Txinak %84ko muga zerga batekin erantzun dio Trumpi

Gauerdiaz geroztik, AEBetan sartzen diren salgaiek %10eko zerga dute; %20 Europako Batasunekoak badira, eta %104 Txinakoak badira. Bruselak gaur onartuko ditu erantzuteko lehen neurriak. Eta Eusko Jaurlaritzak ere gaur iragarriko ditu bereak.

Edukiontziak Alemaniako portu batean. FILIP SINGER / EFE
Edukiontziak Alemaniako portu batean. FILIP SINGER / EFE
aitor biain
2025eko apirilaren 9a
09:20
Entzun 00:00:0000:00:00

Merkataritza gerra hasi da, oraindik hasteko bazegoen. Gaur goizaldean sartu dira indarrean Ameriketako Estatu Batuek mundu osoko inportazioei jarritako muga zergak: %10eko zerga orokorra izango dute gaurdanik aduana igarotzen duten produktuek. Europako Batasunekoak badira, berriz, %20koa, eta Txinatik inportatutakoak badira, %104koa. Aurreko astean sartu ziren indarrean autoei, altzairuari eta aluminioari ezarritako %25eko muga zergak, eta horiei erantzuna emango die gaur EBk. Txinak ez du itxaron nahi izan: %84ko tarifa jarri die AEBen inportazioei.

Indarrean dira Trumpen muga zergakIkus-entzunezkoen lantaldea


AEBetako presidenteak, Donald Trumpek, goitik behera aldatu du nazioarteko merkataritza, eta haren ondorioak oraindik doitzeko dauden lurrikara bat eragin du mundu osoan. Finantza merkatuetan islatu dira lehen zantzu batzuk, beherakada handiak izan baitituzte burtsek azken egunetan. Odolustu egin dira, eta bertan kotizatzen duten enpresek milioiak galdu dituzte baloreen kapitalizazioan, hala AEBetan nola mundu osoko merkatuetan.

Izua eta kezka eragin dituzte muga zergek, historian aurrez izan diren krisi ekonomiko handien pare. Gero eta ozenago entzuten baita atzeraldi ekonomiko baten oihartzuna. Inor ez dago salbu, funtsean inork ez baitaki zer gertatuko den. Burtsak dira horren erakusle, beste behin; gaur ere beherakada handiak izan baitira Asiako merkatuetan. Tokion, Nikkei indizeak %4 egin du behera, esaterako. Europan ere zenbaki gorriak dira nagusi: goizaren erdian %3ko galerak pilatzen ari dira.

59

 

BRENT UPELAREN PREZIOA, DOLARRETAN. Brent upelaren prezioa amildu egin da gaur berriro —%6 egin du behera—, eta 60 dolarreko mugaren azpitik kokatu da. Apirilaren 2an, Brent upela 75 dolarrean salerosi zen.

Bada, gainerako herrialdeek erantzun egingo zutela aurreratu zuten. Ezinbestean, beren ekonomiak eta enpresak babestu nahi bazituzten. Txina izan zen kontraerasora jotzen lehena, baina are gehiago tenkatu zuen AEBekiko harremana, eta horrek ekarri du Trumpek hiru muga zerga berezi kateatu eta guztira %104ko tarifa ezartzea handik AEBetara doazen produktuei.

AEBetako presidenteak, ohi duen dotorezia ezarekin, aldarrikatu du herrialde askotako liderrak deika ari zaizkiola: «Ipurdia miazkatzen ari zaizkit», haien aurkako muga zergak kentzeko eskatzeko. «Itun bat egiteko erreguka ari dira. "Mesedez, egin dezagun itun bat. Edozein gauza egingo dut. Edozein gauza egingo dut, jauna"», esan du, atzerriko buruzagi baten ahotsa imitatu nahian, atzo gauean alderdi errepublikanoaren ekitaldi batean.

 

Burtsen amiltzeak eta orain arte aliatu izan dituen batzuen kexuak ez dutela bere bidetik baztertuko aldarrikatu du Trumpek. «Badakit zer arraiotan ari naizen», esan du, eta helburua AEBetara industria berriro eramatea dela berretsi du. «Harro nago langileen presidentea izateaz, eta ez ekoizpena kanpora eramaten dutenena; Kale Nagusiaren alde borrokatzen duena, eta ez Wall Streeten alde».

Txinaren jarrera irmoa

Baina erreguka joan zaizkion artean ez dago Txina, AEBekin harreman komertzial handiak izan arren, harekin munduko potentzia ekonomiko nagusia izateko lehian dagoelako eta, hortaz, ez dagoelako inoren aurrean makurtzeko.  Txinak «borrokari azkeneraino eusteko» asmoa agertu du, eta mezu horri eutsi dio gaur ere. «Txinaren subiranotasuna, segurtasuna eta garapenerako eskubideak bortxaezinak dira. Geure interes eta eskubideak babesteko neurri irmoak hartzen jarraituko dugu», esan du Atzerri Ministerioaren eledunak, Lin Jianek. Merkataritza gerrarik ez duela nahi nabarmendu du Linek, «baina beharrezkoa bada, aurre egingo diogu».

Hain justu ere, AEBen %104ko muga zergari bere tarifa propioa %50 handitzearekin erantzungo diola iragarri du Pekinek. Horrek esan nahi du AEBetako inportazioei %84ko tarifa ezarriko zaiela, aurretik ezarritako %34ko tarifari gehituko zaiolako. Bihar, hilak 10, sartuko dira indarrean muga zerga horiek. Pekinek mezu zuzena igorri dio Washingtoni modu horretan, baina funtsean bi potentzien arteko gerrak beste koska bat gora egitea esan nahi du.

Izan ere, Txina joko luzerako prestatzen ari da. «Auzo herriekin lotura estrategikoak sendotu behar ditugu», aldarrikatu du Xi Jinping Txinako presidenteak. Bizilagunekin «inoiz baino hobeto» konpontzen dela ziurtatu du Xik, eta hornidura kateak sendotzen jarraitu behar dutela gaineratu du.

EBren lehen erantzuna, gaur

Txinaren aldean, zuhurrago jokatzea erabaki du Europako Batasunak. Negoziazioaren atea irekita daukala erakutsi zuen herenegun berriro, industria gaietan AEBei %0ko muga zerga eskainita. Trumpek ezezkoarekin erantzun zion atzo, ordea. Horren aurrean, Brusela ez da ezer egin gabe geratuko, eta hark ere txanpon berarekin erantzungo die AEBei.

Gaur bertan etorriko da lehen erantzuna, AEBek altzairuaren eta aluminioaren inportazioei jarritako %25eko muga zergaren erantzuna bozkatuko baitute ministroek, eta, onartuz gero, datorren astean EBk aduana tarifak handituko dizkio AEBetako hainbat produkturi. Haien artean ez da izango Kentuckyko bourbona, EBko ardo eta pattarren industriak espresuki eskatuta.

Aldiz, zerrendan daude lurrinak, naipeak, eraikuntzarako materiala, etxetresnak, altzariak, oinetakoak, mineralak, zigarroak, kafea, arroza eta beste batzuk. Denera, 1.600 produktu baino gehiago ageri dira zerrendan. EBk 26.000 milioiren inportazioei jarri nahi zizkien muga zergak, baina azkenean horren azpitik geratuko da, Washingtonekin soka gehiegi ez tenkatzeko. 

Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidentea eta Maros Sefcovic Europako merkataritza komisarioa gaur Bruselan.OLIVIER HOSLET / EFE
Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidentea eta Maros Sefcovic Europako merkataritza komisarioa, gaur, Bruselan. OLIVIER HOSLET / EFE

Datorren astean, berriz, Bruselak beste muga-zerga sorta bat aurkeztuko du, gaur indarrean jarritako %20ko muga zerga gehigarriari erantzuteko. Proposamena gobernuen mahaira pasatuko da gero, baina, haiek ontzat hartuta ere, ez dira maiatzera arte indarrean jarriko, Bruselak denbora eman nahi baitio Washingtoni «benetako negoziazio bat» hasteko.

Jaurlaritzaren neurriak

Gertuago, Eusko Jaurlaritzak ere gaur iragarriko ditu neurriak, Industriaren Defentsarako Taldeak Miñaon (Araba) egingo duen bileran. Gasteizko gobernuak ekintza plan bat landu du, eta babes neurriak hartuko ditu muga zergek kalte egingo dieten enpresei laguntzeko. Atzoko gobernu bileran onartu zuen neurri sorta bat, eta lehendakariak gaur arratsaldean emango ditu xehetasunak.

Maria Ubarretxena Jaurlaritzaren bozeramaileak atzo aurreratu zuen Jaurlaritzak laguntzak emango dituela enpleguari eusteko, finantzaketa errazteko, merkatu berriak bilatzeko eta ikerketa eta berrikuntza sustatzeko. COVID-19aren pandemian edo Ukrainako gerra abiatu zenean hartu ziren antzeko neurriak izango dira.

Izan ere, Jaurlaritzak kalkulatu zuen 400 milioi euroko kaltea egingo diela AEBetara esportatzen dituzten enpresei. Kopuru hori 1.200 milioi eurora handitu zuen atzo, zuzenean ez ezik zeharka ere nozituko baitira muga zergen ondorioak ekonomian.

Nafarroako Gobernua ere neurriak prestatzen ari da, baina oraingoz ez du ezer iragarri. Espainiako Gobernuak bihar merkataritza arloko sektore arteko bilerara deitu ditu erkidegoetako gobernuak, eta, Mikel Irujo Nafarroako Industria kontseilariaren arabera, nahiago dute zer proposatzen dien ikusi arte itxaron. «Nahiago dugu mahai gainean informazio guztia izan eta horren arabera, pentsatzen hasi zer neurri har ditzakegun hemen Nafarroan».

Espainiako Gobernuak ere prest ditu sektorerik kaltetuenentzako babes neurriak. Ez dira laguntza zuzenak izango, maileguak baizik, eta esportazio bolumenen arabera banatuko dira. Litekeena da, beraz, zati bat Hego Euskal Herriko enpresetara iristea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.