Industria

Tubos Reunidosek iazko urte osoko irabaziak hobetu ditu aurtengo lehen sei hilabeteetan

  Bigarren sei hilabeterako eskari zorroa askoz txikiagoa izan arren, burtsako bilakaera onari eustea espero du. Udazkenean itxiko du Trapagarango altzairutegia.

Tubos Reunidoseko langile bat hodi batzuen sendotasuna neurtzen. BERRIA
Imanol Magro Eizmendi.
2023ko ekainaren 29a
12:47
Entzun

Tubos Reunidosek urte hasiera «bikaina» izan du, hala onartu du Francisco Irazusta konpainiako presidenteak akziodunen batzarrean. Hitz handiak dira, baina datuek berretsi egiten dituzte: 300 milioiren salmentak egin ditu, eta 50 milioi euroko irabazi garbia lortu. «Iazko urte osoan lorturiko mozkinak baino zazpi milioi gehiago dira horiek», zehaztu du. Dena den, nabarmendu du bigarren seihilekorako eskari poltsa askoz txikiagoa dela, batez ere bezeroek stock handia pilatu dutelako biltegietan.

Hamabost urtez maldan behera egin ondoren Tubos Reunidos irabazien bidera itzuli zen iaz (43 milioi euro), eta aurtengo sei hilabeteetan olatu horren gainean jarraitzen du. «Lehen seihilekoa izugarria izan da, baina bigarrena ez zaio gerturatuko, ezta urrundik ere. Baina urte osoa kontuan hartuz gero, ona izango da». Tubos Reunidosek 2008an izan zuen azken hamarkadetako emaitzarik onena, 83 milioi euroren etekina lortuta, eta Irazusta ez da ausartu iragartzen kopuru horretara iritsiko diren ala ez.

Datuak ematean presidenteak hainbatetan nabarmendu du epe motzeko eskari zorroarekin lan egin izan dutela beti, eskaera jakinetara egokitzeko, eta egungo eskari poltsa oso txikia da, 143 milioi euro ingurukoa. Udaberrian eskari oso gutxi jaso dituzte udazkenerako, eta arduratu ziren, baina ekainean ere berriz ere ohiko deiak iritsi dira, eta horrek lasaitu egin ditu. «Bezeroek esaten digute ez dituztela inbertsioak bertan behera utziko. AEBetako eskariak itxaropentsuak dira, gure merkatuaren %53 han dago».

AEBetara begira

Zer gertatu da orduan bi seihilekoen artean horrelako aldea egoteko? Irazusta: «Eskaintza eta eskari erreala orekatu egin direla. Bezeroak iaz hornidura gabeziaren beldur ziren, eta eskari asko egin zizkiguten. Orain hodi asko dituzte biltegietan eta haiek ari dira erabiltzen». Horrez gain, beste arrazoi batzuk eman ditu: interes tasa handiek inbertsioak egitea zailtzen dutela eta energiaren prezioaren bilakaerak inbertsioetan eragin handia duela.

Etorkizunera begira, Asiako merkatuetan hedatu nahi du TRk, baina zabalkunde industriala AEBetan egingo du bakarrik. Horretarako, 8 milioi euroko inbertsioa egingo du hango plantan. AEBetan Amurrion eginiko hodiak jasotzen dituzte, eta bertan tratamendu termiko berezia egiten diete. «Balio erantsi handiagoko produktu bat bilakatzen da han».

Irazustak zehaztu du gas eta petrolio enpresak hazkunde fasean daudela han, eta hara esportatzen duten kopurua bikoiztea dela helburua: 35.000 tonatik 70.000ra. Muga zergen leuntzea ere mesedegarria dela nabarmendu du. Era berean, zeharkako kritika egin die Europako ingurumen politikei, eta lehiakortasunari kalte egiten diotela ulertzera eman du: «Kontinente guztiak ez doaz erritmo berean, eta horrek hemengo gure bezeroak moteltzen ditu».

Trapagaran udazkenean itxiko dute

TRek aldaketa garaiak bizi ditu. 292 milioi euroen zorra du pilatuta, eta 2021ean 113 milioi euroko erreskatea jaso behar izuen Espainiako Gobernuak industria parte hartzeko duen funtsarengandik (SEPI). Birmoldaketa prozesu sakona hasi du Euskal Herriko plantetan, eta ekoizpen osoa Amurrion (Araba) zentralizatuko du. 2021ean Iruñeko planta itxi zuen, eta aurten Trapagarango (Bizkaia) altzairutegia itzaliko du, «ondo bidean, irailean».

Dagoeneko bertako hainbat langile mugitu dituzte Amurriora, baina prozesua espero baino motelago doa, besteak beste, Vallourec Frantziako hodi enpresa itxi ondoren haren bezero batzuk TRen atea jo dutelako eta Trapagan egiten dituzten produktuak eskatu dituztelako. TRk egun 800 langile ditu Euskal Herrian eta duela gutxi sei urterako lan hitzarmen berria sinatu zuten.

Berregituraketarekin batera, azken hilabeteetan TR albiste izan da bere akzioen bilakaeraren eraginez. Iaz akzioek %12 egin zuten behera, eta enpresaren balio osoa 43 milioi eurokoa zen, 2014ean zuen balioaren hamarren bat. Azken sei hilabeteetan, baina, joera guztiz kontrakoa izan da: iazko abenduan 0,24 zentimotan zegoen akzioa; egun, aldiz, 0,84 zentimotan dago, eta martxoan 0,98 zentimotan ere egon zen. Alegia, %133ko balio igoera izan dutela azken urtean. Irazustak uste du joera horri eusteko gai izango direla: «Iazko emaitza onen berri eman ondoren egin zuten gora, eta joera hori sendotuko dela espero du. Badago oraindik ere are gorago egiteko tartea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.