«Jende gehienak ez daki zer arraio diren, baina pentsa zer gertatuko den jende guztiak jakiten duenean; ikusgarria izango da». Donald Trump kriptodiruei buruz aritu zen Nashvillen (AEB) orain pare bat aste.
Haren amazing (txundigarri), tremendous (egundoko) eta terrific (izugarri) guztiek harrera sutsua izan zuten urtero kriptodiruei buruz egiten den bitcoin bilkuran. Batez ere, une oro, entzun nahi zutena esaten aritu zitzaielako Turmp han bildutakoei. «AEBak munduko bitcoin superbotere bihurtuko ditut!».
Kriptodiruen ingurukoak bere kanpainan bete-betean sartu ditu AEBetako presidente ohiak. Erraz antzematen da hori haren hitzaldietan, eta horrek esplikatzen du Trumpek J.D. Vance hautatu izana ere bere hautagaitzan lehendakariordegai gisa joateko.
Eskuineko libertarioak
Vancek bere burua Yale unibertsitatera iristea lortu zuen hillbilly (kaiku) gisa aurkeztu nahi du; gutxietsitako herritar xeheen ordezkaria, elite liberalei aurre egiten. Baina Vanceren aitabitxiak Kalifornian daude, Silicon Valleyn. Berrikuntza teknologikoan dituzten negozioei esker, AEBetako pertsonarik aberatsenetakoak dira, dirutzak jartzen ari dira kanpaina errepublikanoan, eta —hemen dator azpimarra— interes handia dute kriptodiruetan.
Interes handia, bai kriptodiruak negozio direlako haientzat, bai haien eskuin muturreko pentsaera libertario —haien ustez— superadimentsuan kriptodiruak tresna egokiak izan daitezkeelako, askatasun tresna horien asmo buruargiei beti trabak jartzen dizkieten gobernu eta erakunde publiko tentelen gainbegiratzetik libratzeko.
Kapitalismoa eta demokrazia ez direla bateragarriak maiz iradoki du Vanceren babeslerik handienak Peter Thielek (PayPal). Ia soka beretik, Vancerekin eta Trumpekin bat egin dute Elon Muskek (Tesla, Space X, Starlink), eta Andreessen Horowitz arrisku kapitaleko funts garrantzitsuaren sortzaileek ere, Marc Andreessenek eta Ben Horowitzek. Talde horretan sar daitezke kriptodiruen artekaritza guneen sortzaileak ere, hala nola Cameron Winklevoss (Gemini) eta Jesse Powell (Kraken).
Gary Gensler SEC AEBetako Balore Merkatuaren Batzordeko presidentean gorpuzten da kriptodiruzale eta bultzatzaileek kontrol eta gainbegiratze politikoari dioten gorrotoa
Horien guztien nahia izan da Trump AEBetako presidentetzara eramatea. Eta Trumpek argi utzi du horien dohaintzek ordaina izango dutela: «Lehen egunean kaleratuko dut Gary Gensler», esan zuen Nashvillen, kriptozaleen zoramenerako.
Kriptodiruzale eta bultzatzaileek kontrol publikoari dioten herra Gary Gensler SEC AEBetako Balore Merkatuaren Batzordeko presidentean gorpuzten da. Azken urteetan, SECek auzibidean jarri ditu Binance, Coinbase eta Gemini artekari handiak, eta horien gainean kontrol handiagoa eduki nahi luke.
Genslerren ustez, kriptodiruak eta antzeko aktiboak inbertsio balore gisa tratatu behar dira; akzioak eta bonuak bezala. Eta horrek inbertsiogileen babeserako legeria eta gobernuaren gainbegiratzea betetzea dakar.
Kriptoen inguruko industriakoek diote, aldiz, kriptodiruetan inbertitzea salgaiak erostea bezala dela, urrea edo artoa erostea bezala. Horrelako operazioak ez ditu SECek arautzen, agentzia txikiago batek baizik, zeinak, gainera, ez dituen hainbeste kontrolatzen banako inbertsiogileak.
Bitartean, guztien buruan hor daude kriptodiruei lotutako iruzur, lapurreta eta abarren kasuak. Ezagunena, beharbada, Sam Bankman-Frieden kasua da. FTX kriptodiruen artekaritzaren sortzaileari 25 urteko kartzela zigorra ezarri zioten 2022an, bezeroei 1.700 milioi dolarreko iruzurra egiteagatik. Binanceko buru Changpeng Zhao-ri, berriz, lau hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten iaz, bere artekaritzan dirua zuritzeko operazioak ez eragozteagatik.
Erreserba Federalaren arabera, 40 milioi estatubatuarrek daukate aktibo digitalen bat
Kriptodiruen industriak arau ahalik eta gutxien nahi ditu, baina, aldi berean, haien produktuak kontsumitzaileen artean orokortzea, kriptodiruak eta hari lotutakoak normaltzea. Horretarako nahi dute Trump lehendakaritzan, hori agindu dielako; gobernuaren nolabaiteko bedeinkazioa. Auzi kriminaletan konfiskatutako kriptodiruekin gobernuak «kriptodiruen erreserba bat» osatzeko aukera ere aipatu du Trumpek.
Edonola ere kriptodiruen aldeko jarrera erakutsi duten Senaturako eta Kongresurako hautagai demokratek ere jaso dituzte dohaintzak iturri beretik; eta Kamala Harrisen kanpaina ere hasia da dirua jasotzen, presidentetza eskuratzeko bere aukerak handituz joan diren ahala.
Arriskuak
Dagoeneko ari dira zabaltzen kriptodiruak AEBetan. Erreserba Federalaren arabera, 40 milioi estatubatuarrek daukate aktibo digitalen bat. Horregatik, haien gaineko araudia eta kontrola indartzearen aldekoek arriskua hurbil ikusten dute: araudi arinekin kriptodiruak finantza sisteman hainbeste barneratzea, non banku sistemarekin erabat lotuko liratekeen, banku handien haiekiko esposizioa handituz. Hots, kriptodiruak amilduko balira, finantza sistema osoari kalte egingo liokeela, 2008an hipoteken deribatuekin gertatu zen bezala.
Ez da arrisku makala; are gehiago, oraindik ere kriptodiruen erabilgarritasuna bera auzitan dagoen honetan. «Gutako gehienontzat, kriptoaktiboek ezer gutxirako balio dute, beste kriptoaktiboak erosteko ez bada; salbuespen nabarmenak dira kapitalak zuritzea, estortsioa eta iruzurrak», laburbildu zuen orain gutxi Paul Krugman Ekonomiako Nobel saridunak The New York Times-en.
Balio ala ez, gorabehera handiekin, eta Trumpen gobernu posiblearen zain, bitcoinak eta beste kriptodiruak zabaltzen ari dira etengabe. Krugmanek badu horrentzako esplikazio bat: «Nire ustez, kriptoaktiboen sendotasunak zerikusi handia du haien ulertezintasunarekin. Zaila da norbaitek engainatu egin zaituela ondorioztatzea, inoiz ez duzunean ulertu hasieran zer saldu zizun».