Xehetasun gehiagoren faltan, heldu dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako turismoaren datu aurreratuak. Eta, erakusten dutenez, indarra hartu du sektoreak. Lehen seihilekoan %4,2 hazi da, pandemia aurreko datuekin alderatuz gero. Hala jakinarazi du Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak.
Kanpotik datozen turisten kopurua ere berreskuratu da, aurreko urteetan hona bidaiatzeko izan dituzten oztopoak tarteko. Duela hiru urte baino gehiago etorri dira; hain zuzen, %3,9 egin dute gora atzerritarrek.
Hala, «uda honetako aurreikuspenak betetzen» ari direla adierazi du sailburuak; «berri oso onak dira oso gaizki pasatu duen sektore batentzat». Ikusteko daude uda bete-beteko datuak zehazki zeintzuk diren; Eustatek laster argitaratuko du uztailari dagokion turismoaren balantzea.