Dora Makri. ERTko kazetaria

«Tsiprasek bataila handia galdu du, baina gerra irabaz dezake»

Ekainean berriz hasi zen lanean Makri, Greziako ERT telebista kate publikoa bi urtez itxita egon ostean. Bere ustez, Alexis Tsiprasek babes handia du, herritarrek ez dutelako elite bateko kidetzat ikusten.

RAUL BOGAJO / ARGAZKIPRESS.
Gasteiz
2015eko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Dora Makrik (Zurich, Suitza, 1964) 30 urteko esperientzia dauka Greziako hainbat komunikabidetan. Gaur egun, ERT Greziako telebista publikoan dabil lanean, berriemaile gisa Madrilen. Bi urte itxita egon ostean, Syrizak telebista berriz martxan jarriko zuela agindu zuen. Ekainetik dago irekita, eta, Makriren ustez, zail izango dute berriz ixteko.

Erreskateak, bata bestearen atzetik. Orain, hirugarrena onartu dute. Zer kalte eragingo die herritarrei?

Erreskatearen 35.000 milioi euro ekonomiaren susperraldia bultzatzeko izango dira. Hori oso garrantzitsua da, eta orain arte ez da horrela izan. Beti egon gara Europako Banku Zentralari ordaintzeko erreskateak onartzen. Bankuentzat ere izango da erreskatearen parte bat. Orain, bankuek ezingo dute esan ez dutela dirurik. Herritarrek, orokorrean, ez dut uste ezberdintasun handirik sumatuko dutenik.

Erreferendumean, ezezkoaren alde bozkatu zuten greziarrek, Syrizak eskatu bezala. Promes egindakoaren kontrakoa onartu du Tsiprasek. Hala ere, herritarren gehiengoak babesten du. Zer dago babes horren atzean?

Hasteko, Tsiprasek itxaropena ekarri dio Greziari. Horretaz gain, greziarrentzat Tsipras beste herritar bat da, haietako bat da. Orain arte agindu duten politikariak inork ez zituen herriaren parte sentitzen. Elitea ziren, herritarrei ezer galdetu gabe erabakiak hartzen zituen elitea. Hori dela eta, greziarrek konfiantza handia dute oraindik ere Tsiprasengan.

Baina ez du greziarren hitza bete. Tsiprasek herritarrei traizio egin die, edo garaitua izan da?

Garaitua izan da. Tsiprasek bataila handia galdu du, baina gerra irabaz dezake. Gerra ekonomiko honetan, oraindik ez dira atal garrantzitsuenak idatzi. Azken 40 urteetako agintariek egin ez zuten bezala, egunero egon da negoziatzen eta irtenbideak bilatzen. Adore hori erakusten jarraitzen badu, gerra irabaziko du. Eta herritarrak horren jabe dira.

Hark adierazi duenez, hirugarren erreskate honek ekonomiaren susperraldia ekarriko du. Sinesten duzu?

Azkenengo urteetan Greziak pairatu behar izan dituen egoerei erreparatzen badiegu, zaila da susperraldirik ez egotea: ezinezkoa da txarrera joatea. Hiru urte ditugu barne produktu gordinaren %1 aurrezteko. Horrek arnasa ematen die greziarrei, eta, gobernu berriek euren lana ondo eginez gero, erraz lor daiteke.

Syrizak ez du lortu zorraren kitarik, baina Nazioarteko Diru Funtsak hori eskatu die Europako herrialdeei. Aukerarik ikusten duzu zorra arintzeko neurriren bat lortzeko udazkenetik aurrera?

Zaila da, oso. Arazo nagusia da troikak gure zorraren %80 kontrolatzen duela. Eta troika oso munstro handia da, handiegia. Gainera, zorraren %25 armamentua eta Olinpiar Jokoak ordaintzeko baliatu behar dute oraindik. Noiz arte jarraituko dugu 2004ko Olinpiar Jokoak ordaintzen? Eta armei dagokienez, Israelek bezainbeste arma ditugu. Zertarako? Gerra batean gaude? Bai, baina gerra ekonomikoan, suzko armak behar ez dituena. Zor hori bertan behera utzi behar da, lehenbailehen. Gero gerokoak.

Hauteskunde programaren zati batzuk ere bete ditu. Bi urteren ostean, adibidez, berriz martxan dago ERT telebista publikoa. Gobernu berri batek katea berriz ixtearen beldur zarete?

Ez dira ausartuko; edo ez diegu utziko. Syrizak hauteskundeak galtzen baditu eta gobernu berri bat sartzen bada, ziurrenik telebista ixtea proposatuko du gobernu berriak. Baina langileok talde oso sendo bat bilakatu gara bi urte langabezian egon ostean. Ez dut uste gobernu berriak aurre egin nahiko digunik.

Komunikabideekin jarraituz, erreferendumera begira telebista, egunkari eta irrati ia guztiek Nai (bai) eskatu zuten. Greziako komunikabideen objektibotasuna kolokan dago?

Eraikuntzan eta armagintzan aritzen diren enpresaburu handiek kontrolatzen dituzte komunikabide pribatuak, telebistak eta egunkariak batez ere. Azkenengo 40 urteetan oso gustura egon dira. Gobernu ezberdinekin tratuak egiten zituzten. Orain, Syriza agintean dagoenetik, mesede guztiak bukatu zaizkie. Ez daude horretara ohituta, eta Syriza gobernutik bota nahi dute ahal bezain pronto. Hala ere, erreferendumeko emaitzak argiak dira: greziarrek ez dute komunikabide pribatuetan sinesten.

Tsiprasek dimititu ostean, 2015eko bigarren hauteskunde orokorrak ospatuko dira irailean. Parlamentua orain baino zatituago geratuko da?

Ez dut uste. Are gehiago, baliteke indar historiko batzuk kanpoan geratzea: PASOK eta KKE. Bi alderdi horiek idazkari nagusiak aldatu dituzte, eta berriek ez dute inolako karismarik. Ordezkaritza lortzeko, bozen %3 behar da, eta urtarrileko hauteskundeetan %4 lortu zuen PASOKek, adibidez. Irabazleei begira, abstentzioa eta Syriza izango dira irabazleak, nire ustez. Bozkatzea derrigorrezkoa da Grezian; bozkatzen ez baduzu, zigorrak jaso ditzakezu zerbitzu publikoetan. Hala ere, erreferendumean Oxi (ez)bozkatu zuten asko abstenituko dira.

Eta Syrizatik banatutako zatia (Herri Batasuna) Syrizak otsailean aurkeztu zuen programa berarekin aurkezten bada, Syrizari boza eman zioten herritarrak bereganatuko ditu?

Ez dut uste. Esan bezala, Syrizaren alde bozkatu zuten herritarrek bi gauza egingo dituztela uste dut: Syriza berriz bozkatu edo abstenitu. Herritarrak triste daude, suminduta, baina gaur egungo gobernuan konfiantza izaten jarraitu nahi dute. Gainera, Tsiprasek oso azkar deitu du hauteskundeetara, Herri Batasunak ez bereganatzeko bozak. Ez dut uste alderdi berriek aukera handiak izango dituztenik kanpaina on bat egiteko.

Izan ere, Herri Batasunak drakmara itzultzeko aukera erreala aipatu du. Gizartearen gehiengoa prest dago horretarako?

Greziak petrolioa, janariak, abeltzaintza eta turismoa dauzka. Drakmarekin bizi gaitezkeela? Noski, hala egin genuen urte askoan. Baina txarto, oso txarto biziko ginateke. Nire ustetan, orain baino askoz txarrago. Proiektu berritzaileak aurrera ateratzea ezinezkoa izango litzateke Europako Batasunetik kanpo. Herri Batasunekoak ere horren jabe dira, eta azken asteetan lausotu egin dute drakmaren diskurtsoa. Badakite greziarrak ez daudela prest trantsizio horretatik pasatzeko.

Hirugarren erreskatea sinatuta eta lotuta dago. Hauteskundeek eta handik atera daitezkeen gobernuek kolokan jar dezakete erreskatea?

Syrizak irabazten badu, erreskateak martxan jarraituko du. Baina greziarrek dituzten beharren arabera ezarriko ditu erreformak. Hau da, ez da aizkorekin buruak mozten hasiko, beste agintari batzuek egin zuten moduan. Aldiz, orain arte indarrean egon diren alderdiek gobernua osatzen badute, Alemaniaren eta troikaren zerbitzura egongo dira lehenengo egunetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.