Tubos Reunidosek ez du urtea nahi bezain indartsu hasi. Aurreko urteetan bezeroek bete egin dituzte beren biltegiak, eta horrek eskarien jaitsiera bat ekarri zuen 2023ko bigarren erdian. 2022 amaieran 303 milioi euroren eskari zorroa zuen, gaur egun 100 milioi dira, eta enpresak onartu du %30-40 handitu nahiko lituzkeela etorkizunari lasaiago begiratu ahal izateko. Edonola ere, 2024ko bigarren erdian eskuratzea espero du, eta horri esker kendu ahal izango dituela urte hasieratik Amurrioko (Araba) eta Trapagarango (Bizkaia) plantetan lanaldia laburtzeko indarrean dituen aldi baterako erregulazio espedienteak.
Tubos Reunidosen urteroko akziodunen batzarra egin dute gaur Bilbon, eta aurretik azalpenak eman dizkiete hedabideei Carlos Lopez de las Heras Tubos Reunidoseko kontseilari ordezkariak eta Josu Calvo presidenteak. Haien mezu nagusia izan da Tubos Reunidos «enpresa sendoagoa» dela orain, eta atzean utzi duela duela ia hamar urte hasitako gurutze bidea.
2015etik 2021era 531 milioi euroren galerak izan zituen Amurrioko hodigileak, hidrokarburoen prezio apalek inbertsioak geratu zituztelako. Enpresa desagertzeko arriskuan izan zen, baina egoera salbatu ahal izan zuen: Espainiako Gobernuaren erreskatearen laguntza jaso zuen —SEPIren bitartez, 112 milioi euro sartu zituen enpresan— eta, 2022an prezio handiagoen eskutik, petrolio eta gas putzuak ustiatzeko inbertsioak handitu ziren, eta, hala, Tubos Reunidosen eskariak ere ugaritu egin ziren.
Zorra, handiegia
Azken bi urteetan 100 milioi euro irabazi ahal izan ditu, eta horren zati bat zorra kitatzeko erabili du Amurrioko hodigileak. 2023an 10,4 milioi gutxitu zuten zorra, 293 milioitik 282 milioira, baina urrats garrantzitsuago bat egin du aurten, berregituraketa baten eskutik 175 milioira murriztea lortu baitu.
Zorra murrizteko plangintzan hitzartutakoa baino bizkorrago doazen arren, oraindik nahi baino handiagoa dela onartu du Calvok, eta aurreratu du gehiago txikitzeko operazio batzuk abiatu dituztela eta bankuekin negoziatzen ari direla baldintzak hobetzeko.
AEBak dira Tubos Reunidosen merkatu nagusia, eta Texasen lantegi bat dauka Amurrion eta Trapagaranen egiten dituen hodien ekoizpena osatzeko. Calvok aitortu du kezkaz ikusten dutela Donald Trump Etxe Zurira itzultzeko aukera, hark bere lehen agintaldian indarrean jarritako muga zergek kalte handia egin zietelako.
AEBetan gehiago hazi nahi du, baina begiz jota dauzka Ekialde Hurbila eta Asia hego-ekialdea ere. Dagoeneko jaso ditu karbono isuririk gabeko hodiaren lehen eskariak, eta aurtengo azken hiruhilekoan beteko du 2.000 tona hodiko eskari bat, baina Calvok onartu du arlo horretan eskariak uste baino txikiagoak direla.