Bideragarritasun plan gogor bat espero zuten TS Fundicioneseko langileek, eta hala izan da. Enpresako administrazio kontseiluak astelehenean onartu eta atzo iragarritako planaren arabera, 50 langile kalera joango dira, eta geratuko diren 110ek baldintza okerragoetan egin beharko dute lan: %25 gutxiago kobratu beharko dute eta 100 ordu gehiago lan egin urtean, Gipuzkoako metalgintzako itunarekin parekatzeko. Enpresak azaldu zuenez, neurri horiekin, enpresa «lehiakide europarren pare» jarriko da, eta luze gabe jarduerari eutsiko dio.
«Plana oso txarra da, negargarria», esanez erantzun zuten langileen ordezkariek. Hala ere, «ondo-ondo aztertu» eta gero erantzungo diote enpresari. Bizkor egin beharko dute, enpresak esan baitie zortzi egunean erantzunik jaso ezean konkurtsora joko duela. Dagoeneko konkurtsoaren aurrekoan dago.
Langileak grebara deituta zeuden gaurko, urriko soldata ordaindu ez dietelako, baina bertan behera utzi dute. «Greba enpresarentzat kalte handia dela esan digute nagusiek, orain lana badagoela eta bezero batzuk atzera egin eta lana beste tokiren batera eraman dezaketela argudiatuta», azaldu dute.
Lana da, hain zuzen ere, TS Fundicionesek eskas duena. Industria eolikoarentzat osagaiak egiten ditu, baina asko gutxitu zaio lana azkenaldian. Batetik, sektore horretan inbertsioek geldialdi bat izan dutelako, eta, bestetik, bezero askok Txinako produktuak erosten hasi direlako edo beren fundizioak sortu dituztelako. Iaztik hona %43 tona gutxiago ekoiztu du, eta fakturazioa 20 milioira jaitsi da, prezio txikiagoak eskaini behar izan dituelako bezeroei eusteko. Diru gutxi da hori, kontuan hartuta 28 milioi euroren zorra pilatu duela. «Zor hori ez da bideragarria enpresa berregituratu ezean», azaldu du enpresak. Hornitzaileekin eta bankuekin duen zorra berriro negoziatu nahi du zuzendaritzak.
Berregituraketa bizkor egin behar dela dio enpresak, «azken hilabeteotako gatazken ondorioz» bezero batzuek iragarri dutelako beste hornitzaile batzuk bilatuko dituztela.
TS Fundicionesek 50 langile kaleratu nahi ditu
Berregituraketa plana bizkor onartu ezean enpresa konkurtsora aterako duela iragarri du zuzendaritzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu