Tubacexek eta Tubos Reunidosek mozkinak handitu zituzten iaz

Tubacexek 36,3 milioi euroren irabazi garbiak izan zituen, eta inoizko fakturaziorik oparoena. 2021ean Araban 129 langile kaleratzen saiatu zenean eginiko iragarpen txarrak ez dira bete. Tubos Reunidosek, berriz, 56,6 milioi irabazi zituen.

Tubacex
Tubacexeko langile bat altzairuzko hodi batzuk ikuskatzen. TUBACEX
Iker Aranburu
2024ko otsailaren 29a
09:05
Entzun

Tubacexek urte bikaina izan zuen iaz, «inoiz izandako onena», Jesus Esmoris enpresako kontseilari delegatuaren izenean. Egoitza nagusia Araban du altzairuzko hodi konpainia horrek, eta iaz 36,3 milioi euroren irabazi garbiak izan zituen, 2022an lorturikoa baino %79,5 gehiago. Salmentak ere inoizko handienak izan ziren: 852,5 milioi, aurreko urtean baino %19,3 handiagoak. Salmenta horien %43 Asian eta Ekialde Hurbilean egin zituen.

Bi urte eta erdi pasatu dira Tubacex Arabako plantetan 129 langileri eragingo liokeen erregulazio espediente bat ezartzen saiatu zenetik. Enpresako buruek esan zuten langileak kaleratu ezean planten bideragarritasuna kolokan zegoela, eta horixe bera esan zuten haien abokatuek ere auzia EAEko Auzitegi Nagusira iritsi zenean. Azkenean, zortzi hilabeteko greba baten ondoren, ez zituzten kaleratu langileak, eta abokatuek epaileen aurrean egin zituzten negozioaren inguruko iragarpen katastrofikoak ere ez ziren bete.

Tubacexek 1.400 milioi euroko eskari zorroa du, eta 2027an 1.200 milioi eurotik gorako fakturazioa izatea espero du.

Izan ere, hartaz geroztik, Tubacexek emaitza bikainak kateatu ditu hiruhilekoero, eta horren erakusgarri da Esmorisek berak onartu izana oraingoak direla konpainiak inoiz izan dituen garairik oparoenak. 2022ko balantzea ona izan zen, baina iaz ordu hartako kopuruak txiki gelditu ziren: salmentak 714 milio eurotik 852ra igaro ziren, eta mozkinak 20,2 milioitik 36,3ra. Ebitdak —irabaziak interes, zerga, balio galera eta amortizazioen aurretik— ere datu ikusgarriak utzi zituen: 125,2 milioi euro (+%14,7). Gauzak horrela, enpresak 14,5 milioi euroko dibidendua banatuko du akziodunen artean.

2,67

Jesus Esmoris Tubacexeko kontseilari ordezkariak etekina atera dio konpainiaren egoera onari. Konpainiak azaldu duenez, Esmorisek 2,67 milioi euro patrikaratu zituen iaz soldataren eta gainsarien artean. Enpresako 11 kontseilarien artean 3,7 milioi euro banatu dituzte.

Eta nondik datoz salmenta horiek? Bada, sektorekako entresaka eginez gero, %35 industriatik, %24 gasa erauzteko eta banatzeko azpiegituretatik, eta %19 petrolioa erauzteko eta banatzeko azpiegituretatik. Kaleratzeak egiten saiatu zenean, azken bi sektore horiek asko ahulduko zirela argudiatu zuten enpresako abokatuek. Salmenten eremu geografikoei dagokienez, %43 Asian eta Ekialde Hurbilean egin zituen, %33 Amerikan, eta %21 Europan.

Enpresaren analisiaren arabera, balio erantsi handiko produktuen salmentari esker lortu ditu datu on hauek, eta 2025era bitarteko plan estrategikoan ezarritako helburuak lortzen ari da. Izan ere, konpainiak ez du gabeziarik lan kargan. 1.400 milioi euroko eskari zorroa du, eta aurtengo lehen sei hilabeteetan «gorako joerari» eustea espero du konpainiak. Erritmo horretan, 2027rako 1.200 milioi euroren eta 1.400 milioi euroren arteko salmentak espero ditu Tubacexek.

Tubos Reunidos ere hobeto

2023 urte ona izan Tubacexen Aiaraldeko auzoarentzat ere, Tubos Reunidosentzat. 2015tik 2021era 531 milioi euroren galerak pilatu zituen Amurrioko hodigileak, eta enpresa desagertzeko arriskuan izan zen. Baina 2022an, prezio handiagoen eskutik, petrolioaren eta gasaren ustiakuntzan inbertsioak handitu zirenean, ugaritu egin ziren Tubos Reunidosen eskariak ere, eta urtea 43,5 milioi euroren irabaziekin amaitu zuen. 2023. urtea are hobea izan da, 56,6 milioi euroren irabazi garbiarekin bukatu baita.

Urtearen hasiera «bikaina» izan zuen Tubos Reunidosek, baina bigarren erdian eskariak asko gutxitu zaizkio, bere bezero inportanteenek beteta zituztelako biltegiak. Horrela, 2022. urtea 303 milioi euroren eskariekin bukatu zuen, eta 100 milioira jaitsi dira 2023aren amaieran. 2024aren lehen erdian ez du gauza askorik espero, baina bigarrenean eskariak handituko dituelakoan dago.

AEBak dira Tubos Reunidosen merkatu nagusia: 245 milioi euroren salmentak egin zituen iaz han, fakturazioaren %46. Horretan asko lagundu dio Joe Bidenek 2025eko abenduaren 31 arte izoztu izana Donald Trumpek EBren aluminio eta altzairuzko produktuen inportazioari jarritako muga-zergak. Hautagai errepublikanoak azaroan hauteskundeak irabaziko balitu tarifa horiek edo beste batzuk berriro indarrean jartzea kezkaz ikusten du Tubos Reunidosek.

Taldeak lantegi bat du Texasen, baina ekoizpenaren zatirik handiena Amurrion egiten du. Han bildu du ekoizpena, 2021ean Iruñeko planta itxi zuen eta abendura arte Sestao eta Trapagaran artean zuen lantegian ekoizten zuen altzairua Amurrioko altzairutegi berrian egiten ari da 2024. urtea hasi denetik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.