Enpresak

Tubacexek inoizko kontraturik handiena sinatu du, Abu Dhabin

Fabrika bat eraikiko du Tubacexek emirerri horretan, eskariari erantzuteko. Azken hiru hilabeteetan hirukoiztu egin zaio eskari zorroa.

Tubacexek lantegia, Laudion. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Iker Aranburu.
2022ko ekainaren 22a
11:48
Entzun

Petrolioaren eta gasaren prezio garestiaren ondorioz, ugaritzen ari dira hidrokarburoetan egindako inbertsioak, eta horri etekina ateratzen ari dira sektorean aritzen diren euskal enpresak ere. Horien artean nagusietako bat Tubacex da, Arabako hodigilea.

Jakinarazi duenez, bere historiako kontraturik mamitsuena sinatu du ADNOC Abu Dhabiko Petrolio Konpainia Nazionalarekin (Arabiar Emirerri Batuak). Hurrengo hamar urteetan 30.000 tona hodi hornituko dizkio, emirerri horretan ustiatu nahi dituzten gas putzuetarako. Gainera, zerbitzu osagarri batzuk emango dizkio putzu horietan.

Akordioaren arabera, Tubacexek fabrika bat eraikiko du Abu Dhabin, hodi horiek egiteko eta lor ditzakeen kontratu gehiago hornitzeko. 100 milioi dolar inbertituko ditu planta horretan, eta 150 lanpostu sortu. 2024rako martxan izango dela aurreikusi dute.

Tubacexek beste bi lantegi ditu Ekialde Hurbilean, Dubain (Arabiar Emirerri Batuak) eta Saudi Arabian, eta oso eremu interesgarria dela nabarmendu du Jesus Esmoris Tubacexeko kontseilari ordezkariak, «inbertsio plan handinahiak dituztelako».

Arabako hodigileak 1.500 milioi euroko eskari zorroa du gaur egun, ADNOCekin eta azken hilabeteetan industriako agenteekin sinatutako kontratuekin. Jauzi handia egin du azkenaldian, aurtengo lehen hiruhilekoaren amaieran 500 milioiren zorroa zuela aipatu baitzuen. Hura azken urteotako zorrorik handiena zela nabarmendu zuen Tubacexek, eta orain halako hiru du.

Hidrokarburoen ustiaketarako ez ezik, beste industria batzuetarako ere lortu ditu kontratuak azkenaldian. Zehazki, hiru sektore aipatu ditu Tubacexek: aeronautika, energia nuklearra eta itsasoko energia eolikoa.

2020 eta 2021 urte zailak izan ziren Tubacexentzat, inbertsio asko geratu zirelako. Horrela, 2020an 25 milioi galdu zituen, eta iaz, berriz, 32 milioi. Gainera, Arabako fabriketako langileen zortzi hilabeteko greba bati aurre egin zion.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.