Gipuzkoako Ostalarien elkarteko idazkari nagusi Kino Martinezek ez du begi txarrez ikusi tasa turistikoen ideia: «Ostalaritza elkarte bat garen aldetik, ez dugu baztertzen turismo tasak ezartzeko aukera». Martinezek zehaztu du, hori bai, tasei esker bildutako dirua sektorean jarduten duten enpresen lehiakortasuna handitzeko edo Euskal Herriko turismoaren sustapenerako erabili beharko litzatekeela.
Tasa 50 zentimo eta bi euroren artean egongo litzateke. Lehenengoari dagokionez, ostatu edo aterpetxeetan egonaldia egiten dutenek ordaindu beharko lukete. Bigarrena, berriz, bost izarreko hoteletako bezeroek. «Uste dugu zergaren kantitateak ez duela inongo eraginik izango turistek euren jomuga erabakitzeko garaian», azaldu du Martinezek.
Tasa turistikoak, ordea, ez dira gauza berria Euskal Herrian. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan aspaldiko kontua dira, eta gertuko beste herrialde batzuetan ere ezarri dituzte. Hona, argibide gisara, zenbait adibide:
IPAR EUSKAL HERRIA
Turismoan aitzindaria izan zen Frantzia, baita turistei ahalegin berezi bat eskatzeko orduan ere.1910. urteko lege batek sortu zuen Tax de Sejour, egonaldi tasa deritzona. Hasieran turismo guneetarako soilik sortu zen arren, urteotan eremu askotara hedatu da legea, baita Ipar Euskal Herrira ere.Tasa proportzionala da, hau da, establezimenduen izarren eta klasearen araberakoa. Zenbat eta maila handiagokoa izan, orduan eta gehiago ordaindu behar du turistak. Herriko etxe edo elkargo bakoitzak bere tasak finkatzen ditu, baina ez dira oso handiak izaten. Horri esker, 300.000 euro jasotzen dituzte urtero Baionan.
Zuberoako eta Baigorri-Garaziko herri elkargoek, esaterako, gehienez gaueko 0,90 euroko tasa ezarri dute aurten, bost edo lau izarreko hotel, landetxe eta oporretako herrixketan lo egiten dutenentzat. Izarrek behera egin ahala, behera egiten dute prezioek ere. Tasa txikiena kanpinak edo autokarabanentzako aparkalekuak erabiltzen dituztenek ordaindu behar dute: 0,22 euro. Beste herri elkargoetan antzekoak dira tasak. Hazparnekoan 25 zentimo pagatu behar dituzte autokarabanen erabiltzaileek.
Salbuespenak ere finkatzen ditu Frantziako turismo legeak. Adingabeek, aldi baterako langileek eta larrialdi bat dela-eta Frantziara iritsi diren lagunek ez dute ordaindu behar tasarik.
KATALUNIA
2012. urteko azaroaren 1ean jarri zen indarrean turistei tasak kobratzeko legea. Tasa horiekin irabazitako dirua Kataluniako udaletara eta turismoko azpiegituretara bideratzen dute. Iaz,Kataluniako Generalitateak 43,5 milioi euroren diru sarrerak lortu zituen tasa horiei esker, 2014an baino %5,48 gehiago. Bi tasa bereizten dituzte Katalunian: Bartzelonakoak eta beste udalerrietakoak. Kataluniako hiriburuan gehiago ordaindu behar dute lau izarretik beherako ostatuetan: 0,75 eta 1,25 euro artean. Gainontzeko lekuetan, berriz, 50 zentimo eta euro bat artean pagatzea dagokie.BALEAR UHARTEAK
Balear uharteetan aurtengo uztailaren lehen egunean onartu zuen gobernuak turismo tasen legea; PSIBk, MES per Mallorcak, MES per Menorcak, Podemosek eta Gent per Formenterak eman zioten baiezkoa. Bigarren aldia da Balearretan tasa turistikoak arautzen dituen lege bat onartzen dutela. 1999an eman zioten oniritzia lehenari, Francesc Antich presidentearen (PSOE) eskutik; PPk baliogabetu zuen legea 2003an.Lege berriarekin, gau bakoitzeko 25 zentimo eta bi euroren artean ordaintzen dute turistek. Bost izarreko hoteletan egonaldia egiten duten bisitariek gau bakoitzeko bi euro ordaintzen dituzte, eta kanpin edo ostatuetan lo egiten dutenek, berriz, 50 zentimo.
Balear uharteetako gobernuak turismo sektorera eta gune naturalen mantentze lanetara bideratzen ditu tasa mota horrekin lortzen dituen diru sarrerak. Turista guztiak, ordea, ez dute tasa hori ordaindu beharrik. Izan ere, legeak tasa horietatik aske uzten ditu 15 urte baino gutxiagoko gazteak.
ITALIA
Turismoa Italiako diru sarrera garrantzitsuenetako bat da. Han ere badituzte tasa turistikoak, baina aldakorra da eskualde batetik bestera: batez beste, 0,35 eta bost euroren artean kokatzen da tasa. Florentziako eskualdean, izarren arabera kobratzen dituzte zergak: izar bakoitzak euro bateko kostua du. Venezian ere antzeko tasak daude finkatuta.Erroman ere ohikoak dira halako tasak. 2011tik daude indarrean tasak. Halere, beste eredu bat dute: lau eta bost izar dituzten ostatuetan turistek gehienez hiru euro ordaintzen dituzte, eta gainontzekoetan, berriz, bi euro.