«Kanariek muga bat dute». Apirilaren 20an, milaka lagun lelo horrekin mobilizatu ziren uhartediko irla guztietan, Kanaria Handian, Tenerifen zein Lanzaroten. Egungo turismo eredua aldatu nahi dute, turisten gainkargak ondorio lazgarriak baititu bertakoentzat: bizileku bat izatea geroz eta garestiagoa da, naturagune babestuetan hotelak eraikitzen ari dira, eta errepideak eta ospitaleak sarritan kolapsatzen dira. Turista kopuruarekin batera ari dira handitzen langabezia eta pobrezia tasak. «Kanariak ez dira turismotik bizi, turismoa bizi da Kanarietatik», errepikatu zuten behin eta berriz.
Mobilizazioak historikoak izan direla dio Imanol Zuaznabar argazkilariak, duela lau urtetik Tenerifen bizi den euskal herritarrak. Santa Cruzkoan izan zen bera, eta, zer ikusi zuen galdetuta, «haserrea» aipatu du. «Azken hamarkadetan izan dira protestak kontu jakinengatik, proiektu jakinengatik; baina oraingoan kexa orokorra zen». Denetariko leloak ageri zituzten manifestarien afixek: «Turismoak alokairua igotzen dit»; «paradisua ez da zementuarekin eraikitzen»; «ez da turismoa, kolonizazioa da».
Kanarietako biztanleen %26,1 bazterketa arriskuan bizi dira, %13 muturreko pobrezian, eta langabezia tasa %16,2koa da; batez besteko soldata, berriz, hilean 1.630 eurokoa. Datu esanguratsu gehiago: iaz hamasei milioi turistatik gora hartu zituzten, aurten are gehiago izango dira, eta gobernuak 25 milioira heldu arte hazten jarraitzeko asmoa erakutsi izan du. Uharteetan bi milioi lagun pasatxo bizi dira. Biztanleko zortzi turistako ratioa dute, beraz.
Protesten antolatzaileek salatu dute arduradun politikoek eta enpresariek mugarik gabe hazten jarraitu nahi dutela. «Irabazten dituzten milioiak gutxi batzuen artean banatzen dituzten bitartean, tokiko biztanleok sufritzen ditugu jarduera horrek eragindako albo kalteak». Horregatik eskatu diete har ditzatela «euren politika neoliberalek eragindako gentrifikazioa arintzeko neurriak». Hauek errepikatu dituzte gehien: turistentzako ekotasa bat jartzea; hotel gehiago ez eraikitzeko luzamendu bat onartzea; etxebizitzen merkatua arautzea; zerga eredu birbanatzaileago bat ezartzea; eta ingurune naturalak babestea.
«Jendeak badaki batzuek diru izugarri irabazten dutela eta gainontzekook apurrak jaten ditugula».
IMANOL ZUAZNABAR Tenerifen bizi den argazkilaria
«Hitz egiten hasteko gutxieneko eskariak dira», azaldu du Kanarietako Ekologistak Martxan taldeko Eugenio Reyesek, mugimenduaren bozeramaileetako batek. «Horiekin soilik ez dugu egoera konponduko».
Iritzi berekoa da Raul Hernandez Martin, La Lagunako Unibertsitateko Turismoko katedraren zuzendaria. Neurri baliagarriak izan daitezkeelakoan dago, baina ezinbestekotzat jo du «norabide aldaketa bat, plan bat, ahalik eta babesik zabalena jasoko duena». Datozen urteetarako norabideaz hausnartzeko abagune egokia dela uste du.
Turismoa, zertarako?
Nagusiki sare sozialen bidez antolatu ziren manifestariak, eta zenbait eragile ekologistak jaso zuten sareen mandatua. Mobilizazioek babes handia izan dute, eta ezustean hartu dituzte alderdi politikoak. Hernandezek M-15 mugimenduan izandakoekin alderatu ditu: «Ondoez leherketa bat da. Funtsean, ezinegon bat dago, haserre bat, areagotu dena etxebizitza turistikoen, trafikoaren, inflazioaren, langabeziaren eta turistek naturaguneetan dituzten jokabideen ondorioz». Gazteen artean itxaropen falta nabaritzen du, zailtasunak dituztelako ondo ordaindutako enplegu egonkorrak eskuratzeko.
Zuaznabarrek berretsi du herritarrak nekatuta daudela eta egoera perfektua dela horrelako mugimendu bat sortzeko. Argazkilariak 50.000 jarraitzailetik gora ditu X sare sozialean, eta aldarrikapenak azaltzeko argitaratu zuen bideo bat birala egin zen. Han argi zioen: «Ez gara turisten aurka protestan ari, eredu turistikoaren kontra baizik». Azpimarratu du «aberastasun asko» dagoela Kanarietan, baina hori ez dela islatzen gizartean. «Jendeak badaki batzuek diru izugarri irabazten dutela eta gainontzekook apurrak jaten ditugula», laburbildu du.
«Turismoak Kanarietako ekonomiaren motorra izaten segiko du; turismoaren alternatiba, hein batean, turismo hobeagoa da».
RAUL HERNANDEZ MARTIN La Lagunako Unibertsitateko irakaslea
Izan ere, begi bistakoa da sektorearen arrakasta: turismoak sortzen du Kanarietako BPG barne produktu gordinaren %35. Iaz, 22.000 milioi euroren ekarpen zuzena egin zion uharteetako ekonomiari. Reyesen aburuz, ordea, turismoak prekarizazioa eragiten du. Nola da posible? «1.200 euroko soldata bat zertarako nahi dut alokairuan 1.000 gastatu behar baditut?», erantzun du. «Dirua ez banatzeaz gain, eredu honek geroz eta okerragoak bihurtzen ditu bertakoon bizi baldintzak».
Aldaketa beharra
«Posible da eredua zuzentzea? Bai. Erraza da? Ez», hasi da Hernandez. «Kanarietako Gobernuak, tradizionalki, askatasun handiz lan egiten utzi dio turismoaren sektoreari. Hotel batek funtzionatzen bazuen, beste bat eraikitzen zuten alboan; eta horrela etengabe». Eredu horrek, ordea, funtzionatzeari utzi dio. Aldaketak egiteko denbora behar delakoan dago aditua, eta horren inguruan hausnartzearen alde agertu da. «Pentsatu beharko genuke turismoak nola egin diezaiokeen ekarpena ongizateari».
Gakoa, irakaslearen aburuz, turismotik hasita ekonomia dibertsifikatzea da. Dioenez, «aukera handiak» sortzen ditu horrenbeste bisitari izateak, eta Kanarietan zerbitzuen sektorea garatzeko abagune mordoa dago. Leku turistikoak hobetu kudeatu behar direla ere nabarmendu du: «Behar duguna da turismo politika aktiboago bat, ingurumen irizpideak ere kontuan izango dituena, eta gaiari ikuspegi zabalago batetik helduko diona». Kanarietako Gobernuko Turismo Sailak promozio lanak soilik egin ditu orain arte, eta ez du sektorea kulturarekin, ingurumenarekin, hezkuntzarekin, azpiegiturekin eta etxebizitzarekin batera garatzeko politikarik egin. «Planifikazio falta horren ondorio da egungo ezinegona», iritzi du. Laburbilduz: «Turismoak Kanarietako ekonomiaren motorra izaten segituko du; turismoaren alternatiba, hein batean, turismo hobeagoa da».
«Munduko edozein biztanle Kanarietara datorren turista bat bezala biziko balitz, 27 planeta beharko genituzke hori asimilatzeko».
EUGENIO REYES Ekologistak Martxaneko bozeramailea
Arduradun nagusiak erakunde publikoak direla argi du, horiek baitira turismoak gizartearentzat onurak eragin zitzan tresnak jarri ez dituztenak. «Gobernuak badu gaitasuna lege batzuk aldatzeko; enpresariek, azken finean, uzten dieten guztia egiten amaitzen dute», gehitu du. Zuaznabarrek desazkundearen aukera mahaigaineratu du. Haren iritziz, badago horretarako tartea: «Besterik gabe, milioidunek zertxobait gutxiago irabaziko lukete».
Auzoen lapurreta
Etxebizitzari dagokionez, pisu turistikoen galgarik gabeko hazkundeak larriagotu du egoera. Mota horretako 53.938 etxebizitza daude orain uhartedian, 2022ko azaroan baino %39,7 gehiago. Dena den, gobernuak argitaratu du horiek erregulatzeko lege proiektu bat, adituen arabera, negozio horrekin amaitzeko balioko duena.
Bizileku turistiko asko orain arte bertakoenak izan diren tokietan daude. Reyesen iritziz, mobilizatzeko arrazoi nagusietako bat da hori. Auzoak eta eremu naturalak lapurtu nahi dizkietela diote kanariar askok. Hernandezek sakondu du gaian, eta sakelakoek eragindako aldaketak nabarmendu ditu: «Pandemia osteko turistak gehiago mugitzen dira; gure auzoetan topatzen ditugu orain, gure jatetxeetan, gure txoko sekretuetan». Sare sozialei esker aurkitzen dituzte leku horiek.
Ekologistak Martxan-eko kideak, ezinbestean, hizpide izan du ingurumena ere. Haren arabera, uhartediaren lorratz ekologikoa horrelako lurralde batean beharko lukeena halako 27 da. «Munduko edozein biztanle Kanarietara datorren turista bat bezala biziko balitz, 27 planeta beharko genituzke hori asimilatzeko; eta bakarra dugu». Behin eta berriz errepikatu du Reyesek ez dela jasangarria, eta masen turismoak «suizidio kolektibora» daramatzala.
Mugimenduaren pizgarri izan dira ekologistek martxan zituzten zenbait borroka, nagusiki, proiektu turistiko handien aurkakoak; adibidez, Fuerteventurako Corralejo dunetako bi, eta Tenerifeko La Tejita eta Cuna del Alma hoteletakoak. Azken bi proiektu horiek etetea eskatzeko gose greba bat ere egin dute sei ekintzailek.
Olatuaren hasiera
Protestek eragin dituzte lehen erreakzioak. Azken egunetan, Fernando Clavijo Kanarietako presidenteak (Koalizio Kanariarra) aitortu du turismo ereduaren inguruan hausnartu beharko luketela. Gauza bera esan du Pedro Ortega patronaleko presidenteak ere. Hori, bere horretan, aldaketa handia delakoan dago Reyes, baina «benetako aldaketek hausnarketa bat baino zerbait gehiago» behar dutela azpimarratu du.
Zuaznabarren arabera, Kanarietan benetan agintzen dutenak «tokiko jauntxoak» dira, baita atzerriko batzuk ere. «Politikariak barrabiletatik helduak dituzte, hori denok dakigu hemen». Aldaketak lortzeko modu bakarra mobilizatzen jarraitzea dela uste du, eta pozik agertu da kanpoko hedabideetan izan duten oihartzunagatik, horrek presio egiteko balio duelako. Aurki jaramonik egiten ez badiete, protestak gogortzearen alde agertu da: «Dirua oso beldurtia da, eta, [enpresariek] arriskuan ikusten badute, agian, gauza batzuk aldatzera behartuko ditugu».
Kanaria uharteetan jaio den olatua zabaltzeak ez lituzke harrituko elkarrizketatuak. Izan ere, plazaratu dituzten gaiek leku turistiko gehienei eragiten diete. «Diru goseak beti gehiago eskatzen du, eta hori toki guztietan dago», hausnartu du Zuaznabarrek, eta aholku bat eman die turismoa hazten ari den lurraldeetako arduradunei, esaterako, Euskal Herrikoei: «Ikus dezatela nora ez den iritsi behar».