Aiaraldetik Bizkaira bidaia laburra egin zuten atzo Tubacexeko langileek, enpresak iragarritako kaleratzeak gerarazteko beste saio batean, azkena zuzendaritzak lana erregulatzeko espedientea aurkeztu aurretik. Ez zuten lortu zuzendaritzaren jarrera aldaraztea, nahiz eta aurretik enpresak iragarritako 150 kaleratzeak pixka bat apaldu dituen azken txostenak: lantaldean 129 lagun gutxiago izango dira azkenean. 95 lagun kalera botako ditu, beste 22k diruz lagunduta utziko dute enpresa, eta hamabik erretiro aurreratua hartuko dute. Guztira 600 langile ditu taldeak Amurrioko eta Laudioko fabriketan.
Enpresak argudiatu zuenez, egoera ekonomikoak behartutako erregulazioa izan da aurkeztutakoa. Alde batetik dago bere hodien erosle nagusiak, petrolio eta gas enpresak, «krisi luzean» daudela prezio txikien eta energia garbien bultzadaren ondorioz; bestetik, pandemiak inbertsioak gehiago geratu dituela. Hodigileak 25 milioi euroren galerak aurkeztu zituen iaz, eta batez ere Laudioko eta Amurrioko lantegietan pilatu dituela ziurtatu zuen, azalpen gehiago eman gabe.
Salmentak txikitu zaizkionez, lantaldea %20 txikitzeko asmoa azaldu zuen taldeak uztailean, 500 langile inguru mundu osoan, Horietatik 150 ziren Arabako plantetakoak, horietan hamar milioi euroren kostuak aurreztu nahi zituelako. Munduko beste plantetan berregituraketa «elkarrizketa sozialaren tresnen bitartez» egin ahal izan duela aldarrikatu du Tubacexek, baina Euskal Herriko fabrikak izan direla salbuespena, «irtenbide ez-traumatikoak» egin arren lehen proposamenean. «Zoritxarrez, ez da posible izan akordio bat erregulazio txostenaren kontsultek iraun duten denboran».
Langileen protesta
Aiaraldeko bi lantegietako langile batzordeek hasieratik argi utzi zuten ez zutela kaleratzerik onartuko, eta greba mugagabera deitu zituzten langileak aukera hori mahai gainean zegoen bitartean. Gaur 37. eguna beteko du greba horrek, eta ez da azkena izango, langileek lanuztearekin jarraitzea erabaki baitzuten atzo arratsaldean Laudioko fabrikaren aurrean egindako batzar jendetsuan. «Gaur ez da ezer amaitu, borrokan jarraitu behar dugu fabriketako atarietan. Partidak aurrera jarraitzen du, eta emaitza bakarra dago: garaipena», aldarrikatu zuen Edu Ibernia langile batzordeko presidenteak, eta auzitara joko dutela iragarri zuen. Goizean, ehunka langilek egurrezko 150 gurutze jarri zituzten enpresak Derion duen bulegoaren aurrean, kaleratuak izango diren langileak irudikatzeko.
Tubacexek 129 langile gutxiago izango ditu; horietatik 95 zuzenean kalera doaz
Enpresak eskainitako ordaina onartu dute 22 langilek, eta beste hamabik erretiro aurreratua hartuko dute. Langileek otsailean hasitako grebarekin jarraituko dute, eta auzitara joko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu