Salmenta handiak, irabazi mardulak eta eskaera oparoak. Edozein enpresaren ametsa diren kontuak aurkeztu ditu Tubacexek, eta gustura dagoela ezkutatzen ez da saiatu Jesus Esmoris konpainiako kontseilari ordezkaria: «CNMVri aurkeztu dizkiogun emaitzekin baieztatu egiten dugu 2023a urte historikoa izango dela emaitzen aldetik».
Arabako hodigile horren oraingo egoera oso urruti dago duela bi urte eta erdi enpresako langileak ia zortzi hilabeteko greba egitera eraman zituenetik. Arrazoi ekonomikoak argudiatuz, 150 langile kaleratzen saiatu zen Tubacex, eta Amurrioko eta Laudioko langileek greba mugagabe batekin erantzun zioten. Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, gatazka akordio batekin amaitu zen, 2021eko irailean.
Bi urte igaro dira, eta orduan egoera zailean zegoen enpresa esne mamitan dago orain. Arrazoien artean dago erregai fosilen prezioak gorakada handia izan duela, eta horrekin batera petrolioa eta gasa ustiatzeko inbertsioak handitu dituztela hidrokarburo konpainiek.
Haien eskutik, Arabako multinazionalak 641,9 milioi euroren salmentak egin ditu urtarriletik irailera, iaz baino %21,8 gehiago. Salmenta horiei etekin handia atera die: 93,8ko irabazi operatiboa lortu du (EBITDA), eta amortizazioak, zorrak eta zergak kitatu ondoren, 27,8 milioi euroren irabazi garbia geratu zaio, iaz baino %63,5 handiagoa.
Gainera, datorren urtea ere ona izateko sustrai sendoak ditu Tubacexek, eskaera zorroa beteta baitauka: 1.630 milioi euroren eskariak ditu.
Eskaera horietako asko trantsizio energetikoarekin lotuta dauden proiektuetarako direla nabarmendu du konpainiak, hala nola AEBetan CO2a biltzeko proiektuetarako. Edonola ere, oraindik pisu handiagoa dute sektore tradizionalek: industrian egin ditu salmenten %37, gasaren sektorean %25, eta petrolioan %17.