Tubacexek onartu du COVID-19ak krisia areagotu duela, baina ez dela arrazoi nagusia

Sindikatuek epaiketan berretsi dute enpresak agin asmo dituen 133 kaleratzeak ez direla beharrezkoak. Zuzendaritzak haiekin lotu du Arabako planten etorkizuna

Tubacexeko langileek eta borrokan dauden beste enpresa batzuetakoek elkarretaratzea egin zuten atzo EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2021eko ekainaren 22a
00:00
Entzun
COVID-19ak Tubacexen txakalaldian duen eraginaren tamaina zehazteak eta enpresaren egoera zailak sustrai sakonagoak dituen ala ez argitzeak berebiziko garrantzia izango du zuzendaritzak egin asmo duen lan erregulazioaren inguruko epaiketan. TTI Laudioko plantaren inguruko epaiketa egin zen atzo EAEko Auzitegi Nagusian, eta gaur Amurrioko Aceralavaren txanda izango da. Otsailean, enpresak abian jarri zuen 132 langile kaleratzeko prozesua. Zuzendaritzaren arabera, Arabako plantak bideragarri bihurtzeko modu bakarra da, eta, hala egin ezean, 2022an haiek desegin behar izateko moduko egoera ekonomikoan murgilduko dira. Langileen ordezkarien ustez, berriz, aldi baterako erregulazio batekin egoera zuzendu daiteke, eta luze gabe errentagarriagoa litzateke. Enpresako peritua ere ados dago azken uste horrekin, baina luzera begira kaleratzeak ezinbesteko ikusten ditu.

Tubacexeko erregulazioa bi egunetan epaituko da, planta bakoitzak bere saioa izango duelako. Halere, bietan ebazpen beraespero da. Atzokoan Garbiñe Biurrunek, Jose Luis Asenjok eta Jose Felix Lajo txostengileak osatu zuten epaile hirukotea, eta hiru ebazpen posible eman ditzakete: kaleratzeak legezkotzat ematea, bidegabetzat jotzea edota erregulazioa indargabetzea. Lan arloko Salak azken hori ebatzi zuen ITP-PCBren kasuan, koronabirusak eragindako arrazoiengatik kaleratzeak egitea legez kanpokoa dela dioen arauaren babesean. Irizpide horren itzalak atzoko epaiketa estali zuen. Hori bai, kontuan hartu behar da ITP aeronautika enpresa bat dela, eta hodigintzak petrolio eta gasarekin harremana duela.

Langile batzordeko abokatuek (ELA, LAB, CCOO eta STAT) eta enpresarenek (Quatrecasas bulegoa), logikoa denez, aurkako jarrerak defendatu zituzten. Alberto Abasolo ELAko abokatuak hartu zuen batzordearen defentsarenzamarik handiena, eta azaldu zuen COVID-19a dela krisiaren arrazoi nagusia. Nabarmendu zuen Tubacexek aldi baterako bi erregulazio espediente onartu zituela iaz, eta bietan espresuki aipatzen zutela pandemiarengatik zirela.

Tubacexek otsailaren 8an onartu zuen lan erregulazioa, iazko bigarren aldi baterakoa amaitu eta hurrengo egunean, eta abokatuak galdetu zuen nola zitekeen egun bakar batean arrazoiak aldatu izana. Langileen ordezkariek 2018ko lan hitzarmeneko baldintzak ere jarri zituzten mahai gainean. Orduko hartan ez zen atzeraldirik aurreikusten luze gabe, eta, ondorioz, orain krisia egon bada, salbuespena da; alegia, COVID-19arengatik. Edo, beste modu batera esanda, behin-behinekoa.

Enpresako abokatuak aurkakoa argudiatu zuen. Hori bai, bere hitzartzearen lehen ordubetean erregulazioaren negoziazio prozedura izan zuen hizpide. Besteak beste, esan zuen ez zela fede txarrik egon, ez zela greba eskubidea urratu, agiririk ez zela falta, txosten objektiboak zirela... Epaileek hainbatetan egin zioten errieta, eta luzamendutan ibiltzea egotzi zioten. Eztabaida beroa izan zen, eta hizketa denbora mugatu zioten.

Tubacexen abokatuak onartu zuen COVID-19ak enpresaren krisia «bizkortu» duela, baina ez dela arrazoi nagusia. Petrolio eta gasaren krisia aurretik zetorrela esan zuen, industriaren deskarbonizazio prozesuan duela oinarria, eta, ondorioz, «egiturazkoa» dela. COVID-19aren eraginez kaleratzeak egitea debekatzen duen legea ezin dela aplikatu esatera iritsi zen. Zenbakiak mahai gainean jarrita: enpresak 2.7 milioi euroko galera izan zuen 2017an; 5,7 milioiko irabazia 2018an (Irango kontratu bati esker), eta 2020aren amaieran 29 milioi euroko galera pilatu zuen. Hurrengo lau urterako aurreikuspenak txarrak direla esan zuen: 21 milioiko galerak 2021ean, 13,4koak 2022an... 132 kaleratzeak eginez gero, berriz, lau urtean enpresak 28 milioi euro aurreztuko lituzkeela esan zuen.

Petrolioaren prezioa

Lau ordu luzeko epaiketa izan zen, eta sei lekukok hartu zuten hitza, besteak beste, alde bakoitzeko peritu ekonomikoek. Hainbat argudio ezberdin plazaratu zituzten, eta hauek izan ziren eztabaida interesgarrienetako bi: petrolioaren prezioaren igoera handiak mesede egiten al die sektoreko inbertsioei? Eta ea Tubacex prest dagoen hidrogenoa bezalako produktuetara jauzi egiteko, eta beharrezko inbertsioak egin dituen ala ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.