Tubacex, egoera kritikotik «arrakastara» bi urtean

Arabako multinazionaleko buruek azaldu dute «emaitza historikoak» lortzen ari direla. Plan bat aurkeztu dute, inbertsiogileak erakartzeko eta hazten jarraitzeko.

TUBACEX
Tubacexeko langile bat, Laudioko plantan / BERRIA
jokin sagarzazu
2023ko azaroaren 21a
14:05
Entzun

Oso denbora gutxian errotik aldatu da Tubacexen egoera. Pandemian «berregituratze» bati ekin zion, eta kaleratzeen mamuak Amurrioko eta Laudioko (Araba) lantegien atea jo zuen. Orain, oso bestelakoa da egoera: salmenta handiak eta eskaera oparoak ditu. Jesus Esmoris kontseilari ordezkariak ez du ezkutatu pozik dagoela konpainia pilatzen ari den irabazi mardulak direla eta. «Arrakasta baten historia da hau», esan du inbertsiogileen aurrean eginiko ekitaldi batean.

Esmorisek aurreratu du Arabako multinazionalak beste jauzi bat egin nahi duela, enpresak bizi duen «hazkunde fasea bizkortzeko». Eta, horretarako, bi gako hitz azpimarratu ditu: trantsizio energetikoa eta dibertsifikazioa. Produktuena, sektoreena eta geografikoa. Tubacexen produktu izarra soldadurarik gabeko hodi herdoilgaitza da, bereziki petrolio eta gas azpiegituretan erabiltzeko. Baina, hori alboratu gabe, beste batzuk ere bultzatu nahi ditu: besteak beste, hidrogenoarekin loturiko azpiegituretarako hodiak, CO2a biltzekoak, belaunaldi berriko zentral nuklearretan erabiltzekoak eta ekonomia zirkularreko azpiegituretarako tutuak. Horrekin batera, Europatik kanpoko bezeroak ugaritu nahi ditu, Amerikan eta AEBetan bereziki. Egun, salmenten %40 Asian eta Ekialde Hurbilean egin ditu; %35, Amerikan; %21, Europan; eta %4, Afrikan.

Pandemia garaia, 2020a eta 2021a, garai «kritikoa» izan zen konpainiarentzat, eta hori islatu zen Euskal Herrian dituen bi lantegietan. Argudiatu zuen kaleratzerik gabe planta horiek ez zutela etorkizunik, eta 128 langile kaleratzeko dosierra aurkeztu zuen, baina, zortzi hilabeteko grebaren ostean, atzera egin zuen.

Egoerari buelta emateko, plan estrategiko bat egin zuen 2022-2025eko eperako, eta hor zehaztutakoak betetzen ari direla azaldu du Esmorisek. Azkenengo bi urteetan, gainera, aldeko haizea izan du sektoreak, erregai fosilen prezioen igoera dela-eta hidrokarburo konpainiek petrolioa eta gasa ustiatzeko inbertsioak handitu baitituzte. Aurten, Tubacexek 641,9 milioi euroren salmentak egin ditu urtarriletik irailera (+%21,8), eta, amortizazioak, zorrak eta zergak kitatu ondoren, 27,8 milioi euroren irabazi garbia geratu zaio, iaz baino %63,5 handiagoa. Zorra ere 2022ko planean zehaztutako mailan ari da gutxitzen.

Zorroa beteta

Urtea 900 milioi euroren salmentekin amaitzea espero du. Baina, Esmorisek azaldu duenez, zenbakiak hobeak izan zitezkeen, 1.000 milioirenak hain zuzen, ez balira garestitu produkzio kostuak edo energiak eta lehengaiak, bereziki nikela, hori baita Tubacexek ekoizten dituen tutuen lehengai nagusia. Dena den, «historikotzat» jo ditu emaitzak, eta datozen urteetan handitzen jarraituko dutela uste du.

Urrutira joan gabe, azaldu du datorren urteak ere ona izateko sustrai sendoak dituela, eskaera zorroa beteta baitauka: 1.630 milioiren eskaerak ditu. Horietako asko trantsizio energetikoarekin lotuta dauden egitasmoetarako dira, hala nola AEBetan CO2a biltzeko proiektuetarako. Datozen urteetara begira poltsa hori betetzen hasiak direla nabarmendu du, luzera begirako kontratuekin bereziki. Esmorisek azaldu duenez, 2027. urtera iritsi nahi dute 1.200-1.400 milioiren salmentekin.

Hazkunde faserako inbertsiogileak bilatzen hasi da konpainia; dena den, «desinbertsio batzuk» egitea ere aurreikusten du, baina ez du zehaztasunik eman horren inguruan. Egin nahi duen jauzia trantsizio energetikoarekin lotu du Esmorisek. «Gure sektorean lehenetarikoak izan gara hori egiten, eta liderrak izateko oinarriak ditugu». Erakundeak zuzenean aipatu gabe, adierazi du leku batzuetan ez dela behar bezala planifikatzen ari trantsizio hori: bizkorregi ari direla salatu du. Esmorisen arabera, «gaur egungo energiek [erregai fosilek] energia berriekin batera egon behar dute denbora batez». Energia nuklearraren alde ere mintzatu da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.