AEBen muga zergei «laster» erantzungo zaiela dio Bruselak

Martxoaren 12an sartuko dira indarrean altzairuaren eta aluminioaren gaineko %25eko muga zergak. Von der Leyenen esanetan, «muga zerga bidegabeak ez dira erantzunik gabe geratuko». Sefcovic datozen egunetan bilduko da Lutnickekin.

Donald Trump AEBetako presidentea, atzo, Etxe Zurian. AL DRAGO / EFE
Donald Trump AEBetako presidentea, atzo, Etxe Zurian. AL DRAGO / EFE
Irune Lasa.
2025eko otsailaren 11
10:05
Entzun

AEBak gerra komertzial betean sartu dira, Donald Trumpek bart altzairuaren eta aluminioaren gaineko %25eko muga zergak ezartzeko agindu exekutiboa sinatu ostean. «Ez da salbuespenik egongo, eta herrialde guztientzat izango dira», esan du.

Hori da AEBetako presidentearen abiapuntua negoziazioetarako. Izan ere, lau asteko tartea zabaldu da orain, muga zerga horiek martxoaren 12an sartuko baitira indarrean. Eta herrialde askok ahaleginak egingo dituzte nolabaiteko tratuak egiteko Trumpekin.

Hainbat herrialde hasiak dira elkarrizketa horietarako bideak zabaldu nahian, tartean Europako Batasuna. Maros Sefcovic Europako Batzordeko Merkataritza komisarioak, esaterako, iragarri du «datozen egunetan» bilduko dela Howard Lutnick AEBetako Merkataritza idazkaria izango denarekin —haren izendapena berresteko dauka oraindik AEBetako Senatuak—.   

Halako jokaldiak jada egin behar izan dituzten bi herrialderi eragiten diete gehien muga zerga berriok: Mexikori eta Kanadari —azken honi aluminioarengatik, bereziki—.

Gehiago izango dira

Hori bai, Trumpek aurrera segitu nahi du hasitako bidean. Muga zerga gehiago nahi ditu, eta azaldu du datozen asteotan aztergai izango duela sendagaien, autoen eta txipen gaineko muga zerga gehiago ezartzea. «Hau inportantea da, AEBak aberats egingo baititugu berriz».

Europako Batasunean ere igarriko dira altzairuaren eta aluminioaren gaineko muga zergak baldin eta bere horretan ezartzen badira. Alemania, Herbehereak, Belgika, Suedia, Luxenburgo, Frantzia eta Espainia dira AEBetara altzairu gehien esportatzen duten EBko herrialdeak.

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak gaur goizean erantzun dio Trumpen aginduari. «Zinez sentitzen dut AEBek erabaki izana Europako altzairu eta aluminio esportazioei muga zergak ezartzea. Muga zergak zergak dira. Txarra da negozioentzat, eta okerragoa kontsumitzaileentzat», azaldu du Von der Leyenek. «AEBen muga zerga bidegabeak ez dira erantzunik gabe geratuko, kontrako neurri irmo eta proportzionalak abiaraziko dituzte. Europako Batasunak bere interes ekonomikoak babesteko jardungo du. Gure langileak, enpresak eta kontsumitzaileak babestuko ditugu».

Europako Batasunaren erantzun hori «laster» etorriko dela esan dute Von der Leyenek eta Sefcovicek. Bruselak dagoeneko prest dauzka hainbat zerrenda eta aukera, aztertuko direnak baldin eta Trumpek muga zergekin aurrera jarraitzen badu. 

Bihar bertan EBko merkataritza ministroek bilera bat egingo dute bideo dei bidez.  

Euren kalterako

Kanadako Merkataritza Ganberako buru Candace Laingek esan duenez, aginduak argi uzten du etengabeko ziurgabetasunak luzaro iraungo duela. «Hala ere, Trump presidenteak Amerika garaile nahi badu, ez lituzke altzairua eta aluminioa zergapetu behar, ezinbestekoak baitituzte armadarako, manufaktura arlorako, eta espazio eta energia industriarako».

Ekonomista eta aditu askoren ustez, muga zerga horiek —bere horretan ezartzen badira— soilik AEBetako altzairu eta aluminio ekoizleei egingo diete mesede, zeinak ez diren bereziki handiak, adibidez, lanpostuen zenbatekoari erreparatuz. Aldiz, muga zergen eraginez kostuak asko handituko zaizkie AEBetako beste sektore industrial askori —hegazkin baten %75-80 aluminioa izaten da—. Beraz, baliteke lanpostu ugari arriskuan egotea horren ondorioz, eta baita inflazioa handitzea ere.

jaurlaritza, kezkatuta

«Mundua ixten ari da, desglobalizatzen, eta horrek eragina izango du gure enpresetan, haiek esportatzaileak direlako. Horregatik egoera larria da, eta min egingo die enpresei», esan du Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuak gaur AEBen muga zergei buruz. Sailburua kezkatuta agertu da, baina, haren ustez, zuzenean baino gehiago, muga zergen kalterik handiena zeharka iritsiko da, zergak eta haiek eragindako erreakzio eta erreboteen ondorioz hedatuko den ziurgabetasun egoeragatik. 

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.