Turbinen zurrunbiloa

Erroten bi modelotan akatsak atzeman zituztela iragarri zuen Siemens Gamesak ekainean. 1.600 milioi euroren hornidurak zuzendu ditu arazoari aurre egiteko

Siemens Gamesaren haize errota bat, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE.
joxerra senar
2023ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Asteazkenean kaleratuko ditu Siemens Energy taldeak urteko emaitzak: 2022ko urritik 2023ko irailera artekoak, alegia. Aurreikuspen guztien arabera, 4.500 milioi euroren baino gehiagoren galerak aurkeztuko ditu. Alemanian, sektore eolikoaren negozio atalari egozten diote emaitza kaskar hori, Siemens Gamesari, eta, horregatik, astebete barru azaroaren 21ean aurkeztekoa den estrategia planari begira kezka areagotuko du emaitzak.

Europako beste ekoizleek ere galera handiak dituzte gaur egun, baina Siemens Gamesaren kasuan berezko beste arazo batzuk gehitu behar zaizkie sektorearen zailtasun orokorrei. Horregatik, are zulo sakonagoan murgilduta dago behinola Hego Euskal Herrian sektoreko enpresa aitzindari izandakoa. Azken belaunaldiko turbinekin gertatutakoak islatzen du argien hori.

Ekainaren 17an, Siemens Energyk iragarri zuen hutsegiteak atzeman zituztela lurreko haize erroten osagaietan: zimurrak palen errotoreetan, eta «zehaztu gabeko partikulak» errodamenduetan. Turbinek dar-dar egiten dute, eta apurtu egin daitezke. Taldearen arabera, X.4 motako 2.100 gailu eta X.5 motako beste 800 berrikusi beharko dituzte, baina hutsegitea «ez dago horietan guztietan».

«Uste baino okerragoa»

Hasierako kolpe latza leuntzeko asmoz, Siemens Energyk iragarri zuen batzorde berezi bat sortu zutela akatsak konpontzeko eta kalitate sistemak berregiteko. Ekainean egindako lehen estimazioen arabera, mila milioi euroko zuloa eragin zezakeen, baina Christian Bruch taldeko presidenteak onartu zuen «goizegi» zela, eta azterketaren azken emaitza «uste baino okerragoa» izango zela.

Gerora, abuztuaren 7an, hirugarren hiruhilekoko emaitzen aurkezpenean, iragarri zen 1.600 milioi eurokoa izango zela zuloa eta «2024ko eta 2025eko kontuetan islatuko» zela gehienbat. Ikusteko dago, beraz, biharko emaitzetan datu hori handituko ote den. Kezkagarria da jakitea akats horiek hurrengo bi urteetako kontuak ere zamatuko dituztela, berez jada oso latza den egoera batean.

Siemens Gamesaren izen onari larriki egin zaio min, eta hori ezin da neurtu oraintxe. Bezeroek kalte ordainak erreklamatuko dituzte, eta turbina guztiak berrikusteko exijitu dezakete; horrez gain, arazoak aurrera begirako kontratuak lortzea zaildu dezake, eta haien baldintzak gogortu.

Turbinen zurrunbiloa bestelako krisi baten sintoma da. Haize erroten krisia lehertu zenean, Bruchek onartu zuen «kultur arazo erabakigarri bati» aurre egin behar zitzaiola eta bi enpresen arteko harremana birpentsatu behar zela. «Ez naiz ari nazionalitateaz, baizik eta hutsegiteei aurre egiteko moduaz», zehaztu zuen.

2017an Siemensek Gamesaren akzioen %57 erosi zuenetik, Municheko egoitza nagusian hartzen dira erabakiak. Sei urteotan, talka bat egon da barruan.

Azken asteetan Alemaniako komunikabideetan zabaldu denez, Siemens Energyk bere finantza arazoen erantzule egiten du Siemens Gamesa. Euskal Herritik oso bestela ikusten dira gauzak, langileek uste baitute alemaniarrek ez dutela behar bezala ulertu sektore eolikoaren funtzionamendua. Bat egitearen aurretik, Gamesa errentagarria zen.

Desadostasuna kudeaketan islatu da. Jada ez da geratzen Gamesaren garaiko goi agintaririk, eta Siemens Energyk gidaritza hartu duenetik ez du egonkortasunik izan. 2017an, Markus Tackek ordezkatu zuen Ignacio Martin kontseilari ordezkari gisa, eta ordutik beste hiru presidente eta bi kontseilari ordezkari izan ditu. Aurpegi aldaketek ez dute emaitzetan onurarik ekarri; guztiz alderantziz baizik. 2018tik galerak izan ditu, eta aurtengoa marka historikoa izango da.

Tamainaren ajeak

Sektoreko ekoizleen artean lehia teknologikoa dago parke txikiagoak baina gero eta potentzia eta tamaina handiagoko haize errotak egiteko. Lasterketa horren presioaren pean, hutsegite teknikoak sor daitezke. Besteak beste, Vestasi eta General Electric-i gertatu zaie, baina goiz detektatzeko gai izan dira.

Siemens Gamesaren kasuan, 4.X turbina Gamesak garatutako plataformaren bilakaera bat izan da, eta 5.X modeloari Siemens Energyren teknologia aplikatu diote. Sindikatuek salatu dute bi plataformen arteko «koordinazio arazoak» egon direla. Maiz, kanpoko aholkularitza etxe bat kontratatu dute arazoak bideratzeko, eta aurrera jo dute. Alta, orain arazoa azaleratu denean, milaka milioi euroren hornidurak jarri beharko dituzte.

Azaroaren 21ean jakingo da ea sektorearen krisiak eta turbinen zurrunbiloak ez duten Gamesa berekin eramaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.