Kolorez josiak, gutxieneko informazioa biltzen zutenak, marrazki «ahalik eta sinpleenak». Halako dozena bat grafikoz armatuta iritsi zen Jean-Claude Juncker Etxe Zurira 2018ko uztaileko egun batean. Donald Trumpek bere lehen agintaldian muga zergekin piztutako merkataritza gerra baretzera joana zen Europako Batzordeko orduko presidentea, eta akordio bat eginda itzuli zen Washingtondik.
Juncker ez zen izan estrategia hori erabili zuen bakarra. Urtebete geroago, Shinzo Abe orduko Japoniako lehen ministroak beste grafiko koloretsu bat erakutsi zion Trumpi, Japoniak AEBetan egindako inbertsioak azaltzeko.
Like others around the world, the Japanese have figured out how to play to a visiting Trump. Abe gave him this chart showing how much Japan invests in the United States. pic.twitter.com/JFlMmYHuwg
— Peter Baker (@peterbakernyt) June 28, 2019
Kondairak dio lehen agintaldi hartan Trumpen aholkulariek ohitura zutela harentzako agiri eta memorandumak orrialde bakarrean biltzeko, beti mapa, diagrama eta grafiko lagungarriekin apainduta. Presidentearen izena paperean nonbait agertzea omen zen haren arreta lortzeko beste trikimailu bat.
Ondorioz, ez da zaila imajinatzen aste hauetan beren interesen alde Trump lausengatzeko Mar-a-Lagotik igaro diren guztien artean izan direla baten batzuk besapean askotariko marrazkiak eta irudiak eraman dituztenak, urtarrilaren 20ko kargu hartzeko bestaburuetarako txekeekin batera.
Zerga jaitsierak eta muga zergak
Ikusteko dago, ordea, technobro-ek eta konpainia handiek zer nahi duten txeke horien eta babesaren truke. Batzuek, adibidez, nahi dute kriptodiruen inguruko araudiak beren nahien arabera egokitzea. Diotenez, Mark Andreessen arrisku kapitaleko negoziolari eta kriptodiruaren zaleak Mar-a-Lagon hartu du ostatu azken asteetan, Trumpen Floridako egoitzan —Elon Muskek bezala—, eta denbora asko eman du han, «laguntzen».
Andreessenek grafiko bat erakutsi zion Trumpi, erakusteko nola gauzatu zitezkeen presidente berriak hauteskunde kanpainan iragarritako handikeria guztiak; alegia, nola jarraitu aberatsenentzako zergak murrizten —2025ean iraungitzen dira haren lehen agintaldian ezarriak—aldi berean diru sarrerarik galdu gabe AEBetako Gobernuarentzat, zeina galanki zorpetuta baitago.
Grafikoak erakusten zuen muga zergak sarrera oso garrantzitsuak izan zirela gobernu federalarentzat Bigarren Mundu Gerrara arte, baita Bigarren Industria Iraultzan ere —1870 eta 1914 bitarteko Gilded Age edo aro urreztatu ezaguna, bereziki aberatsa baina desberdinkeriaz betea—. Ordu hartan apenas zegoen errenta zergarik.
The Tariffs, and Tariffs alone, created this vast wealth for our Country. Then we switched over to Income Tax. We were never so wealthy as during this period. Tariffs will pay off our debt and, MAKE AMERICA WEALTHY AGAIN! https://t.co/ZuAi9qCdai
— Donald J. Trump (@realDonaldTrump) January 3, 2025
Hain zuzen, muga zergak ezartzea ez ezik zergak jaistea izan denez gero Trumpen kanpainako mantra ozenetako bat, dena konponduta grafiko bakarrean. Trump konbentzitzeko nahikoa, behintzat: «Muga zergek, muga zergek bakarrik sortu zuten aberastasun itzel hori gure Herriarentzat. Gero, errenta zergara aldatu ginen. Sekula ez gara izan garai hartan bezain aberatsak. Muga zergek ordainduko dute gure zorra, eta AMERIKA BERRIZ ABERATS EGIN!», esan zuen sareetan, hizki handiz noski, Andreessenek txiokatutako grafikoari buruz.
Baina beste grafiko baten bitartez, Paul Krugman Ekonomiako Nobel saridunak erraz erakutsi du Andreessenek eta Trumpek goraipatutako garai haietako gobernu hura apenas zela gobernu bat, ez baitzuen ia gasturik. Ez zuen Gizarte Segurantzarik, ez Medicare ezta Medicaid osasun programarik, eta «armada bera ere oso txikia zen», Krugmanek azaldu zuenez.
Garai hartakoen aldean, Bigarren Mundu Gerraren osteko AEBak are aberatsagoak eta berdintzaileagoak izan ziren, gobernuak gastu handia izanik, eta %70etik gorako zerga tasa marjinalak.
Kontua da Trumpek muga zergak ez dituela soilik zergak kitatzeko erabili nahi. Muga zergen funtzio zerrenda amaiezina da Trumpen adierazpenetan. Esaterako, muga zergak jo ditu Txinaren botereari aurre egiteko arma nagusitzat. Zein da europarrak AEBetako petrolioa eta gasa erostera behartzeko modua? Muga zergak. NATOko herrialdeak nola behartu defentsan diru gehiago jartzera? Muga zergen bidez. Zer egin AEBetako konpainia teknologiko erraldoiak Europako erregulazioetatik defenditzeko? Muga zergak ezarri. Eta Groenlandia dela-eta zer? Danimarkari (eta haren Ozempic botikari?) muga zergak jarri, eta kito.
Horren harira, Dani Rodrik ekonomistak hau idatzi du: «Haren [Trumpen] imajinazioan, muga zergak labana suitzar baten parekoak dira. Tresna bat AEBetako merkataritza defizita konpontzeko, lehiakortasuna sustatzeko, etxeko inbertsioa eta berrikuntza babesteko, klase ertaina laguntzeko eta lanpostuak sortzeko».
Baina, Rodrikek azaltzen duen moduan, AEBetako industria batzuentzat onuragarriak izan daitezkeen muga zerga horiek berak kaltegarri gerta daitezke beste batzuentzat, inportatzen dituzten gaiengatik edo galduko dituzten merkatuengatik. Eta nola ziurtatu irabazitakoak inbertsiorako eta produktibitatea bultzatzeko erabiliko direla eta ez korporazio handietako akziodunak are gehiago aberasteko?
Kontuan izanda muga zergak AEBetara inportatutako gaien gaineko zerga bilakatzen direla —eta ondorioz inflazioa eragiten dutela—, baten batek pentsa dezake Trump ahoberoaren atzean egongo diren administrazio berriko kudeatzaile burutsuek, batez ere alderdi errepublikano tradizionalenera lotutakoek, zentzu handiagoz eta era doituagoan erabiliko dituztela muga zergak datozen lau urteetan.
Muga zergak era kirurgikoan erabiliko zirela argitaratu zuen Washington Post-ek hil hasieran, Trumpen taldeko iturriak aipatuz. Trumpek berehala ukatu zuen hori Truth Social sarean: «Albiste faltsuen beste adibide bat da».
Trumpek kanpainan esandakoaren arabera, inportazioen gaineko muga zerga orokor bat izango da, %10eko, eta %60koa Txinatik iritsitako ondasunentzat. Gero, iragarri du bi Kanadako eta Mexikoko salgaien gainean %25eko muga zerga jarriko duela, AEBek bi herrialde horiekin dituzten merkataritza defizitak murrizteko. Trumpek berak berriro negoziatutako USMCA merkataritza hitzarmenak lotzen ditu Ipar Amerikako hiru herrialde horiek, eta ekoizpen kateak oso integratuak dituzte.
Deportazioen kostua
Baliteke hor zalantza piztea: izan ere, Mexikori %25eko muga zergak ezarri nahi dizkio Trumpek immigrazioa oztopatzen ez badu. Orduan... Mexikori zenbateko muga zergak pilatuko zaizkio? Batek daki...
Hauteskundeetan, Trumpek adierazi zuen presidente kargua hartu eta biharamunean hasiko direla «legez kanpoko immigranteen» deportazioak. «Deportazio masiboak» aitatu zituen, MAGAren zaleen gozamenerako.
Zalantzarik gabe, mehatxu hori betetzeak kostu ekonomikoak izango ditu. Eta bada horiek neurtzeko ariketa egin duenik. American Immigration Council migratzaileen alde jarduten duen irabazi-asmorik gabeko erakundearen arabera, iazko urrian hamahiru milioi immigrante inguru bizi ziren AEBetan beren egoera erregularizatu gabe.
Etxe Zuria horiek guztiak batera deportatzen hasiko balitz, gutxieneko gastua 315.000 milioi dolarrekoa izango litzateke (atxilotzeak, jendea atxilotuta edukitzea, lege prozedurak eta deportazioak). Prozesua moteldu eta urtero milioi bat kanporatuz gero, handitu egingo litzateke kostua, eta ez gutxi, atxilotze eremuak mantentzea ez delako merkea, besteak beste. Pentsatuta ere paperik gabeko immigranteen %20k autodeportazio deitutakoaren alde egingo dutela —bada horrelakorik aurreikusten duenik—, 11 urtean bilioi bat dolarrera hurbilduko litzateke kostua.
Jakina, ekonomian ere zuzenean igarriko lukete deportazioen inpaktua, langile faltarengatik, besteak beste.
%4,2BPGa zenbat murriztuko litzatekeen Trumpek iragarritako deportazioak gauzatuko balira, AEBetako barne produktu gordina %4,2 eta %6,8 artean apalduko litzateke.
Eraikuntza eta nekazaritza sektoreek zortzi langiletik bat galduko lukete, eta hotelen eta ostalaritzaren sektoreak hamalau langiletik bat. Kontuan izan behar da, halaber, AEBetako estatu jakin batzuetan daudela paperik gabeko immigrante gehienak. 2022an, Kalifornian, Texasen eta Floridan zeuden paperik gabeko immigranteen %47. Langile merkeenak galduta, lan kostuak igoko lirateke, enpresen irabaziak murriztu, eta inflazioa puztu.
Paperik gabeko immigranteek ere zergak ordaintzen dituzte AEBetan, bai zuzenak eta bai kontsumoari lotutakoak. Sarrera horien falta nabaritu egingo litzateke aurrekontuetan.
American Immigration Concil erakundearen txostenaren arabera, Trumpek egin asmo dituen deportazioak egingo balira, BPGa %4,2 eta %6,8 artean murriztuko litzateke.
Inflazioa
Kontua da zergak jaisteak inflazioa hauspotu dezakeela. Izan ere, posible da horren eraginez eskaria handitzea; are, baliteke muga zergek eta deportazioek ere inflazioa igoaraztea. Marka da, inflazioa ez ezik janariaren prezioak ere jaistea izan baita Trumpen kanpainako promes arrakastatsuena.
Ikusirik inflazioa apalduta zegoela, Erreserba Federala interes tasak jaisten hasi zen irailean. Baina Trumpen inguruko ziurgabetasun guztiak, azken enplegu datuak eta altxorreko bonuen errendimenduak kontuan hartuta, orain merkatuek uste dute Fedek ez dituela gehiago jaitsiko, erakunde horrek eragotzi egin nahi baitu Trumpek iragarritako politikek inflazioa berriz piztea.
Badira, hala ere, ekonomista batzuk pentsatzen dutenak ez dela inflazioaren igoera nabarmenik izango. Ben Bernanke Nobel saridunaren ustez, immigrante gutxiago izanez gero baliteke kontsumoa eta eskaria murriztea. Gero, ez dago argi Trump noraino iritsiko den muga zergekin, ezta ezartzen dituenen eragina berehalakoan nabarituko den ere. Hortaz, Bernankeren aburuz, oso litekeena da lehendik ezarritako zerga murrizketak luzatu besterik ez egitea, zor publiko handiak aukera gutxi uzten du-eta diru sarrerak are gehiago jaisteko.
Zorra oztopo?
Hain zuzen, defizitak eta zorra dira Trumpen asmoentzako oztoporik handienetako bat, gobernu federalak zor muga argi bat du eta: legez ezarrita dago zenbat zorpetu daitekeen. Janet Yellen bihar arte Altxorreko idazkari izango denaren arabera,baliteke AEBetako Gobernua datozen egunetan heltzea muga horretara —joan den astean 36 bilioi dolarretik gora zegoen—. Eta, teorian behintzat, errepublikanoak dira gehiegizko defiziten aurkaririk handienak.
Joseph Stiglitz Ekonomiako Nobel saridunaren ustez, defizitari eta zorrari begira aritmetikoki ezinezkoa da Trumpek zergak apaltzea zorra handitu gabe. Gastuak jaistea litzateke defizita handitu gabe sarrerak murrizteko modu bakarra.
Defizitaren auziari heltzea omen du helburu Elon Musken DOGE gobernuaren efizientziarako sasi-departamentua. Hasieran, Muskek hitzeman zuen urtero gastu federala bi bilioi dolar gutxituko zuela, defizita ezabatuko zuela alegia. Orain esaten ari da asko jota bilioi bat izango dela, baina inork ez daki nola egingo duen, egiten badu.
Eta hori da Trumpen eta harekin batera daudenen politika ekonomikoari buruzko ziurtasun bakarrenetakoa, oraingoz: ziurgabetasuna dela nagusi. Nondik joko du Trumpek? Esaten dituen gauza horietatik zenbat egingo du?
Beste ziurtasun bat ere badago, gaur-gaurkoz: AEBetako ekonomia, orokorrean, bikain dabil —alde batera utzita desberdintasun sozialak izugarri handitu direla, noski—: inflazioa apalduta dago, produktibitate datuak onak dira, aspaldiko enplegu datu onenak erregistratu dira...
Hori erakusten dute grafikoek, baina Trumpi ez zitzaion komeni halakorik agerian jartzea kanpainan; are, ez zitzaion baliagarria bere asmoak betetzeko. Adibidez, CNNren arabera, pentsatzen ari da «larrialdi ekonomiko nazionala» deklaratzea muga zerga orokorrak legezko izan daitezen.
Halakoak ikusita eta jakinda Trumpek eta haren aliatuek zer joera duten errealitatea eta datuak distortsionatzeko, kezka ere agertzen ari da ekonomisten artean, administrazio berria ez ote den hasiko datu ekonomikoen eta errealitate ekonomikoaren marrazki faltsuak zabaltzen, datu onak distortsionatzeko edo datu txarrak ezkutatzeko.