Txakolin gutxiago estatubatuarrentzat

AEBak dira txakolinaren nazioarteko merkaturik garrantzitsuena. Sektorean uste dute esportazioak gutxitu egingo direla iazko uzta txikiagoaren eta muga zerga posibleen ondorioz.

Hiruzta upategia, Hondarribian (Gipuzkoa). BERRIA
Hiruzta upategia, Hondarribian (Gipuzkoa). BERRIA
Estibaliz Navarro Argaz
2025eko otsailaren 4a
05:00
Entzun

Brexit-az geroztik, AEBek Erresuma Batua ordezkatu dute Hego Euskal Herriko esportazioen jomuga handienen hirugarren lekuan. Erregaiak, hodiak, makinak, ehizarako eskopetak eta abar saltzen dituzte gehien euskal enpresek Atlantikoaren bestaldean, baina bada beste sektore bat arretaz begiratzen diona muga zergen auziari: txakolinarena.

AEBak dira kanpo merkaturik garrantzitsuena txakolindegientzat. Getariako Txakolina sor-markako hamar botilatik batek hango mahaietan bukatzen du. Txakolin jatorri-izen handienak bost botilatik bat saltzen du atzerrian, eta horietatik %60 joan izan dira azken urteetan Atlantikoaren beste aldera.

Arabako Txakolinak, berriz, botilen heren bat-edo esportatzen du, eta Bizkaiko Txakolinak, %5 inguru.

Azken asteetan AEBetako ardo inportatzaile askok aurrea hartu nahi izan diete Trumpen muga zergei, eta ohi baino ardo gehiago erosi dute Europan. Txakolinaren kasuan, ez da aldaketa nabarmenik ikusi Iker Zubia Hiruzta upategiko zuzendari komertzialak. «Aurreko aldian, inportatzaileak asko kargatu ziren; ardo hori guztia ordaindu behar izan zuten, eta horren ondorioz asko sufritu zuten. Beraz, oraingoan batzuek ez dute berdin jokatu». 

Eskariak aurreko urteetakoen parekoak dira oraingoz Ameztoirentzat, eta aurrerago zer gertatuko den ez dakitela aitortu du Naiara Etxegoien Zarauzko txakolindegiko administratzaileak. Gogorarazi du Trumpek bere lehen agintaldian ere %25eko muga zergek jarri zizkiela Europako ardoei, eta horrek kalte ekonomikoa eragin ziela. Haien kasuan, erdi eta erdi banatu zuten muga zergaren kostua.

Errealitate berrira egokitzen

Trumpek iragarri du aurrerago jarriko dizkiela aduana tarifa handiagoak Europako Batasuneko produktuei ere. Horrek han gutxiago saltzea ekarriko luke, baina ez da faktore bakarra esportazioak gutxitzeko. Zubiak azaldu duenez, 2024ko uzta aurrekoa baino txikiagoa izan da, eta horrek ezinbestean ekarriko du Estatu Batuetara bidalitako kantitateak murriztea. «Lehengo urtean, demagun, inportatzaile batek 20.000 botila hartu baldin bazituen, aurten gutxi gorabehera guk 15.000 eskaini dizkiogu, ez baitugu ardo gehiagorik. Eta hori ez da bakarrik Hiruzta upategian soilik gertatu: hori txakolinaren sektore guztiari pasatu zaio». 

Bestalde, upategiak merkatu alternatiboak aztertzen ari dira, AEBetan izan daitezkeen galerak konpentsatzeko. Japonia, Norvegia, Frantzia, Erresuma Batua eta Alemania aipatu ditu Zubiak, baina baita merkatu lokala ere, Madril besteak beste.

«Lehengo urtean, demagun, inportatzaile batek 20.000 botila hartu baldin bazituen, aurten gutxi gorabehera guk 15.000 eskaini dizkiogu, ez baitugu ardo gehiagorik»IKER ZUBIAHiruzta txakolindegiko zuzendari komertziala

Edonola ere, Zubiak uste du txakolinak etekin bat atera ahal diela muga zergei: «Trumpek muga zergak igo behar baldin baditu, Europako herrialde guztiei igoko dizkie teorian, eta, normalean, bai Frantziako ardoa eta baita Italiakoa ere Espainiakoa baino garestiagoa da; beraz, kasu askotan kontsumitzaileek ardo merkeagoak kontsumituko dituzte, eta hor aukera on bat dugu». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.