Tubacexek %49 gutxiago irabazi du Abu Dhabiko inbertsioengatik

14,2 milioi euroren mozkina lortu du lehen bederatzi hilabeteetan. Salmenta kopurua %11,4 txikiagoa izan da.

Tubacexeko langile bat hodi batzuk ikuskatzen. TUBACEX
Tubacexeko langile bat hodi batzuk ikuskatzen. TUBACEX
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko azaroaren 4a
14:30
Entzun

Tubacexek 14,2 milioi euro irabazi ditu aurtengo lehen bederatzi hilabeteetan, iaz tarte berean irabazitakoak baino %49 gutxiago. Enpresako zuzendaritzak azaldu duenez, Abu Dhabiko planta berrian eginiko inbertsio handiak (48,2 milioi) asko kamustu ditu emaitzak. Halaber, azaldu du laster diru sarrera bilakatuko diren 94 milioi euroko negozioak dituela.

Tubacexek argudio asko ditu emaitza apalak azaltzeko, baina haien azpian ageri da salmentek behera egin dutela aurten. Altzairuzko hodi konpainiak 569 milioi euro fakturatu ditu, iaz baino %11,4 gutxiago. Konpainiak hiru arrazoi eman ditu beherakada hori azaltzeko: nikelaren prezioa, laster entregatuko diren eskarietako salgaien pilaketa eta batez ere 2025ean entregatu beharreko eskari handiei erantzuteko lehengai ugari pilatu izana.

Azken arrazoi hori bat dator iazko emaitzen aurkezpenean eginiko iragarpenekin. Jesus Esmoris enpresako kontseilari nagusiak esana du aurtengoa urte egonkorra izango dela eta 2025ean gorakada handia izango dutela. Esmorisek beste datu batzuk ere eman ditu gaurkoan: enpresak bankuekin duen zorra 260 milioi eurokoa da; likidezia, berriz, 370 milioikoa, eta 400 milioi euroren eskari poltsa du, zeina dagoeneko salduta baitago. Akzioei dagokienez, azken bost egunetan %5,4 jaitsi dira, baina duela urtebete baino %14 gorago daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.