Industria

Tubacexek bi urteko hazkundea kateatu du kaleratzeak egiten saiatu zenetik

20 milioi euroko irabazia izan du 2023ko lehen seihilekoan, iazko epe berekoa baino %119 handiagoa

Francisco Javier Garcia Tubacexeko presidentea eta Jesus Esmoris kontseilari delegatua. LUIS TEJIDO / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2023ko uztailaren 21a
12:46
Entzun

Ekainaren 22an bi urte bete ziren Tubacexek egin asmo zuen erregulazio espedientearen auzia epaitu zenetik. Bi egun haietan, enpresako abokatu eta perituek iragarpen apokaliptikoak egin zituzten EAEko Auzitegi Nagusian, eta azaldu zuten ez zegoela 128 langile kaleratzea beste erremediorik . Iragarpen txar haiek, baina, zerikusi txikia izan dute enpresak ondoren izan duen bilakaerarekin. Hartaz geroztik, Arabako hodi enpresak zortzi hazkunde hiruhileko kateatu ditu jarraian, eta aurtengo lehen seihilekoan inoiz baino gehiago saldu du.

Tubacexek aurtengo lehen seihilekoko kontuak aurkeztu dizkio Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeari, eta datuek enpresaren bolada ona berretsi dute. Seihilekoan 20 milioi euroko irabazia izan du —64 milioikoa zergak eta betebehar finantzarioen aurretik—, iazko epe berean baino %119 handiagoa. 434,8 milioi euroren salmentak izan ditu guztira, sei hilabeteko tarte batean inoiz izan dituen handienak.

Jesus Esmoris enpresako kontseilari ordezkaria pozik dago emaitzekin: «Emaitzak hobetzeko eta kutxa gordina handitzeko eginak genituen gure aurreikuspenak bete dituzte emaitzek. Eskari zorro handia dugu, eta salmenta urte historiko bat iragar dezakegu». Enpresaren datuek arrazoia ematen diote; izan ere, Tubacexek lan karga handia du. Gaur egun, 1.650 milioi euroko eskari zorroa du, aurtengo lehen seihilekoan fakturatu duena baino 3,7 aldiz handiagoa. Taldeak 146 milioi ditu kutxan, eta 204 milioiko likidezia. Zerga finantzarioa, berriz, 54,5 milioi eurokoa da.

Tubacexek azaldu du datu horien oinarria balio erantsi handiko produktuen salmenta dela, eta energiaren eta lehengaien garestitzea beren azken prezioetara eraman ahal izan dutela. Salmenta horien %42 industria sektorean egin dituzte, %19 gasa garraiatzeko —txostenean nabarmendu dute merkatu horrek aurrerakada «nabarmena» izan duela—, %15 petroliorako, %16 merkatu berrietarako, eta %8 powergen deritzonerako —energia sorrera—. Entresaka geografikoa eginez gero, salmenten %40 Asian eta Ekialde Hurbilean egin ditu, %35 Amerikan, %21 Europan, eta %4 Afrikan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.