Siderurgia

Tubos Reunidos diru publikoarekin erreskatatuko dute

Arabako taldeak 113 milioi euro jasoko ditu kreditu parte hartzaileetan. SEPIk argudiatu du enpresa estrategikoa dela trantsizio energetikoko proiektu industrialetarako.

Tubos Reunidos enpresako bi langile, tutuak ekoizteko labe baten aurrean. TUBOS REUNIDOS
jokin sagarzazu
2021eko uztailaren 13a
14:37
Entzun

SEPI talde publikoak Tubos Reunidos enpresa arabarraren erreskatea onartu du: 112,8 milioi euro jarriko ditu kreditu parte hartzaileetan. Hodiak ekoiztean dituen konpainiak COVID-19ak kalte egindako enpresa estrategikoak laguntzeko funtsera jo du, Espainiako Gobernuak sortutakora.

Enpresak berak jakinarazi du SEPIren oniritzia jaso duela, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari igorritako komunikazio batean. Orain, Ministroen Kontseiluak berretsi beharko du erabakia; datorren asteko bileran egin dezake hori.

Taldeak azkenengo bost urteetan zenbaki gorritan amaitu du eta, horrekin batera, aspalditik pilatutako 350 milioi euroko zorrari buelta ezin emanda dabil. 1.200 langile ditu guztira, gehienak Euskal Herriko lantegietan, Amurrion (Araba) eta Trapagaranen (Bizkaia). Euskal Herriko enpresa handienen artean, bera da egoera okerrenean daudenetako bat.

Tubos Reunidosek ez zuen erreza SEPIk bere erreskate eskaera onartzea, Espainiako Gobernuak ohartarazia baitzuen 2019aren amaieran euren egoera ekonomikoa ona zela frogatzen duten enpresak baino ez dituela erreskatatuko. Hodigileak, baina, argudiatu zuen betetzen duela eskaera nagusia: trantsizio energetikoko proiektu industrialetarako (berriztagarriak eta hidrogenoa, esaterako) «funtsezko enpresa bat» dela azaldu zuen, eta horri egokitzeko eraldaketa prozesu bat abiatu duela. SEPIk ontzat jo du argudio hori eta gaineratu du pandemia aurretik enpresak zailtasunak zituen arren, bereziki COVID-19ak eragindako ondorioek eraman dutela erreskatea behar izatera.

SEPIk 1.000 milioi euro inguru erabili ditu orain arte era horretako operazioetarako: Air Europa, Avois taldea, Duro Felguera eta Plus Ultra enpresak erreskatatu ditu. Kataluniako Celsa altzairutegi taldeak ere eskatu du laguntza; Gasteizen eta Baionan lantegiak ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.