ENPRESAK

TS Fundicionesek 50 langile kalera bota nahi ditu

Lan taldea txikitu eta negozioa berregituratu ezean konkurtsora doala esan die enpresak langileei.

2013ko azaroaren 12a
19:23
Entzun

TS Fundicionesko zuzendaritzak bere berregituraketa plana aurkeztu die langileei. Oso gogorra da, langileek joan den ostiralean iragarri zuten moduan. 50 langile kaleratu nahi ditu enpresak, eta lanean geratzen diren 95 lagunei %25 txikitu nahi die soldata eta lan antolaketa malguagoa ezarri nahi die.  

TS Fundicionesek bi lantegi ditu Gipuzkoan, Arroakoa (Zestoa) eta Zumaiakoa. Duela urte gutxi 350 langile izatera iritsi ziren, baina azken urteotako erregulazio espedienteek eta beste kaleratzeek 155 lagunetan utzi dute lan taldea.

«Plana oso txarra da, negargarria», esanez erantzun dute langileen ordezkariek. Hala ere, «ondo-ondo aztertu» eta gero erantzungo diote enpresari. Bizkor egin beharko dute, enpresak esan baitie zortzi eguneko epean erantzunik jaso ezean konkurtsora joko duela.  Dagoeneko konkurtsoaren aurrekoan dago.

Langileak grebara deituta zeuden gaurko azken soldata ordaindu ez dietelako, baina bertan behera uztea erabaki dute. «Greba enpresarentzako kalte handia dela esan digute nagusiek, orain lana badagoela eta bezero batzuk atzera egin eta lana beste tokiren batera eraman dezaketela argudiatuta», justifikatu dute. "Beste behin, lantegiaren alde egiteko prest gaudela erakusten ari gara; langileok beste ahalegin bat egingo dugu orain ere».

Fakturazioa behera, zorra gora

Lana da, hain zuzen ere, TS Fundicionesek eskas duena. Industria eolikoarentzat osagaiak egiten ditu, baina asko gutxitu zaio lana azkenaldian. Batetik, sektore horretan inbertsioek geldialdi bat izan dutelako eta, bestetik, bezero askok Txinako produktuak erosten hasi direlako, edo beren fundizioak sortu dituztelako. Iaztik hona %43 tona gutxiago ekoiztu ditu, eta fakturazioa 20 milioira erori da, prezio txikiagoak eskaini behar izan dituelako bezeroei eusteko. Diru gutxi da hori, kontuan hartuta 28 milioi euroren zorra pilatu duela. «Zor hori ez da bideragarria enpresa berregituratu ezean», azaldu du enpresak agiri baten bidez. Hornitzaileekin eta bankuekin duen zorra berriro negoziatu nahi du zuzendaritzak, eta produktu  eta merkatu berriak bilatu. 

Berregituraketa bizkor egin behar dela dio enpresak, «azken hilabeteotako gatazken ondorioz» bezero batzuek iragarri dutelako beste hornitzaile batzuk bilatuko dituztela.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.