Tubos Reunidosek iazko urte osoko irabaziak gainditu ditu dagoeneko

Bigarren seihilekorako eskari gutxi izan arren, bilakaera onari eustea espero du hodi enpresak

Hodi bat gori-gori, Tubos Reunidosek Amurrion duen altzairutegian. BERRIA.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2023ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Tubos Reunidosek urte hasiera «bikaina» izan du, hala onartu du Francisco Irazusta konpainiako presidenteak urteroko akziodunen batzarrean. Hitz handiak dira, baina datuek berretsi egiten dituzte: maiatzaren 31ra arte 300 milioiren salmentak egin dituzte, eta 50 milioi euroko irabazi garbia lortu. «Iazko urte osoan lorturiko mozkinak baino zazpi milioi gehiago dira horiek», zehaztu du. Dena den, nabarmendu du bigarren seihilekorako eskari poltsa askoz txikiagoa dela.

Hamabost urtez maldan behera joan ondoren, Tubos Reunidosirabazien bidera itzuli zen iaz (43 milioi euro), eta aurten olatuaren gainean jarraitzen du. «Lehen seihilekoa izugarria izan da; bigarrena ez da haren parekoa izango, ezta urrundik ere, baina urte ona izango da». Amurrion (Araba) du egoitza nagusia hodi enpresak, eta 2008an izan zuen azken hamarkadetako emaitzarik onena: 83 milioi euroren etekina. Irazusta ez da ausartu iragartzen kopuru horretara iritsiko diren ala ez.

Datuak ematean presidenteaknabarmendu du epe motzeko eskari zorroa darabiltela, hiru edo lau hilabetekoa, eta egungoa oso txikia dela: 143 milioi eurokoa. Udaberrian eskari gutxi jaso dituzte, eta arduratu ziren, baina ekainean berriz ere ohiko deiak iritsi dira. «Bezeroek diote ez dituztela bertan behera utziko epe luzeko inbertsioak. AEBetako eskariak itxaropentsuak dira. Gure merkatuaren %53 han dago».

AEBetara begira

Zer gertatu da orduan bi seihilekoen artean horrelako aldea egoteko? Irazusta: «Eskaintza eta eskari erreala orekatu egin direla. Bezeroak iaz hornidura gabeziaren beldur ziren, eta eskari asko egin zizkiguten. Orain hodi asko dituzte biltegietan». Horrez gain, beste arrazoi batzuk eman ditu: interes tasa handiek inbertsioak egitea zaildu dutela, eta energiaren prezioaren bilakaerak inbertsioetan eragin handia duela.

Etorkizunera begira, Asian hedatu nahi du, baina zabalkunde industriala AEBetan egingo du bakarrik. Horretarako, 8 milioi euroko inbertsioa egingo du Texasen duen plantan. AEBetan Amurrion (Araba) eginiko hodiak jasotzen dituzte, eta bertan tratamendu berezia egiten diete. «Balio erantsiko produktu bat bilakatzen da han, errentagarriagoa dena».

Irazustak zehaztu du gas eta petrolio enpresak hazkunde fasean daudela AEBetan, eta hango salmentak bikoiztu nahi dituztela: 35.000 tonatik 70.000ra. Muga zergen leuntzea ere mesedegarria dela nabarmendu du. Era berean, kritika egin die Europako ingurumen politikei, eta aditzera eman du lehiakortasunari kalte egiten diotela: «Trantsizioa ez doa erritmo berean kontinente guztietan, eta horrek hemengo gure bezeroak moteltzen ditu».

Trapagaran, irailerako

Tubos Reunidos aldaketa garaian dago. 292 milioi euroren zorra du pilatua, eta 2021ean 113 milioi euroko erreskatea jaso zuen Espainiako Gobernuak industrian parte hartzeko duen funtsetik (SEPI). Birmoldaketa prozesu sakona hasi du Euskal Herriko plantetan, eta ekoizpen osoa Amurrion zentralizatuko du. 2021ean Iruñeko planta itxi zuen, eta irailean Trapagarango (Bizkaia) altzairutegia itzaliko du.

Dagoeneko bertako hainbat langile mugitu dituzte Amurriora, baina prozesua espero baino motelago doa; izan ere, Vallourec Frantziako hodi enpresa itxi ondoren haren bezero batzuek Tubos Reunidosen atea jo dute, eta Trapagaranen egiten dituzten produktuak eskatu dituzte. Tubos Reunidosek egun 800 langile ditu Euskal Herrian, eta duela gutxi sei urterako lan ituna sinatu zuten.

Berregituraketarekin batera, azken hilabeteetan Tubos Reunidos akzioen prezioarengatik izan da albiste. Iaz akzioek %12 egin zuten behera, eta enpresaren balio osoa 43 milioi eurokoa zen, 2014an zuen balioaren hamarren bat. Azken sei hilabeteetan, baina, joera kontrakoa izan da: iazko abenduan 0,24 zentimotan zegoen akzioa; egun, aldiz, 0,84 zentimotan dago, eta martxoan 0,98 zentimotara iritsi zen: %133 handitu da haien balioa azken urtean. Irazustak uste du joerari eutsiko diotela, eta «are gorago» iritsiko direla. 2007an, 5,3 euro balio zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.