Tubacexeko lan gatazka marrazten ari den labirintoan beste urrats bat egin du auziak enpresak urte amaiera arte indarrean jarri nahi duen aldi baterako erregulazioaren negoziazioa dela eta. ABEE hori irailaren 11n hasiko litzateke, eta kaleratu asmo dituen 129 langileak erregulazioan sartzea erabaki du Arabako konpainia hodi-egileak. Erregulazioa negoziatzeko bileran, langile batzordeak garbi utzi du neurri traumatikoak marra gorria direla oraindik ere, eta eskatu dio enpresari aurretiazko erretiroekin eta borondatezko ukoekin laguntzeko ABEEa; halaber, enplegu bermea eskatu du batzordeak, behintzat 2024. urtera arte, eta trukean lan hitzarmenean jasotako enplegu sorrerari uko egingo lioke.
Alegia, COVIDari lotutako aldi baterako erregulazioaren negoziazioa baliatzen ari da batzordea kaleratzeen gatazka bideratzeko. «Saiatzen ari gara lantalde osoari enplegu berme bat emango dion soluzio bat bilatzen», esan du batzordeak. Langileen ordezkariek uste dute ABEEa adostearekin batera jatorrizko auzia konpon daitekeela. Laudioko eta Amurrioko fabriketan 129 langile gutxiago utzi zituen enpresak, kaleratze eta erretiro aurreratuekin, baina justiziak berriro lantaldean hartzera behartu zuen enpresa.
Orain, lan itunean jasotako enplegu berriaren sorrerari uko egingo lioke langile batzordeak; hori da enpresari eskaintzen ari zaion osagai sendoetako bat, trukean kaleratzeak egin ez daitezen. Lantaldea erretiro aurreratuekin eta borondatezko bajekin —pizgarrien laguntzaz— murritz daitekeela uste dute beharginen ordezkariek, eta horrela eskatu diote zuzendaritzari. Bitartean, enplegua ez azpikontratatzeko konpromisoa ere eskatu diote enpresari.
Eta helegitea zer?
Langile batzordearen erronka handienetakoa da zuzendaritzak uko egitea EAEko Justizia Auzitegi Gorenaren epaiari jarritako helegiteari. Kaleratzeak baliogabetu zituen ebazpenaren aurkako helegite hori Damoklesen ezpata moduko bat da berriro lantaldean hartu behar izan zituzten 129 langileentzat; Tubacexeko auziarentzat edozein irtenbidek helegite hori erretiratzea jaso beharko luke, beraz.
Batzordeak ez du zuzendaritzaren erantzunik jaso oraindik, baina datorren astelehenean elkartuko dira aldeak berriro, eta bilera horretan jakingo dute enpresaren asmoak nondik nora doazen. Laudio eta Amurrioko langile guztientzako da konpainiak mahairatu duen ABEEa, lanaldiaren %70 murrizteko urte bukaerara arte.
Tubacexeko batzordeak enplegu bermea eskatu dio enpresari 2024. urtera arte
Aldi baterako erregulazioa erretiro aurreratu gehiagorekin osa dadin nahi du. Lan itunak jasotako enplegu sorrerari uko egiteko prest dago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu