TSko langileak ikerketapean, Facebooken ustez egindako irainengatik

Enpresako jabeek jarri diete salaketa eta Ertzaintzaren aurrean ari dira deklaratzen azken egunotan

Urola Kostako Hitza
2014ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
TS Fundiciones enpresako auzian tentsioa goraka doa: Zestoako enpresako akziodunek salaketa jarri diete hainbat langileri eta haien senideei Facebooken dituzten orrietan idatzitako mezuen bidez iraindu dituztelakoan. Ertzaintzak ikerketa bat abiatu du, eta Zarauzko polizia etxera deitu ditu. Gutxienez sei pasatu dira, eta Facebooken bertan haietako batzuek esan dutenez, galdeketan jakin nahi izan dute adierazpenen egileak haiek ote diren, eta hala bada, epaileak hartuko diela deklarazioa. Zigor ekonomikoak jaso ditzakete egileek.

Ikerketa horrek are gehiago gaiztotu du langileen eta enpresaren jabeen arteko giroa. Berregituraketa saioaren porrotaren ondorioz lantegia likidazioan jarriko duela iragarri zuen otsail erdialdean TS Fundicionesek,.

Langileek, ordea, ez dute amore eman nahi. Atzo giza kate bat egin zuten Arroa auzoan —han dago lantegia—, Zumaiara bideko errepidean. Erakundeen bidez ere ari dira enpresaren itxiera eragotzi nahian. Astelehenean, Eusko Jaurlaritzako Enplegu Saileko ordezkariekin batu ziren, alferrik baina. «Ez du ezertarako balio izan. Enplegu Saileko ordezkariek esan digute ez dutela ezer konpontzeko ahalmenik».

Jaurlaritzaren jarrerarekin haserre daude langile batzordeko kideek: «Langileen aldeko jarrera garbia erakuts dezala nahi dugu; orain artekoa sumintzeko modukoa da, ezer egiteko prest ez dagoela erakusten baitigute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.