Enpresen emaitzak

Tubos Reunidos zulo beltzetik irten da, 43,5 milioi euroren irabaziak lortuta

2008tik izandako emaitzarik onenak lortu dituzte iaz. Ipar Amerikan egin dituzte 2022ko ekitaldiko salmenten %53.

Tubos Reunidos enpresak Trapagaranen (Bizkaia) duen fabrikaren kanpoaldea. MARISOL RAMIREZ / FOKU
maddi iztueta olano
2023ko otsailaren 28a
12:05
Entzun

Hamabost urteren ostean, zulo beltzetik irten da Tubos Reunidos, 43,5 milioi euroren irabaziak izan baitzituen iaz. 2022ko emaitzak 2008az geroztiko onenak izan dira, eta aurreko ekitaldietako zapore mingotsa goxatu dute. Izan ere, azken zazpi urteetan 352 milioi euroren galerak izan dituzte guztira.

Arabako taldearen salmentek 500 milioi euro langa gainditu zuten iaz, 2021ean lortutakoaren bikoitza. Eta EBITDA erakusleak, berriz, 60 milioi euroak gainditu zituen. Aurreko urteko emaitzekin alderatuta, 115 milioi egin du gora.

Tubos Reunidoseko presidente Francisco Irazustak emaitzak txalotu ditu: «Zenbaki hauek mugarri garrantzitsuak dira, eta plan estrategikoan aurreikusitako inbertsioekin aurrera jarraitzeko aukera emango digute».

Urtea lasai amaitu zuten, eta hasi ere hala egin dute; 300 milioi eurotik gora balio duten eskaerak baitituzte. Iazko urte hasierarekin alderatuta, %71 gehiago. Irazustak esan du hori aintzat hartuta «baikor» begiratzen diotela 2023ari.

Oro har, karbono altzairuzko hodien ekoizpenean oinarritu dira iazko ekitaldiko jarduerak. Zenbait eragilek bultzatu dute ekoizpen hori, hala nola 2022ko urte hasieran hodi horien eskari kopuru handiek, batez ere, AEB Ameriketako Estatu Batuetatik.

Hain justu, salmenten erdia baino gehiago, %53 inguru —252 milioi euro—, Ipar Amerikan egin dituzte. Hala ere, Europako merkatuan ere nozitu dute salmenten gorakada, Errusiatik inportatutako gasaren beherakada medio.

Tubos Reunidosek 1.200 langile inguru ditu, gehienak Euskal Herriko lantegietan. Bada, hodigintza enpresa berpizteko funtsezkoa izan zen SEPIk 2021ean emandako erreskatea. Arabako taldeak 112,8 milioi jaso zituen.

Funts horiek helburu zuten COVID-19ak kalte egindako enpresa estrategikoak laguntzea. Tubos Reunidosek ez zuen erraza erreskatea lortzea; izan ere, baldintzetako bat zen enpresek frogatzea 2019aren amaieran euren egoera ekonomikoa ona zela. Hodiak ekoizten dituen konpainiak, ordea, argudiatu zuen «funtsezko enpresa bat» zela trantsizio energetikoko proiektu industrialetarako.

Horiek hala, SEPIren oniritzia jaso, eta eskuratutako diruaren erdia baino gehiago, 60 milioi euro inguru, plantak berritzeko inbertitu zuten. Ordutik, helburu dute merkatu berrietara iristea; petrolioa alde batera utzi, eta hidrogenoari eta energia garbietara begira jartzea.

Oreka IT eta Farma Faes ere, bide onetik

Zortzigarren urtez jarraian, Oreka ITk emaitza onak eskuratu ditu. Euskal teknologia enpresa horrek 4,5 milioi euroren irabaziak izan zituen iaz, aurreko urtean baino %36 gehiago. Horrez gain, konpainiaren bezero zorroa %22 handitu zen aurreko urteko ekitaldian, eta EBITDA erakusleak %42 egin zuen gora.

Horiek horrela , laugarren egoitza bat irekiko dute Donostian. Gasteizen dute egoitza nagusia (Araba), eta beste bi egoitza Leioan (Bizkaia) eta Mutiloan (Nafarroa). Oreka ITko zuzendari nagusi Iraitz Perez de Goldarazenaren arabera, «oso positiboa da» 2022. urteko balantzea.

«Ez bakarrik emaitza ekonomikoengatik, baizik eta, bereziki, gure bezeroengandik jaso ditugun gure zerbitzuei buruzko balorazio bikainengatik eta gure plantillak lan giroari buruzko urteko inkestaren bidez jakinarazi digun lanpostuarekiko gogobetetze maila handiarengatik», azaldu zuen atzo, prentsa ohar baten bidez.

Faes Farma enpresa farmazeutikoa ere bide onetik doa. Iazko ekitaldian 89,5 milioi euroren irabaziak izan zituen (+8,6), eta 462 milioi inguru fakturatu zituen. EBITDA erakusleak, berriz, 20 milioi euroak gainditu zituen.

Emaitza horiek nazioarteko merkatuan izandako gorakadaren adierazle dira. Izan ere, %17 egin dute gora atzerrirako salmentek, eta, gaur-gaurkoz, fakturazioaren %54 atzerriko merkatuetan egiten dute. Atzerrian, Latinoamerika egin du gora bereziki.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.