. Behin izena emanda, epaitegi likidatzaileak hartuko ditu enpresari buruzko erabakiak aurrerantzean.
Autogintzaren sektorerako egiten du lan Nano Automotivek, errodamenduak egiten, eta, sektore horretako beste hainbat enpresak bezala, garai txarra durw. Langileek kolpe gogorra hartu dute, baina neurri batean espero zuten erabakia. Jesus Perez Txiki enpresa batzordeko kideak Tuterako lantegiko zuzendaritzari leporatu dio erantzukizuna. «Gauzak ez dira ongi egin. Ez dira beharrezko inbertsioak egin, eta kudeaketa txarra izan da». Adibidez, salatu du enpresak urteotan ez duela bezero gehiagorik bilatu, eta soilik SFK markari saltzen dizkiola produktuak. «Oso arriskutsua da hori, dependentzia handia sortzen baita. Eskaria txikitzen bada, gureak egin du».
Nano Automotivek urteak daramatza ataka estuan. «KPFk enpresa erosi zuenetik», zehaztu du Perezek. 2011. urtean, Koreako KPF konpainiak errodamendu eraztunen forjaketa eta torneaketa eremuak erosi zizkion Tuterako SFK enpresari; 2014an, KPFk hartzekodunen konkurtsoa egin zuen, eta likidazioan sartu zen. Erosteko eskaintzak aurkezteko epea ireki zen, eta bost proposamen izan ziren: azkenean, Nanoren aukeraren alde egin zuen. Enpresa hori ere Koreakoa da, eta 3,5 milioi euro ordaindu zituen. Gainera, iragarri zuen beste zortzi milioi euro jarriko zituela inbertsioetarako.
Orduan hartu zuen enpresak Nano Automotive izena; 2021eko ekainean berriz ere hartzekodunen konkurtsoa abiatu zuten. Bazirudien itxi egin beharko zutela lantegia, epaileek hasieran ez baitzuten onartu bideragarritasun plana, baina, negoziatzen bi urte baino gehiago eman ondoren, hartzekodunekin hitzartu zuten hamar urteren buruan zorra osorik kitatuko zutela, eta, hala, lanean jarraitu zuten. Konpainiak hamar milioi eurotik gorako zorra zuen garai hartan.
Nano Automotive urtea hasi zenetik dator gain behera. Urtarrilaren 14tik, ekoizpeneko hainbat atalek jarduera eten dute, eta enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteetan sartu dituzte langileak. Urtarrilaren 23an elkarretaratzea egin zuten enpresaren egoitzaren aurrean, eta ohartarazi enpresa likidatzeko arriskua zegoela. Gainera, enpresa batzordeak salatu zuen ez zegoela elkarrizketa «serio eta iraunkorrik» zuzendaritzarekin. «Enpresaren jabeak eta arduradunak ez daude hemen bertan, egoera konpontzeko ahaleginetan».
Beste kolpe bat Nafarroako industriarentzat
Garai txarrak dira Nafarroako industriarentzat, eta, egoera konpondu dadila eskatzeko, manifestazioa egingo dute igandean, Iruñean. Nano Automotiveko langileak daude deitzaileen artean. Enpresa horrek ez ezik, etxetresna elektrikoak ekoizten dituen BSH enpresak ere asmoa dauka Ezkirozko lantegia ixteko, eta seiehun langile geratuko dira kalean. Altsasuko Sunsundegui autobus ekoizlea ere larri dabil, Volvok bertan behera utzi eta gero Altsasuko enpresarekin zuen kontratua. Siemens Gamesak ere 129 langile kaleratuko ditu bulegoetan; Villatuertako Tenerias Omegak, berriz, iazko irailean iragarri zuen lantegia itxiko zuela, eta 79 lanpostu kolokan daude. Nafarroako Volkswagenen, aldi baterako espedientean daude langile ugari, lan zamak behera egin duela eta.
Langileek adierazi dute lur jota daudela. «Ez duzu inoiz halakorik nahi, baina ez gaitu harritu». Esan dute enpresa ixtea denbora kontua zela, «argi baitzegoen egoera ez zela ona». Mobilizazioak ere iragarri dituzte: ostiralean manifestazioa egingo dute Tuteran, eta, igandean, Nafarroako industriaren defentsan egingo den manifestazioan parte hartuko dute, Iruñean. Enpresa batzordean hiru ordezkari ditu CCOOk, hiru ELAk, bi UGTk eta bakarra Solidarisek.
Etorkizunari begiratuta, ezkorrak dira. «Amaiera da hau, Nano izenarekin behintzat». Halere, espero dute inbertsoreren baten interesa piztea, erakargarriak direlakoan baitaude. «Martxan gaude. Makineria badaukagu, eta jende kualifikatua ere bai». Perezek uste du enpresa bideragarri egin daitekeela bezero gehiago lortuz gero.
Alkatea, gobernuarekin haserre
Horren harira, Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak esan du lan egingo duela langileak beste lanpostu batzuetan jartzeko. Komunikabideei egindako adierazpenetan, presidenteak mezu bat helarazi die beharginei, eta esan «gobernua haiekin» dagoela eta ahaleginak egingo dituztela «guztientzako konponbideak aurkitzeko».
Alejandro Toquero Tuterako alkateak (UPN), berriz, Nafarroako Gobernuaren aurka egin du sare sozialetan argitaratutako mezu batean. PSNri eta Geroa Bairi egotzi die ezer ez egin izana kaleratzerik izan ez zedin. Urtarrileko osoko bilkuran Toquerok ohartarazi zuen «itxura oso txarra» zuela Nano Automotiven egoerak, eta Mikel Irujo Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari eskatu zion «ahal zuen guztia» egin zezala enpresaren etorkizuna bermatzeko eta lanpostuei eusteko. Sodenaren laguntza ere eskatu zuen Nano Automotiven bideragarritasun plana diseinatzeko.