Tubos Reunidos zulo beltzetik irten da, 43 milioi eurotik gorako irabaziekin

2008tik izandako emaitzarik onenak lortu ditu 2022an. Ipar Amerikan egin ditu 2022ko ekitaldiko salmenten erdiak baino gehiago: %53

Tubos Reunidos enpresak Trapagaranen duen fabrika. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
maddi iztueta olano
2023ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Hamabost urteren ostean, zulo beltzetik irten da Tubos Reunidos, 43,5 milioi euroren irabaziak izan baitzituen iaz. 2022ko emaitzak 2008az geroztiko onenak izan dira, eta aurreko ekitaldietako zapore mingotsa goxatu dute. Izan ere, azken zazpi urteetan 352 milioi euroren galerak izan zituen guztira.

Arabako taldearen salmentek 500 milioi euroren langa gainditu zuten iaz, 2021ean lortutakoa halako bi. Eta EBITDA erakuslea—zergak ordaindu aurreko irabaziak—, berriz, 60 milioi eurotik gorakoa izan zen. Aurreko urteko emaitzekin alderatuta, 115 milioi egin du gora. Tubos Reunidoseko presidente Francisco Irazustak emaitzak txalotu ditu: «Datu hauek mugarri garrantzitsua dira, eta aukera emango digute plan estrategikoan aurreikusitako inbertsioekin aurrera jarraitzeko».

Urtea lasai amaitu zuen Arabako hodi ekoizleak, eta hasi ere hala egin du; 300 milioi eurotik gora balio duten eskaerak baititu. Iazko urte hasierarekin alderatuta, %71 gehiago. Irazustak esan du hori aintzat hartuta «baikor» begiratzen diotela 2023ari. Oro har, karbono altzairuzko hodien ekoizpenean oinarritu dira iazko ekitaldiko jarduerak. Zenbait eragilek bultzatu dute ekoizpen hori: hala nola 2022. urtearen hasieran asko eskatu dizkiete halako hodiak, batez ere AEB Ameriketako Estatu Batuetatik. Hain justu, salmenten erdiak baino gehiago, %53 inguru (252 milioi euro), Ipar Amerikan egin dituzte. Hala ere, salmentak ugaritu egin dira Europako merkatuan ere, Errusiatik inportatutako gasaren beherakada dela medio.

Tubos Reunidosek 1.200 langile inguru ditu, gehienak Euskal Herriko lantegietan. Bada, hodigintza enpresa pizteko, funtsezkoa izan zen SEPIk 2021ean emandako erreskatea. Arabako taldeak 112,8 milioi jaso zituen.

Funts horiek helburu zuten COVID-19ak kalte egindako enpresa estrategikoak laguntzea. Tubos Reunidosek ez zuen erraza erreskatea lortzea; izan ere, baldintzetako bat zen enpresek frogatzea 2019aren amaieran egoera ekonomiko ona zutela. Konpainiak, ordea, argudiatu zuen «funtsezko enpresa bat» zela trantsizio energetikoko proiektu industrialetarako.

Horiek hala, SEPIren oniritzia jaso, eta eskuratutako diruaren erdia baino gehiago, 60 milioi euro inguru, lantegiak berritzeko baliatu zuten. Ordutik, merkatu berrietara iristea du helburu; petrolioa alde batera utzi, eta hidrogenoari eta energia garbiei begira jartzea.

Faes Farma ere bide onetik

Faes Farma farmazia arloko euskal enpresa ere bide onetik doa. Iazko ekitaldian, 89,5 milioi euroren irabaziak izan zituen (+8,6), eta 462 milioi inguru fakturatu. Emaitza horiek nazioarteko merkatuan izandako igoeraren adierazle dira. Batez ere Latinoamerikan egin dute gora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.